« “Ipurtargi beltza” | Gauerakoan »
Etiopia / Bernardo Atxaga / Pott, 1978
“Etiopia”ren estiloaz oharrak Jon Kortazar / Jakin, 1984-06
Ezinezkoa da idazle baten estiloa deskribatzea, textu bat halako edo honelako idazlerena dela igerrerazten diguten ezaugarri minimoak identifikatzea, poesiak gugan sortzen duena azaltzea, poesia zentzu poetiko batez ulertzen ez badugu. Idazle batek honela edo horrela idazten duela konstatatzen dugu, era bateko zein besteko hitzak erabiltzen dituela edo ez dituela erabiltzen.
Horregatik, arriskutsua egiten zait idazle baten estiloa zein den idaztea; askotan, gogorregia, baldin sentitua, erdi-ikusi eta barruntatua mingarriki deslizatuko balitz; eta beti, airezko eta usainezko pinpilinpauxa den estiloa xedera artetik ihes egiten ikusten da.
Alferrikako lana litzateke, beraz, arrazoi “didaktikoak” tarteko ez balira.
Orain arte idatzi ditudan liburuei buruzko nere eritzietan (ez naiz kritika deitzen ausartzen), beti utzi izan dut estiloazko oharrentzat tokitxoren bat, hizkera erabiltzeko moduari buruzko berri laburrentzat. Berri eta oharrok urriak ziren, bistakoa denez eta norbaitek gogoratu didanez. Honi eskertu beharko oraingo lan hau, kritika hori izan bait da lanari ekitera bultza nauena.
Etiopia hartu dut estiloari buruzko saio honetarako. Aspaldi irakurria dudan lana izateaz landa, biziki maite dut, eta nolabaiteko ezaguera batera heldua naiz: ez zait, ikuspegi honetatik, ezezaguna gertatzen Etiopia.
I. “Etiopia” eta Europako literatura
1. Literatura literaturaren barruan
Gaur egungo literaturgintzan eta kritikan maiz aipatzen den baliapide hau argi nabari da B. Atxagaren Etiopia-n. Eragin batzu autoreak berak aipatzen dizkigu: Schwob (37. or.), Lauaxeta (73. or.), Lizardi (75. or.), Rimbaud (75. or.), Mirande (97. or.), Etxahun (107. or.). Baliapide honen muina, noski, ez dago aipatze hutsean; literaturazko erabileran dago berritasuna. Idazle batzuk gugan sortu dutenari omenaldi bezala aipatzen da hainbat idazle eta pasarte. Literaturak gugan egindako zartadaren birsortze estilistikoa bilatzen da. Bestalde, ez da literatura bakarrik erabiltzen xede honetarako: edozein fikzio-motak balio du horrelako ispilu-efektua (fikzioa fikzioaren barruan), laberinto-efektua lortzeko. Ho rrela, zineari eta zine-aktoreei buruzko aipamenak garrantzitsuak dira Etiopia-n.
Beste aipamen batzu, berriz, ez dira hain ezagunak: zitatu gabe erabilitako hainbat pasarte eta ideia dago. Euskal erromantzeek eragin handia dutela esatean, liburuaren klabeetako baten aurrean gaudeke, agian. Nobela beltzari hainbat apelazio egiten zaio; XX. mendearen hasierako idazle bidaiarien detaileak lanaren giroa sortzeko erabili dira. Azken iturri biok expreski ere aipatzen dira (ik. Humphrey Bogart eta Daniel Hammett-enak): gehienetan, girotzeko erabiltzen dira, usain bat edo sortuz.
Gauza bera egin du Carlos Alvarez-ek, Espainiako poeta bat aipatzeko. Haren Museo de Cera-ren eta B. Atxagaren poemagintzaren artean badago paralelo bat edo beste, aski argia.
Amaitzeko, ez nuke Marcel Schowb ahaztu nahi; honen zita nagusi bat dagoke Etiopia-ren oinarrian. Esaldi hori, matazaren hari bezala, ideiaren sorleku bezala, kosmobisioaren zutabe bezala ageri da. Area desberdinetako bederatzi zirkuluk osatzen dute, azken batean, Etiopia.
Literatura, bada, erabili egiten da; gorago esan bezala, bi helburu argirekin erabili ere: fikzioaren barruan fikzioa sartuz, desoreka eta sorpresaren etektuak bilatzen dira; eta omenaldi-gisako bat lortzen da, maite ditugun idazleen giroak eta esaldiak birsortuz.
