kritiken hemeroteka

8.640 kritika

« | »

Euskal karma / Jon Alonso / Susa, 2001

Euskal zama Ibon Egaña / Euskaldunon Egunkaria, 2001-12-22

Bere aurreko lana bezala, ohiko genero-banaketaren arabera sailkaezina den liburua eman du argitara Jon Alonsok Susa argitaletxearen eskutik. Rapsodia. Halaxe definitu du Euskal Karma, etiketatze-ohiturari erantzun beharrez. Genero zurrunetan eroso sentitzen ez den idazlea da Alonso, errealitatearen eta fikzioaren artean jauzika dabilena, errealitatea fikzioan txertatuz eta fikzioa errealitatean. Bien arteko banalerroa aski nabarra delako agian. Eman dezagun Arantzazu, 2001 urtea eta euskara salbatzera datorren B-12 martetar euskalduna. Zerk lotzen ote ditu hirurak? Euskal karma-k, Jon Alonsoren irudimenak. Hauxe baitugu liburuaren abiapuntua, euskaldun etsiak laguntzera datorren Godot martetar euskaldunaren ailegatzea: “Haren aiduru egonak ginen betidanik, euskara paradisuko hizkuntza zela esaten zuten garaietatik, bederen, eta nork daki lehenagotik ere ez ote geunden zain”.

Fauna amazonikoa

B-12ren aginduei jarraituz, Amazonas urrunean gordetako Kolko Mitxoletaren bila abiatu behar du narrazioaren protagonistak, hark baitu kanonaren (euskararen eta euskal kulturaren salbazio-bide bakarraren) berri. Amazonas ibaian barneratu ahala, bertako fauna bitxia deskubrituz doa irakurlea: Berlusgoñi liburu-saltzailea, Guebokinder Artximandrita Aita Zaindarien burua, K.A.T. taldeko kide iraultzaileak… Pertsonaia esperpentiko bezain errealak, urrunekoak bezain bertakoak, amazonikoak bezain euskaldunak. Euskal irakurleari ezagun, batzuetan ezagunegi, egingo zaizkionak.

Kanonaren bila Amazonas ibaian iniziazio-bidaian abiatu den neofitoari hamaika egoera berezi eta absurdu pasaraziko dizkiotenak.

Ibaian gora egin ahala, euskal kultura eta gizartearen parodia zorrotza egiten du idazleak, ironiatik sarkasmorako bidean dabilen begirada kritiko eta beti umoretsutik. Irakurleari irribarre konplizea eta aldian barre-algara ezpainetaratuz. Kultur erakundeen hierarkizazioa, akademikoen pedantekeria, euskaldunon etimologia-zaletasun ia-ia kronikoa… horiek eta euskal kulturaren beste hamaika patologia aletzen dira liburuan umorez. Amazonasen kokatzen den fauna eta ingurua ezagunak egingo zaizkio irakurleari. Fikzioak errealitatearen antz handiegia hartzen du batzuetan, eta ironia, irribarrea dugu arnas. Beharrezkoa dugun distantzia hori, ikuspuntu ironiko hori hartzen du Alonsok gaiarekiko. Ihesbidetzat hartu behar ez den ironia.

Ezer ez da, ordea, dirudiena Euskal Karma-n, eta ezin dugu liburua umorezko narrazio soil kontsideratu (edo ez hori bakarrik, bederen), izan ere, literaturaren eta, oro har, kulturaren gaineko gogoeta orokorrak aurkitzen ditu irakurleak liburuaren muinean. Azkenaldian puri-purian dauden eta aldi berean betikoak diren bi auziren, bi gairen inguruan osatutako erantzuna da Euskal Karma: unibertsaltasuna eta originaltasuna. Hain zuzen, originaltasun-kontzeptu berri bat da liburua rapsodia-forma hartzera daramana: originaltasuna ez da besteek sortutakoaren gainean edo haien inguruan idaztea baino. Tradizio literarioa jaso eta norberak bere ikuspegitik ematean datza originaltasuna. Horregatik, Borges, Vazquez-Montalban, Txomin Peillen eta beste hainbaten testuak sartu-irtenean dabiltza etengabe. Borgesen Traidorearen eta heroiaren gaia ipuina oso presente dago liburu osoan zehar, eta idazle argentinarrak egin bezala, Alonsok etengabe ezbaian jartzen ditu pertsonaien rolak. Heroia heroi izatetik traidore izatera igarotzen da, bahitzailea bahitua ere bada aldi berean, borreroa bere buruaren biktima da… Idazle nafarrak ausart jokatu du literaturaren baliabideak erabili eta haiekin jolas egiten, literaturaren barruan bide berriak esploratzen; irakurlea txunditu eta gogoetarako ateak zabalduz. Eta hori guztia estilo arin eta umorez blaitutakoaz. Eskertzekoa.

Konplizitatea

Irakurleari konplizitate handia eskatzen dion liburua dugu Euskal Karma. Konplizitatea, euskal kulturaz konplexurik gabe barre egiteko, norbere buruaz trufatzeko eta autokritikarik zorrotzena irribarrez onartzeko, horretara oso emanak ez diren garaiotan. Eta konplizitatea, halaber, idazleak irakurleari proposatzen dion bilaketa-jokoan parte hartzeko; izan ere, irakurlearekin batera osatu nahi du testua Alonsok, originaltasunaren auzia irakurlearen laguntzaz argitu. Egileak ez du erabateko definiziorik ematen kulturaren inguruan, ez du egia handirik irakatsi nahi. Aldiz, bilaketa bat proposatzen dio irakurleari, literaturaren eta kulturaren gaineko bilaketa bat, irakurle bakoitzak bere irtenbidea eman diezaion. Irakurle aktiboa bilatzen du idazleak, pertsonaia baten ahotan dioenez: “Idazleaz gaindi, irakurleak dira testua egiten dutenak”. Protagonistak zirikatuko du ordea: “Zenbait irakurlek testua egin ez ezik, jasangaitz, enpagugarri, ezin aspergarriago ere egin dezakete”. Zeure esku, irakurle, Alonsoren konpainian testua osatu eta euskal kulturaren uretan umorez murgiltzea. Ez zaizu damutuko.

Azken kritikak

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak