kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Olerki solteak / Jesus Etxazarraga / Leopoldo Zugaza, 1978

Olerki solteak Jon Kortazar / Jakin, 1979-06

Sarrera

“Olerki solteak” Jesus Etxezarragaren lehen liburua da. Nahi ta nahi ez, espektatiba liburu gertatzen da: oraindik den guztia zabaldu ez duen, baina bere bereak dituen tendentzia batzu agertzen dituen olerkari baten aurrean gara.

Titulua bera da nahiko irakurleari poeta berri baten aurrean dagoen susmoa sortzeko. Olerki solteak izena, alde batetik, konkretutasun gabea da eta, bestetik, (liburua atalean zatiturik egon arren) estruktura falta iragartzen du.

Liburua, olerki txiki batekin hasten da. Eta honek bai ematen duela argi liburuaren giroa! Sarrerako olerki honetan daude liburuaren giltza nagusiak. Nire ustez, idazlearen olerki mundua definitzen da, olerki txiki honetan, nahiz eta mundu horren definizioa oso txikia izan, olerkiaren luzerak ez bait du gehiagotarako ematen. Hau dateke definizioa:

1. – Idazlearen mundua eskaintzen da: “nire zeru ttipia”, mundu horren apaltasuna aitortuz.

2. – Mundu hori Euskal Herriko ikuspuntutik begiratua izatea: “txapel haundi/beltz”.

3. – Olerkiak giro pertsonal batetan sarrarazten gaitu, batez ere “nire” posesibo horren bidez.

1. Etxezarragaren olerkigintza

Idazlearen olerkigintza karakteristika batzutara beldu behar banu, hauexek lirateke:

Liburua, askotan, idazlearen bizitzari lotua dago. Edo, hobeto esateko, liburuaren gai nagusia Etxezarragaren bizitza da. Honela bada, poesia existenzialistaren mugetatik abiatzen da Etxezarraga. “Hitza” eta “Etorria” deituriko atalak (liburuaren barruan batasuna gordetzen duten atal bakarrak) dira diogunaren exenplu. Baina ez horiek bakarrik. “Barren haritik” deitzen badu beste atal bat, argi dago berea duela “barren” hori.

Lau ataletan bana dezakegu poesia pertsonal hau:

1.1. Hitza deitu atalean, olerkariak bere olerki bidegintzaren norabide batzu ematen ditu. Bere olerkigintzari buruzko erreflexio bihurturik.

Modernista usain pixka bat duten olerki batzurekin irekitzen du liburua: metafora finez burututako poemak, baina poeta berri batenak. Hurrengoetan zabaldu egiten da hitz humil eta lotsakor hori. Bere ereduak (Lete, Lasa, Aresti eta Barandiaran) aitortzen ditu, eta hitz poetiko horri funtzionaltasun bat ematen zaio “jakinarazi…/gure herriaren/zori gaiztoak” (15. or.).

1.2. “Etorria” atalean, poesia narratibo batetatik abiatzen da. Nik uste, “Bihotza astrillaturik” deituriko poema da liburu osoan ahulenetarikoa. Estruktura paralelo xinpleegiak lirikan klabe narratiboa erabiltzeak eta paralelismoa larregi mantentzeak poema irregular bat egin dute. Aurrekoan poema salbatzen zuen tono epikoa erabiltzen zuen. Tono epiko hau galtzearekin, behera etorri da poema.

1.3. Etxezarragaren poesia pertsonala, inpotentzia bihurtzen da momentu batzutan. Ezin horrek existentzialista bihurtzen du horren poesia. Kontradikzioz, inposiblez, estrukturatutako poema eder batzu idazten ditu. “Saldrapo zelaiko” izan liteke horien tan onena.

1.4. Poesia soziala ere ukitzen du idazleak; gure Herriaren historia diren emigrante, gudari, eta Euskal Herriko erdal herrien (Toloño) gaiak ukituz.

2. Etxezarragaren estiloa

Estiloa definitzea oso zaila da. Liburuan agertzen diren elementu linguistiko guztiez egina bait dago. Eta definitzeko, guztion estudio zehatza behar bait genuke. Eta ez da hori, gainbegiratua eman behar duen lan baten helburua. Errazagoa dugu estiloari buruz gainetiko inpresio bat ematea. Nirea, elementu hauen araberakoa da:

2.1. Etxezarragak, nahiz eta oraindik “egina” dagoen idazle bat ez izan, poemak ondo estrukturatzen ditu, idatzi aurretik poemak sakontzen dituen idazlea dugu. Erabiltzen dituen gaien sakontasunean aurki dezakegu hau. Beste arrazoi bat ere badago: poesia topiko batzuren alboan, bere-beretik ukitzen ditu gaiak, beti ikuspuntu orijinala bilatuz. Etxezarragaren poema asko, sorpresa bihurtzen dira.