2. Irudia
Friederich-ek hala diosku XX. mendeko lirikari buruz: “El acceso a la lírica europea del siglo XX no es cosa fácil, en cuanto ésta se expresa por medio de enigmas y de misterios… el lector sufre una experiencia que, incluso antes de que él se dé cuenta le aproxima extraordinariamente a un rasgo esencial de su lírica. Su oscuridad le fascina en el mismo grado que le aturde, y la magia de sus palabras y su aura de misterio le subyugan, aunque no acierte a comprenderlas”. B. Atxagaren Etiopia-ri hurbiltzeko egokiak direla uste dut goiko hitzok.
Ez da poesia erraza, irudian oinarritzen den poesia bait da. Eta irudiaren ezaugarririk nabarmenenak hauek dira: maila abstraktuan, ekibokotasuna: irakurketa-posibilitate irekiak, esanahi bakarrik eza eta, azken batean, interpretazio-beharra; irudia ez bait da unibokoa, irakurleak osatu behar du irudiaren esanahia berak ematen dion zentzuarekin. Esan gabe doa, ulerpen-prozesua subjektiboa dela.
Bigarren, eta maila sentsitiboan, bisualizazioa, musikaltasuna eta beste balio sentsitiboak aportatzen ditu irudiak. Adibide batez azalduko dugu:
begira eginen berriro masustei
bezalako bertso batean, hor daukagu ikusmenaren agerpena (“begira” aditzean eta “masusta”ren “more” epiteto kolorezkoan); musikaltasuna, aliterazioaz lortzen da (bokalikoa dugu hemen garrantzizkoa, lehen hiru hitzen bokalekin serie bat osatzen delarik); agian —oso dudazkoa da hau—, balegoke usaimenaren aipamenen bat ere. Nolanahi ere, eta hau da garrantzizkoa, irudi sinboliko askatu bezala funtzionatzen du textuan “masusta”k, eta irakurleak bere sentsazioak ditu.
Hirugarren: Zeinu linguistikoak, D. Alonso-k esaten duenez, gure afektibitatea ukitzen duten sinboloak dira; edozein adierazlek sortzen ditu gugan nolabaiteko “oihartzun afektibo” batzu. “Adierazle-sinbolo”etan badaude idazlearen gurari batzu: batak poemaren autonomiarekin du zerikusirik, besteak disonantziarekin; hau da: badago munduaren (errealitatearen) eta poemaren arteko zubi bat: “[Uso] un estilo inquieto, que trata de dislocar cuanto sea posible la correspondencia entre los signos y lo designado”. Zubi hori, irudiaren bitartez lortzen da adierazlearen aldetik; adieraziarenetik, berriz, irakurlearen oihartzun afektiboen bitartez. Horregatik, “el lector no se siente seguro, sino alarmado”.
Egoera larri batean daukagu, beraz, irakurlea. Horixe da, azken batean, Etiopia-k adierazi nahi duena: munduaren aurrean idazleak sentitzen duen ziurtasun-falta, dekadentzia, irakurleagan sorreraztea.
3. Idazlearen “nia”ren ausentzia
Honelako poesia idazten duenak ez digu bere nortasun, sentimendu edo errealitaterik deskribatuko. “Según una definición derivada de la poesía romántica (y erróneamente generalizada) la lírica suele ser considerada como el lenguaje del sentimiento, del alma personal… Precisamente es esa familiaridad comunicativa lo que el poema contemporáneo trata de evitar. Este prescinde de la humanidad en el sentido tradicional de la palabra, de la vivencia, del sentimiento y a menudo incluso del yo personal del poeta, el cual no participa de su poema como individuo privado, sino como inteligencia que crea poesía, como operador de la lengua, como artista que ensaya las distintas fases de la transformación de su fantasía soberana o de su irreal manera de ver una materia cualquiera e insignificante en sí misma”.
Honek ez du esan nahi errealitatearekiko loturarik ez dagoenik. Planteamendu bezala, ostera, poesia deshumanizatu batetara garamatza. Ezaugarri hauek, honda zehazten dira Etiopia-n:
1. Lirikaren ezaugarri nagusitzat hartu ohi dugun lehen pertsona gramatikalaren desagertzea.
2. Nolabaiteko tonu narratibo bat erabiltzea. Poemak ez dira narrazio, baina pertsonaia batzu daude, olerkariaren irudia ez beste izaki batzu.
3. Poetaren ofizioari buruzko eritziak.
II. Europatik euskal literaturara
Etiopia-ren estiloak XX. mendeko Europako lirikarekin zerikusi handia duen arren, baditu, era berean, ezaugarri linguistiko berezi batzu, B. Atxagaren obratzat identifikatzera garamatzatenak.
Lourdes Otaegik esana duen bezala, badago hemen hiztegi berezi bat, B. Atxagaren hiztegia. Azalkeria bat aipatzeko, B. Atxagak, orain arte behintzat, beti “gehio” idatzi izan du. Jakina, puntu honek ez du garrantzi handirik, baina ezaugarri identifikatzaile bezala, besteek beste balio du. Horrelakoetatik hasi eta Etiopia-k proposatzen duen Weltanschaung-eraino, badira Bernardok oso bereak dituen notatxoak.
1. Dramatikotasuna
“Edonon aurki genezake dramatikotasuna” (45. or.) esaldiarekin hasten da Etiopia-ko ipuin bat. Egia esan, dramatikotasuna ez da ezaugarri originala; Europako lirikatik datorkigu: “Puede decirse que la poesía moderna posee un dramatismo agresivo, que impera en la relación entre los temas o motivos, más bien contrapuestos que yuxtapuestos, como domina también en la relación entre éstos y un estilo inquieto, que trata de dislocar cuanto sea posible la correspondencia entre los siglos y lo designado. Pero este dramatismo determina también la relación entre el poema y el lector, provocando un choque, cuya víctima es éste último”.
Duen garrantziak justifikatzen du zitaren luzca. Etiopia-ren kasuan, aipagarria da bigarren pertsonaren erabilera, dramatikotasuna adierazteko; baina ez hori bakarrik, zeren B. Atxagak ere kontrajarpenean oinarritzen bait du bere poesia. Originaltasuna, kontrajarpenaren erabileran dago, zalantzarik gabe.
1. Poetaren ofizioari buruzko ironiak Etiopia-ren poesiak duen garraztasunari kontrapuntua jartzen dio. “Piolet poeta lirikoari buruz zenbait apunte” eta “Adrilugisa” (115. or.) ipuinek humorismoa kontrajartzen diote poestaren seriotasunari.
2. Kontrajarpenaz baliatu izan da poemak egituratzeko: “Begira eginen berriro masustei”, adibidez, baieztapen/ukapen kategorikotan mugitzen da. Ik., baita, “Kain, Abel”.
3. Kontrajarpenak, azkenik, izen sintagmaren barnean ere agertzen dira, eta nahiko modu pertsonalean, nik uste. Estiloaren ezaugarri hau, izen eta izenondokoaren (zuzen nahiz zeharkako) artean mugitzen den indar batean ikus dezakegu. Adibidez: “herdoilaren tristezia” sintagman, konnotazio normaletik at dagoen elementu kontrastatzailea jarri zaio tristeziari; edo “esploradore nekatua”ren kasuan, contradictio in terminis bilakatzen da.
Adjektibazioaren arazo hau zabalagoa da. Ez dabiltza urruti sintagmaren ordenan egiten diren jokoak, hala nola hiperbaton bortitzak (“ekilibrista bihotzek”) eta izenondokoaren traslazioak (“hire aho multiplikatuaren antsiak”).
Dena dela, kontrajarpena ez da dramatikotasuna sortzeko bide bakarra. Hor dago pertsonaien patetismoa: kontrajarpenez ez baino pilaketaz baliatzen da puntu honetan B. Atxaga. Etiopia-ko pertsonaia guztiak galtzaileak dira: bizitzak garaituak, ez indar ekonomikoak. Giroa hiritarra da, baina, poesia sozialarekiko aldea markatzeko, ez dauka industriala izan beharrik.
Lope de Agirre aipa dezakegu B. Atxagaren prototipotzat. Pertsonaia tragikoa, marginatua (ugariak dira pertsonaiak, Hammet-en nobela beltzetakoak gogoratzen dituztenak), ametsez beterik hasia eta jadanik ametsok, desilusio bihurtuz, hilobiratu dituena.
hibaiari so berripaper saltzailea
hitz ezezagunen hiztegi batean bezala
bus txofer batzu bozeolari hilaz mintzatzen.
Oroz gain, ordea, guzti honek irakurleagan sortzen duen tentsioa dago. Inoiz esana dut, barrokoa iruditzen zaidala Etiopia: ez bakarrik kontrasteen erabileragatik, ezta ziurtasun-falta orokorragatik ere; baizik, ziurtasun-falta horrek literaturaren mugak gainditzen dituelako, irakurlearen kontzientzia ziurtasun-faltaz jabetzera daramalako.
2. Oroimena
Oroimenari egindako erreferentziak garrantzizkoak dira poetikz honetan: iragana oroimenari esker gaurkotu dezakegu. Eta iragan.. eta oraina gauza bera bilakatzen dira ikuspegi horietan. Gertatua maitasunez ikusten da.
Gai honi buruz, erdi ezkutuan argitara zuen B. Atxagak artikulu bat: ez da aldizkari-modu hori artikuluari ongien doakiona, ez bait da ezagutu izan; nolanahi ere, artikulu horretan adierazten duenez, iragana maitasunez ikusten da; eta urrunketak idealizazioa sortzen du.
Agian, badago horrelako idealizaziorik honelako estilo batean: paralelismo, errepikapen, eufonia eta joskera zabala erabiltzen duen estiloan, zentzuen bidez sartzen den estiloan.
Estilo hau, izen sintagman oinarritua iruditzen zait, hau da: izen sintagma luzearen matizazioan oinarritua. Hona adibide argia:
egun mudapen amaiezina infinitoa da
Ez da Etiopia-n agertzen zaigun lerrokada, baina bai bigarren bertsioa. Esaldiaren esanahia (infinitoa), alderdi formalez, esaldiaren luzetasunez indartua agertzen zaigu.
Izen sintagmaren nagusitasunak aditzaren jabegoa apurtu du. Gogora dezagun ia tono narratiboan mugitzen den poetika baten aurrean gaudena: narratibaren indarra ahultzeko formula dugu izen sintagmaren nagusitasuna.
3. Atenporalizazioa
Aditzak mugikortasuna adierazten duen artean, izenak esentzia adierazten du. Ezagunak dira esentziaren eta existentziaren arteko desberdintasunak filosofian.
Zer esanik ez, esentziaren mailan dabilkigu Etiopia. Ez bakarrik izen sintagma delako nagusi, baizik aditzarekin egiten diren jokuengatik ere. Nire ustetan, honetan datza B. Atxagaren hizkera poetikoaren berrikuntza. Linguistikaren aldetik, konposatua izanik, problemak planteatzen ditu euskal aditzak: elementu gramatikal batek (aditz laguritzaileak) luzatu egiten bait du esaldia eta, erritmoaren aldetik, haren eduki semantikoa hutsa delarik, errepikapen ahularen arriskutan jartzen bait du.
Horrela, arrisku horretan ez jausteko, idazleek soluzio desberdinak bilatu dituzte: Lauaxetak, kasurako, aditz soila aukeratzen du; B. Atxagak irtenbide ugariak bilatu ditu: ez, dira guztiak berriak (Xenpelar-ek erabiltzen zituen), baina berria da erabileraren ostean dagoena: kontzientzia poetiko argia eta arazo honi damaion irtenbide teknikoen ugaritasuna. Hona hiru:
1. Soluziorik soilena aditzaren desagertzea da:
Ainhoa, hile beilegi
ispilu ttipiaz orrazten.
Aditzaren faltak irudiaren betikotasuna, gelditasuna adierazten du. Erabilpide tekniko bezala, oso arrunta dugu elipsia, baina, kasu honetan, lorturiko gelditasuna dugu berritasunez jantzirik datorkiguna.
2. Bigarrena, hiperbatona dugu, aditz laguntzailea partizipioaren aurrean jartzea: hizkuntzaren normak ezezko perpausetan agintzen duena baiezkoetan ere jarraitzea.
3. Zangalatraua: aditz laguntzailea lerro batean uzten dugu, harekin batera doan partizipio edo elementu lexikala indartuz horrela:
… ez ditun aurkituko geroan
Esaldiaren indarra ukapenean biltzen da: hutsuneak, alde batean geratu den ukapena azpimarratzen du.
Artifiziala da, noski, lan honen amaiera. Pila bat arlo jorratu gabe geratzen da: metaforarena ez da garrantzirik txikienekoa.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro