« Haur besoetakoa | Lertxundi, zazpigarrenean aidanez »
Camilo Lizardi erretore jaunaren etxean aurkitutako gutunaren azalpena / Bernardo Atxaga / CAP, 1982
Atxagaren ispilu dobleak Jon Kortazar / Idatz & Mintz, 1983-05
Irun Saria irabazi ostean datorkun ipuina, Atxagaren literatura baieztatzera dator, lehendik ere jakina zanaren dizdira legez. Ipuinaren aurrean, forma aldetiko gogoeta batzuk ere sortzen dira, baina, azaleko gauzak baino ez diranez, maminaz gozatzea izango dogu onena.
Eta Atxaga-ren ipuingintzan murgildua agertzen jaku oraingo hau ere. Aspaldion bere ipuingintzan darabilen jokerearen adierazgarri dogu.
Hasteko, ipuinaren alderdi bi kontatzen dira: Camilo Lizardi-ren kartea eta gutun horren azalpena. Lehenengo pertsonan, abade baten etika, gogamen eta kontzientzia guztia, bero-berotan, haragi zabalean, eta gutun hori aurkitzen dauanaren azalpen formal hutsa. Maila bi dira, hizkera bi. Camilo-rena, gogorra bere berotasunean, komentatzailearena gogorra bere hoztasunean. Baina biak dira bata bestearen menpeko, batasuna tono-aldaketaren harrigarritasunean aurkitu artean. Hoztasun / Berotasun kontrajarpena aspaldirik darabil Atxagak ipuingintzan. Zinetik datorkon teknikea da, eta Bernardok batasunez ikusten ditu, ez bait dago berotasunik hoztasun barik, eta Camilo-ren diskurtsoa gozatsu bihurtzen da, azken baten beste tonu agorra hortxe, present dagoalako. Hoztasunak berotasunera heltzeko balio deusku. Kontraste jokera hori B. Atxagaren aurrerapen tekniko onenetarikoa dogula esan geinke. Eta horra espiluaren lehenengo tolesdura.
Fantasia eta marabila dogu bigarren prozesu markea. Kontakera marabilosoak, fantasia mundutik datorkuzanak, eta halan da guztiz ere Atxagak sinesgarri bihurtzen deuskuzanak, parte garrantzitsua izango dabe ipuin honetan zehar. Mitoaren bideetatik abiatzen jaku oraingo honetan B. Atxaga: abere edo pizti bihurtutako giza-izakiak, banpiroen literatureaz lotutako gaia dogu guztiori, euskalerriratua badago ere. Baina akzidenteek ez dauke hemen zerikusi handirik. Tantua irabazita dago mito horren irakurketa sinbolistak eskeintzen diranean.
Eta berba egiten daben piztiak (nahi basurde nahi otso), heriotzeari buruzko gogoeta bat lortu nahi izan dabe. Eta horra hor espiluaren bigarren tolesdura.
Mitoak dirala eta dihardugun honetan, ondo edo egoki datorkulakoan nago espazio edo ingurune mitikoei buruz hitz egitea. Obaba herriaren osakuntzak espazialitatearen neurriekin haustea lortzen dau. Espazioa mito bihurtzea ez da zuzenean Garcia Marquez-en Macondo-ren kopia soil hutsa. Espazioaren unibertsalizazinoa, espazio aldetiko herrikeriekin bukatzea, XX. mendeko narratibagintzak eskatzen dauan zeregin ukaezinezkoa da. Joyce-k bere Ulisses Dublin-en ezarri eban eta harrezkero ezabatuak izan dira munduko mapa guztiak, marinel holandar fantasmaren bidaiek ez dabe izaro munarririk aurkituko. Eta horra hor espiluaren hirugarren tolesdura.
Borges zaharrak, gizon baino gehiago literatur-lanen metafora dogun horrek hauxe esaten eban: literatur-lan baten edozein xehetasunek amaierari begira egon behar dauala, eta amaieran aurkituko ebala bere esanahi osoa: plan baten menpean egongo zala haren izaera. Atxagak ondo ikasi dau joera hau, eta bere lanak ekintza horren adierazpide garbi baino ez dira. Ekintzarik txikienak bere amaieran hartzen dau bere adierazkizuna, eta horregaitik testuak ikaragarrizko koherentzi, batasun indarra dauko. Baina ja ez dira ekintzak bakarrik. Atxagaren narrazinoan ekintza, edo xehetasun batzuk, lanaren metafora bihurtzen dira. Eta testua errealitate baten metafora bada, metafora sinbolista bada, testuak bere barnean bere metafora izango dau. Txirrina pantika mozorroari buruzko testuaren ekintza horixe da. Mozorroaren krudelkeria giza krudelkeriaren irudi da. Eta horra hor espiluaren laugarren tolesdura.
Baina, azkenerako itxi dogu testuaren metafora iragartea. Ze metafora ete dogu Camilo Lizardi? Ba, testuak irakurketa bat badauka, eta ez dau ahaztu irakurketa filosofikoa. Camilo Lizardik giza krudelkeriaren gogoeta bat izan nahi dau.
Gizarte eta gizasemeen loturen arteko konposaketa krudelen espilu. Gizabanako (indibiduo) eta gizartearen arteko burrukearen adierazgarri. Gizonek gizonakaz (gizon-basurde, gizon-txakur, gizon-otso), masak gizabanako (indibiduo) bereziagaz egin dauan krudelkeriaren espilu. Azken baten, espiluek bakotxak norbere burua ikusteko balio dabe.
Eta horra hor espiluaren azkenengo tolesdura.
Zero
Aitor Zuberogoitia
Amaia Alvarez Uria
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Aiora Sampedro
Carvalho Euskadin
Jon Alonso
Mikel Asurmendi
Egurats zabaletako izendaezinak
Rakel Pardo Perez
Jon Jimenez
Antropozenoren nostalgia
Patxi Iturregi
Asier Urkiza
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Nagore Fernandez
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Aiora Sampedro
Berbelitzen hiztegia
Anjel Lertxundi
Mikel Asurmendi
Haize beltza
Amaiur Epher
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Asier Urkiza
Girgileria
Juana Dolores
Nagore Fernandez
Berlin Alerxanderplatz
Alfred Döblin
Aritz Galarraga
Teatro-lanak
Rosvita
Amaia Alvarez Uria