2.2. Bestalde, baserri aldean hezitako imaginazio mundua darabil. Zorionez, ahaztua du baserriaren bukolikotasuna, baina, dena dela, ikuspuntu hori darabilte horren poemek. Izadiaren arrastroaz taxuturiko olerkiak dira.

Hau frogatzeko, hiru arrazoi otuten zaizkit:

1. – Kanpo semantiko batzu egingo bagenitu gain-gainetik, laister egingo genuke naturaltasuna eta izadi kutsua dituen kanpo semantikoa. Lurra, zerua, itsasoa, landareak, patina, oso giro natural eta izadiagaz zerikusi handia dutenak dira.

2. – Uka ezina da hiri giroan desarroilatzen diren poemak ere badirena. Hiru aipa ditzakegu: “Santutxuko aldapan”, “Via Crucis” eta “Via Viejako haur”. Nire ustez, lehena da liburuan dagoen poemarik ahulena (estruktura faltaz, elementu ezberdinen pilaketak ez du ezer lortu). “Via Crucis” iluna gertatzen da. “Via Viejako haur” izan daiteke hiruretan aipagarriena. Hiriko poemen indar faltak ere, kontrastez, indartu egiten ditu izadi kutsukoak.

3. – Liburuaren hasieran, Barandiarani zor diona aitortzen du idazleak. Ez dut uste influenzia hau nolanahikoa denik. Nire ustez, liburuan badaude euskal sineskeriei, euskal ohiturei buruzko aipamenak. Hauek ere indartu egiten dute aipatutako tendentzia.

2.3. Estiloaren barruan aipatu beharrekoa da, halaber, Etxezarragak erabiltzen dituen tono ugariak. Ez da tesitura bakarreko olerkaria. Nire ustez, tono bi agertzen dira nagusi: gorago aztertua geratu den ezina, eta liburuan zehar askotan agertzen den ternura.

3. Etxezarragaren akatsak

Komentario honetan esana dugu jadanik, idazle berri bat dela. Horregatik ez da harritzekoa akatsak izatea.

Nire ustez, hauesek dirateke inportanteenak:

3.1. Liburuaren lehenengo olerkietan (denboraz ere lehenak direla ematen du) gaia: hitza, sakontasunik gabe erabiltzea. Oso azaleko tonoa darabil. “Hotzak” geratzen dira, hurrengo poematik urrun. Nire ustez, hutsok karakteristika bitan biltzen dira: Tradizio modernista jarraituz, poema laburrak egitea (liburu guztian ez dago hair laburrik), eta forma gaia baino gehiago begiratzea.

3.2. Giro urbaroan kokaturiko olerkiak, lehen ere komentatu dut, ahulak iruditzen zaizkit. Beraz, gai hau berriz ukitzekotan, sakondu eta desarroilatu egin beharko du.

3.3. Etxezarragak iluntasunean jausteko arriskua du. Poesia pertsonal baten aurrean gaudela esan dugu. Poesia pertsonal hori eraikitzeko, bere bizitzan zerikusia duten izen, leku izen, pasadizuak erabiltzen ditu askotan. Izenok inportanteak dirateke idazlearentzat, baina irakurlearentzat ilun gerta daitezke izenok (Mikel, Saldrapo, Latasa) eta erreferentzia pertsonalok. Argitu egin behar zituen.

Beste arrazoi bategatik (eta honek niretzat ez du kritikagai izan behar), poesia batzuk zail egiten dira, batez ere liburuaren azkenengoak. Zailtasun hori, batzutan, sakontasunaren fruitu da; beste batzutan, konkrezio faltarena.

3.4. Liburuan gutxitan entseiatzen da poesia narratiboa. “Bihotza astrillaturik” da generoan aipagarriena. Eta zerbait falta du. Klabe narratiboak ez dio indarrik eman poemari.

3.5. Ez dakit oraingo hau akatsa denik, baina gutxienez liburuan faltan aurkitzen den zerbait da. Heriotza presente dago liburuaren pasaje zenbaitetan. Olerkariarentzat gai inportantea dela esan nahi du honek. Eta… zergatik ez dio olerki oso bat eskaini? Pixka bat arraro egiten da.

3.6. Gorago idatzia geratu da, asko pentsatzen duen idazle baten antza ematen duela Etxazarragak, eta poemak ondo estrukturatuta eskaintzen dituela. Hurrengo liburuan, nik uste, liburuaren barne egilura kontutanago hartu beharko luke.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak