kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Etorriko haiz nirekin? / Mikel Hernandez Abaitua / Elkar, 1991

Etorriko haiz nirekin? Iñaki Bernaola / Hegats, 1994-01

Gaur egun tesi-nobelak idaztea ez omen dago oso modan gure artean. Leturia, Peru eta Elsa zaharkiturik —edo hilik— ditugu dagoeneko, behinolako beste Peru, Piarres edota gizon peto-petoa omen zen Joanes hura bezainbeste. Baina azken hauei, klasiko bihurtu direlako edo, klasikotasunak ematen duen urrezko distira ahobatez errekonozitzen zaien bitartean, askoren ustez Txillardegik asmaturiko super heroi esistentzialistak ganbaran ahazturiko gauzen gainean pilatu ohi den hauts-geruzaren babes ilunera daude kondenaturik. Esan beharrik ez dago denboraren denboraz azken hauek ere bihurtuko zaizkigula klasiko, baina laster da oraindik horretarako, eta Miloko Venus edo Mironen Diskoboloarekin gertatu bezala, ezinbesteko dugu maiz ganbaran edo lurpean igaro beharreko denbora-tartea hautsa edo lokatza haien gainetik kendu ahal izateko.

Izan ere zaila da oso, modak aparte utzita, tesi-nobelarik idaztea gaur egungo Euskal Herrian. Tesi handiak etengabean suntsitzen, ezabatzen edota zentzugabetzen ari dira munduan: klase-burruka, zapalduen arteko elkartasuna etabarrekoak historiari dagozkio jada, historia garaikidea bada ere. Eta mapan nekez ikusten den gure txoko txiki honetan, nazio euskalduna osatzeko esperantzak urrutiratuz doaz, nazio-nortasuna eta gizartea euskalduntzearen aldeko ekimena eremu pribatu eta subentziorik gabeko triste horretara baztertzen ari baitira, azken urteotan atsedenik apenas ezagutu ez duen prozesu batean.

Era horretan, gutxi dira jada munduan beren bizitza tesi handien arabera moldatu edo gidatu nahi duten gizakumeak. Eta Leturiaren garaian esistentzia inor kezkatzen zuen arazoa bazen, gaur egun superbibentzia da buru, urdail eta sabelpe gehienetan bizirik dirauen arazo nagusia. Superbibentzia hori izango ote da tesi-nobelak idatzi ahal izateko hurrengo leloa? Batek daki.

Euskal Herrian, gainera, tesi-nobelen auzia beste arazo bati egon da tradizionalki lotuta: literaturaren bidez gure errealitate soziopolitikoari tajuzko hurbilpena burutzeko asmoak, gaitasunak eta era guztietako eragozpenak. Gogoak gogo eta oztopoak oztopo, anitz izan dira honi buruzko iritziak eta saiakerak, sobera ezagunak bestalde. Nolanahi ere, gure errealitatearen gaineko nobelistika eraikitzea oraindik borobildu gabeko lana dugu narratzaileok, eta itxaron egin beharko da, beraz, errealitate hutsa itxuraldatu, majikotasunez jantzi eta beraren gaineko fikzio sinesgarria sortzelanean idazleek fruitu gozoagoak eta emankorragoak eman ditzaten arte. Guzti honek, nire iritzi apalez, herri bereko biztanleen arteko lotura sendoak ezarri ohi dituen mito, irudipen eta sentipenez osaturiko ondare amankomun hori handiagotu eta sendotu egiten du beti, eta zentzu horretan ildo horretatik doan saiakera oro begi onez ikusi eta pozez onartu ohi dut.

Testuinguru horretan ordago bikoitzari egin zion aurre Mikel Hernandez Abaituak Etorriko haiz nirekin? izeneko bere lanarekin, errealitate soziopolitikoa argumentoaren ardatz nagusitzat duen tesi-nobela baita, argitaratu zen urtean —1991— salbuespenak aparte jada ezohizko samarra zen ikuspegi literario honi men eginez.

“Gure herriak pairatzen duen biolentzia politiko oro kaltegarria eta arbuiagarria da” edo antzeko zerbait izango zen egileak bere liburuaren bitartez defendatu nahi izan duena. Hasiera batean dirudien baino askoz sakonago eta korapilatsuagoa dugun tesia dudarik gabe, milaka baitira ustezko bakezaleen artean ardi larruz jantzitako otso harroputz eta odolgoseak. Ez, ez da erreza gure artean benetako bakezalearen papera, eta zentzu horretan M. Hernandez Abaituak zintzo jokatu duelakoan nago. Etorriko haiz nirekin? izeneko nobela honetan ETAk buruturiko atentatuen berri emango digute, poliziak eta poliziatik urrun ez omen dabiltzan indar izkutuek eragindako atxiloketa, tortura eta hilketekin batera.

Demagun errekurtso literario soila dela batzuen ekintzen deskribapenean egileak umeak bitarteko gisa erabiltzea (Yoyesen eta goi-mailako militar baten semeak edota casa-cuartel baten sutsipenaren lekuko isila izandako beste bat) besteen balentriak, ordea, beren gordinkeria osoan agertzen diren bitartean. Edozein idazlek omen du induljentzia literario bat edo beste erabiltzeko eskubidea. Zergatik ez.

Euskal Herrian ematen den gatazkan, neutraltasunerako gunerik eta tenorerik balego ere, ezin izan daiteke inolaz ere ekidistante. Ongi ulertu du nire ustez M. Hernandez Abaituak azken hau, eta horregatik nobelako pertsonaiak (agian ustezko irakurleak bezalaxe) testuinguru soziologiko eta ideologiko zehatz batean daude kokatuta, eta ez inolaz ere Olinpo, hodei edo antzekotan. Eta gure errealitateari hurbiltzeko asmotan euskaraz idatzitako nobela batean, ulergarriagoa da pertsonaiak presoak, haien lagunak edota irakasle euskaltzaleak izatea, eta ez, ordea, unibertsaltasun arrazionalez apaindutako sasintelektual goseak. Bai, nobela honetan asmoak neutralak izango dira agian, baina distantziak ez. Eta horrek, nolabait, konbentzigarriago egiten du tesia, tesi-nobela batean egiantza edo sinesgarritasuna helburu baldin bada.

Baina agian nobela honetan interes handienekoa, pertsonaia gehienek euskal gatazka politiko-militarrarekin zerikusi zuzenik ez izatean datza. Izan ere gutxi dira gure herrian era batean edo bestean biolentzia horren protagonista zuzenak, leku, garai eta intentsitatemaila guztietako borroketan gertatzen den era berean. Eta gure literaturaren beste zenbait obrari meriturik kendu nahi gabe ere, garrantzi handiko arazoa da nire ustez Euskal Herriko pertsonaia “arruntak” gatazka-egoera batean ongi kokatzen jakitea. Kontatzerik al dago hirritarrek, hitza bere zentzu zabalenean hartuta, gure herrian ematen ari den egoera hau nola bizi eta sentitzen duten? Zelan ezar dezakegu hasiera batean tinkoegi dirudien gatazka eta hiriiarren artean elkarrekiko harreman literario dinamikorik? Zelan bihur ditzakegu hiritar “arrunt” horiek gai honi buruzko nobela baten pertsonaia eta protagonista operatibo? Agian defendatu nahi izan duen tesiak gehiegi baldintzatua izanik ere, nik uste dut Mikel Hernandez Abaituak oso aurrerapausu interesgarria eman duela zentzu honetan, geroan argitaratuko diren obretan seguraski aprobetxagarria izango dena.

Ezaugarri amankomuna ohi da idazte lanean hasi berriak diren egileen obretan ohar autobiografikoen ugaritasuna, eta areago, idazleari bere gogoan bueltaka dabilzkion mamuak behin eta berriz azaltzea. Nekez bereiz daiteke kasu hauetan non hasten den obraren fikzio literarioa eta non bukatu egilearen fikzio pertsonala. Mikel Hernandez Abaitua atzo goizean idazten hasiko ez bada ere, eta beraz obra bere marko egokian ederki kokatzeko nahiko eta lar ofizio duen arren, Etorriko haiz nirekin? nobela irakurtzerakoan Mikel beraren mamuak lerro artean dantzan ikusten ari garela iruditzen zaigu behin baino gehiagotan. Musika dugu horietakoa. Eta liburuan zehar ematen zaizkigun erreferentzia ugariak gutxi bailiran, lehenego bostehun erosle zorionekooi kassete bana egokitu zitzaigun liburuarekin batera, opari gisa. Barka biezadate, halere, egileak zein irakurleek azken lerro hauei kutsu peioratiborik baldin badarie. Ez da inolaz ere hau nire asmoa. Mesfidantzak, gaizkiulertuak eta susmo txarrak, tamalez, behar baino sakonago iltzaturik ditugun mamuak dira, gure artean batipat. Tesi soziopolitiko batekin ados egon daiteke edo ez. Errealitateari hurbilketa-saioak egiten saia gaitezke edo, bestalde, errealitateari gibela eman eta kitto. Batzuk musikazale izango dira, eta bestetzuk, ordea, gor-gorrak. Baina tesi nobela bat zintzo idazten denean, errealitate soziopolitikoari interpretazio bat emateko lana seriotasun literarioz hartzen denean, eta literatura eta musika uztartzeko ahalegin oro, datorrenetik datorrela, estimagarria da oso. Horrez gain oparia ematen baldin bazaigu, zer esanik ez, ongi etorria izan dadila. Eskerrik asko.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak