kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Azukrea belazeetan / Inazio Mujika Iraola / Erein, 1987

Azukrea belazeetan Juan Kruz Igerabide / Hegats, 1994-01

1. Terrala: heriotzaren lurruna.

Hamaika ipuin agertuz doakizkigu, terralaren saretu-ez saretu horretan, lurraren lurrunak emandako hitzen antzera. Lurra mintzo da Inazioren luman, eta lur horren mintzoa zeru irekian gal ez dadin terralak estaltzen du, eta oihartzun eginarazten dio, lur horretako zokorik ezkutuenak ere entzun dezan lurraren beraren antsia. Terrala lurraren gainean ixtean, lurraren zauriak eta odolak nabarmenago agertzen dira; alegia, ipuinen begiradak ez dira ortzemugaratuak, inguru-inguruan estekatuak baizik. Hori da ipuinen giroa; muinoetatik urrunera egindako begiraldiak kontatzen direnean, giro itxi horretatik kanpora ihes egin nahiaren ametsakedo adierazten dira (itsasorako bidaiaren ametsa bezala); baina, azken batean, erroek lurrari loturik diraute.

Lehen ipuinak jartzen du giroa, terral giroa, giro trajikoa, “Terralez bilduak” izenburuarekin, eta horrek markatuko du hurrengoetan aurkituko dugun tonua. Liburuan zehar izadiak premonizio agerpenak egiten dituenean, izadi hori gaiztotu egiten da, ilundu, erritmoa galdu. Badirudi, Grezia zaharreko antzerkietan koruak jokatzen zuen papera, hemen izadiari eman nahi zaiola; giro orokorraren abisu premonitorioak eskaintzen dizkigu. Eta eginkizun horretan terralak etengabeko doinuaren papera beteko luke; badirudi terrala dela izadi-koruaren ahotsa. Eta izadi horren sinbolo nabariena gereziondo japonesa izango genuke; gereziondo japonesak lekuko edo testiguaren papera hartzen du, etengabe begira dagoenaren papera; baina ez inguru hurbilari begira bakarrik, izadiko beste seinaleak bezala; ez, gereziondo japoniarraren premonizio eta testigutza indarra nolabait unibertsala da, gerraren eta hurbileko errealitatetik urrun dauden gertakizunen oihartzunak jasotzen ditu.

Terralera itzuliz, terrala da giro baserritarra lausotzen duena. Indar sinboliko handia gordetzen du bere baitan. Baserri giroaren idealizazio xuria, eukal literatur tradizioan nagusi izan dena, terralak lausotua dago; badirudi Inaziok ingurumari kostunbrista atzerakoi horietakoa eskaintzen digula lehen begiradan, baserriko ohizko giro jatorra islatuz. Baina terrala da agintari, eta terral horrek giro beltza adierazten du, heriotz giroa, erahilketa giroa, grina eta aberrazio giroa. Xuria hautsi eta beltza gaineratzen da, kontraste gogorrez, terralaren gris lausotua bihurtuz kuadroaren kolore nagusi. Euskaldunon gordailurik garbi eta xurienean pintatzen dira beltzunerik beldurgarrienak.

Jendeak berriro erreparatu zuen bezperako arratsalde gorrian eta kezkatzen hasiak ziren terralak aldegiten ez zuela-eta”.

2. Xurian beltzune handiak: heriotza.

Grina, gaiztakeria eta zorigaiztorik ankerrenaren ondorioz gertatzen dira liburuan zehar heriotzak. Lehen ipuinean hiru erahilketa gogor bezain esplikagaitzak arreta erakartzen digu hasierahasieratik zerbaiti buruz; zerbait hori absurdotasuna da; absurdoaren tradizioak literatura modernoan zantzu nabarmenak ditu, nolabait literatura horren ezaugarri nagusienetako bihurtzeraino; bagoaz Gogolenganaino, Txejovenganaino, Kafkarenganaino, edo Poerenganaino, idazle batzuk aipatzeko; eta gure inguruan bagatoz, adibidez, Miranderenganaino. Lehen ipuin horretan, bestalde, badago beste osagarri bat liburu osoan zehar ikusiko duguna: izadiz haruntzagoko indarrak edo azti indarrak-edo dei ditzakegunak; indar horiek erabat eraginkorrak eta aurreikustezinak dira, gertakizunek erakusten dutenez; lehen ipuinean atzerritarrak jokatzen du paper hori; Wilderen mamuen portaeratik ez dabil urruti; isila, pareta bezain izaera hotzekoa, eta misteriotsua (batez ere hori):

“Aparizioa balitz zegoen ate ondoan”

“(…) Arrotzaren irudia laister inguratu zuen arren, bere urratsak denbora luzean izan ziren adituak”.

Absurdoaren eta indar ezezagun horien elkarketan fatalismo giroa sortzen da; baina urrun gaude erromantikoen fatalismo hartatik, noski, fatalismo tragiko hiperbolizatu hartatik, edo erlijiozko fatalismotik (Jainkoaren esanera); hemengo fatalismoaren hiperbolea bere buruan bilduta itotzen da, lurrari atxikita, inongo hegaldatzerik gabe; Rulforen haitzezko eta hareazko fatalismotik oso hurbil gaudela esango nuke:

“Handik hiru egunetara berriz, Fabian gizarajoak berarekin batera eraman zuen hilobiko zulora salketaren sekretua, goiko ganbaran kapiriotik zintzilik bilatu zutenean”.

Bigarren ipuineko heriotza ere azti giroan gertatzen da, ipuin beltz harrigarrien tradizioari jarraiki (herri iturrietan bide luzeko tradizioa, hain zuzen), eta errealismo fantastikoa deitu izan zaionetik hurbil. Madarikazio baten ondoren, heriotza eta bele bihurtzea gertatzen dira. Ipuin horretan ere mamuantzeko bat agertzen da: eroa; horren jokaera, ordea, lehen ipuineko fantasma ” ingeles” harena baino sorgingaiztoen girokoagoa da, madarikazio eta guzti:

“Alu alenak! Zuetako norbait, gaur inularrerako hilotz izango da. Eta biyarko ezta hoire!”.

Hirugarren ipuinean hilketaren sorburuan zeloak agertzen dira; grina hori, ordea, animalien zapuzketaren parera eramaten da, irrazionaltasunerako bidean:

“Konejuak ere, bere kumeak ikutzen bazaizkio, ez al dizkik bada akabatzen? Edota txoriak. Zer egiten du txoriak kabia lapurtzen diotenean?”.

Ipuin horretan hiru anaiek elkarren artean egiten duen batasuna mendekua betezeko, odolaren legearen zantzua-edo dela esan genezake, zenbait tradizio herrikoietan hain oihartzun luzea izan duena.

Eta laugarren ipuinarekin 36ko gerra giroan sartzen gaitu idazleak. Liburuaren giro orokorra, zantzuengatik, urte horien ingurukoa bada ere, datozen hiru ipuinetan garai historia zehaztu egingo du idazleak. Berriro ere gona kontuan sorturiko erahilketa adieraziko zaigu. Aurrekoa odolaren legearen arabera joan bazen, hau zaldunen ‘duelo’aren antzera tratatua izango da. Berriro ere absurdokeria bere indar osoan agertuko da, zeren ankasartze ikaragarria gertatuko baina mendekuan pertsona errugabea hilez, Etxahuni gertatu zitzaionaren antzera.

Bosgarren ipuinean, gerra giroaren ondotik izadiko indar ezezagunak hasiko dira errugabeak hiltzen, eta hondamendia ekartzen herrira, gerraren parodia edo egin nahian bezala. Berriro ere hor agertuko diren mamuen zantzuak, orain haur hildakoen espektroakedo, eromen eta heriotz mistikantzekoaren sortzaile.

Seigarren ipuinak baserrietan oraintsurarte ezagutu izan den maiorazgoaren kontuaren inguruko arazoa adierazten du; anaiak anaia hil elkarren arteko liskarrarengatik, Kain etaAbel edo Esau eta Jakob-en arteko liskarraren antzekoagatik.

Hurrengoan mixeria eta ezina dira erahilketaren sortzaile.

Haur jaioberrien hilketa adierazten zaigu, arazo ‘moderno’ horren aspaldiko erroak seinalatu nahian bezala.

Zortzigarren ipuina atipiko samarra gertatzen da liburuan; haur ipuinaren antza handia du, bere amets harrigarri eta guzti; haurraren ahotsa da narratzaile, era agerian, eta ez dago erahilketarik, heriotz naturala baizik; eta hileta inguruko antzerki guztia adierazten zaigu, haur harrituaren ahotsez, heriotzaren trajedia bigarren mailan jam eta gertakizun barregarriek lehen maila hartzen dutelarik. Liburuaren erritmo beltzari isilunea bezalako bat ezartzen dio idazleak (baina heriotza hor dago, hala ere).

Hurrengo bi ipuinak aita-alaben arteko maitasunaren ildoan sorturikoak dira, bietan heriotzak aitarengan burunahasketa eta eldarnioa sortzen duelarik (batean alaba hiltzeak, bestean emaztea hil eta alaba emaztearekin nahasteak). Heriotzaren fatalitateak harrapatu ditu protagonista horiek eta hor gelditu dira, hari horretatik askatu ezinean.

Azken ipuinak heriotzaren zikloa oso ondo ixten du.

Suizidioa edo heriotzen heriotza. Baserriaren galerak eta erreketak, eta baserritarraren suizidioak eta semearen Ameriketarako bidaiak ixten du kurioski baserri giroko ipuin beltz horien zikloa.

3. Haurraren begia.

Esango nuke haurraren begia dela liburu osoan kontatzaile nagusia, nahiz eta ipuin batzutan bakarrik ageri nabarmen. Haurraren begia urrunkera gutxiko begia da, urrunera zabalak hartzen kosta egiten zaio; inguru motzean aritzen da maizenean; urruneratzean, neurriez ez da ondo jabetzen, nolabaiteko amets giroa sortzen zaio. Horregatik beragatik, inguruan erabat inplikatzen da, barruan sartuta bezala kontatzen du, distantziarik ia gorde gabe, bere ekintzaren barruan ariko balitz bezala; ez da lekuko hutsa, lekuko protagonista baizik. Hurbiltasun hori ipuin horietako kontatzeko ezaugarri nagusietako bat; ahozko hizkeraren oihartzunez josia dagoen hurbiltasuna.

Badago gainera ipuin hauetan iniziazio zentzu bat; bizitzaren misterioetan iniziatzeko ahalegin bat. Eta bizitzaren misterioak heriotzaren inguruan eta giza grinen inguruan gertatzen dira. Hala ere, laugarren eta zortzigarren ipuiak dira, agerian behintzat, itxura iniziatiko nabariena erakusten dutenak. Lehenengoan osaba zaharrak egiten du maisu papera, bere esapide eta jokabideekin bizitzako irakaspenak eskainiz ilobari, izadiaren, giza grinen, sexuaren, heriotzaren eta horrelako gaien inguruan. Ez da erlijiozko iniziazioa, erabat laikoa baizik. Eta halakoa da, zortzigarren ipuineko iniziazioa ere, nahiz bertan hileta eta errezo eta horrelakoak egon; hor iniziazioaren gunea bidaia da, haurren bidai alaia, nahiz oinarrian hileta batek sorturiko bidaia izan; eta bi bidai daude: bata errealista, oinezkoa, eta bestea onirikoa, ametsetan hegantzean egina.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak