kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Hogei urte / Daniel Landart / Maiatz, 1984

Hogei urteetako opera primak: Daniel Landart eta Itxaro Bordaren lehen liburuak Luzien Etxezaharreta / Hegats, 1994-03

Bi idazleek ez dute maite bata bestearen sahetsean alderatuak aurkezturik gertatzea. Daniel Landarten “Hogei urte” eta Itxaro Bordaren “Bizitza nola badoan” bi mundu ezberdin, bi garaien isladatzaile dira eta bi pertsonai zeharo ezberdinen ekoizpen.

Baina distantziak arren eta bi pertsonen arteko loturei behakoak emanez puntu askotan alderatzeko aitzakiak aurki errazak dira. Biak behenafartarrak dira, Daniel Dohoztirin sortua eta Itxaro Oragarren. Biek hogei urterekin idatzi lanak argitaratu zituzten lehen liburu bezala, batak 1968.ean eta besteak 1984.ean, bi urte inarrosgarriak zirenetan. Biek poesiari eman zioten leku nagusia eta argiki Iparraldeko euskara idatzi ‘klasiko’ baten erreferentzietarik zoatzin. Gehi dezagun oraindik urradura baten seinale biziak zirela: dohoztiarrak abertzaletasunaren suak plazaratzen zituen eta oragartarrak gizarte krisia isladatzen zuen bere nortasun indartsuaz.

Nolaz ez aipa ere bi obrek zeukaten ilusio handien sortzeko ahaltasuna. Bi autoreek ondoko urteetan lan nagusiagok agertu zituzten. Jakina da hargatik lehen obrek dituztela maiz udaberriko begi edo su haziek ematen duten esperantza zorabiatzailea.

Ehun urteren zama

“Hogoi urte ditut bete egun, hogoi urte: nahi nuzke ehun!” Horra eskandalagarri zitekeen esaldia 1968.eko abenduaren 11n Baionan inprimitu liburuak zekarrena. Hogoi urte eta etsipenaren marka, lehen poeman berean. “Mendeko haur baten kofesioa” edo “spleen” zerbait hor erraz aurkitu nahiko lukeena behaztopatuko da. Ez zen literatura mailako gogoeta edo biziko plazerretaz asea zitekeen norbaiten aitormena: orduko Ipar Euskal Herriko gazte fededun abertzale baten krisi sakona zen, jazarketa baten deiadarra gogo kontzientziak hainbeste piztu, nahasi eta maiz eritu zituen garai dorpe batena.

Piarres Narbaitz idazlearen sar hitza jaso zuen 64 orrialdeetako liburu horrek. Erraitekoa da liburua “bere sakelatik” dena pagatu zuela Danielek. Kondatu du ere eliz ateetan igandetan saltzen zuela bere liburua bere zorren ordaintzeko eta maiz jendeak uste zuela “elizako obra zerbaiten liburua zela”..

Orduko Iparraldeko euskal kultur ekitaldi askoren antzera liburu honen atarian “elizaren eskua” ikusgarri da beraz. Nolaz gazte fededun batek “elizaren benedizionerik gabe” asmatzen ahalko zukeen liburu baten argitaratzea euskaraz? Funtsean, “zinezko euskaldun gazteak” aipatzen ditu Narbaitz bikario jeneralak, gazteen buruzagitza naturalki hartuz. Ez ote dio ere berak liburuari bere azpititulua eman “Gazte bat guri mintzo”? Azken batean ematen du liburuak ‘eredu’ zerbaiten nahikaria daukala azalean berean.

Gizon jakintsun boteretsua hargatik guziz fina zen eta begi keinu zerbait egiten zion orduan uholde baten pare jeikitzen eta sutan jarriko zen gazteriari: “Pindar horiek agian piztuko daukute anhitzen bihotzetan aspaldian Euskal Herriak galdegiten zuen sua!”, ‘agian’ hori delarik gure euskalkietan desirazko gauza…

‘Herria’, ‘Gazte’ edo ‘Etxea’aldizkarietan ‘Daniel Arberu’ sinatzen zuen dohoztiar gaztea hor bere izen egiazkoarekin agertu zen. Antzerki munduan hargatik sartua zen jadanik, lehen obra nagusiak laster idatziko zituelarik. Sorterria utzirik eta goizik Kolejioa utzirik aprendiz lanak Baionako inprimategi batean eginak zituen eta Mugerren bizi zen lan berean jarraikiz. Kontaktu askorekin zen barnealdeko taldeekin eta mundu abertzale berriki sortuarekin bat egina zuen baina beti bere kultur eta antzerki arloari jarraikiz. Inprimategietako hainbeste langileen antzera eta kultur ohitura ‘europar’ baten esparruan ‘langile intelektual’ agertzen zen.

“Ez naiteke izan gazte, nihun” bere lehen poemako esaldiak militantismoaren dorpea dakar: gerla garaietako gaztetasun galduak, ‘seriosegiak’ oroitarazten ditu. Baina “peun” ez izateko nahikariak, neskak “leun” izana gatik eta bera “lizun” agertuz, ez ote dira ehun urteren ukaiteko desirak borrokak itxuraldatuko duen mundu berriaren ikusteko nahiaren agerpen?

Liburuaren ikur den testuak, bertso lerro motz arin zaluetan euskaldunen mende dorpe honen laburpen agertzen dira. Nahi duenak profetaren hitza ikusiko du edo iraultzaren nahia etsipenaren zamaren azpian.

Liburuaren garapenak itxura klasiko bat hartzen du ondoren, Dohoztiri bere sorterria edo Mugerre egoitza berriari eskaini bertsoekin. Orduan Iparraldean sartu berria zen ‘Euzkadi’ kontzeptuak Jerusalem berriaren lilura zuen abertzaleentzat eta Errobi taldeak kanta bilakatu zuen otoitz moduko testua jarri zuen Landartek.

‘Herriko bestak’, ‘langile baten gogoetak’ edo ‘Inharen ohantzea’ gaur batzuek irrino batekin irakur lezakete gazte zintzo, prestu, umil baten gogoetaldi zaharkitu bezala. Argian emaiten digu orduko giroak zekarren kristautasun baten marka sakona, bestearen errespetuz —izan arren etsaia berdin— bete betea.

Landarten liburua 60ko hamarkadako Iparralde barnealdeko gazte euskaldun ‘suharren’ eredu zehatza da. Nekazari munduak eta mende bat elizaren lanek hezi gizarte batena. Balore honk dira Iparraldeko abertzaletasunaren oinarrian.

Landarten liburuaren zati horiek pentsarazten dute Jean Etxepare jatsuarrari, urte batzu lehenago zendu zenari. ‘Mendekosteko gereziak’ bere ipuin liburuan gizarte berdina isladatzen zuen.

Maitasun minez

Liburua XX. mendeko bigarren partean idatzia izateak gazte baten borroka gogo edo etsipenak sor lezakeen jazarketa itsurik ez baldin badu, amodiozko poema ederrek liburuari jantzi ezin ahatzizkoa ematen diote. Mikel Laboak kantatu ‘Zure begiek’ gaztetasunaren barneko suaren argi berezia identifikatzen du zalantzarik gabe.

Bi poema dira, liburuaren erdian, bata desirazkoa eta bestea etsipenezkoa, ‘Bertze batekilan’. Mundu osoan eta dirudienez ziur Euskal Herrian maitasun minek bertso ederrenak sortu dituzte.

Maitasun xume bat agertzen dute maitearen begiei eskaini bost oinetako lerro motz biziek. Maitasunaren agertzeak hor aurreko mendeetan bezala ‘andrea’ izatearen eskaerarekin bururatu arren, zazpi bertsoek beren grazia atxiki dute. Begia maitasunaren oinarri: horrek mundu arkaiko bati pentsarazten du, mundu arabeen sedukzioari, maitearen begiei hainbeste bertso eder dauzkan kulturari. Garbitasunaren bertsoak direnek nahi ezinbestezkoa jauzarazi dute azkenean, ezkontzarena.

‘Bertze batekilan’ testuak hamabi oinetako lerroak dauzkate, testu klasikoen ‘alexandrinoen’ egiturarekin, sei oinetako ebakidura zehatzarekin. Maite galduari zuzendu sei bertsoek, atzerritar maitasun ebaslearen aurkako samintasun biziak mendeku itxura bat daukate. “Hiri ederraren” lilura zoragarriak “etxaldea errekara” bultzatzen duenaren salaketa gogorra da barnean.

Landarten liburua ez da dena leunduraz ikusi behar, ezpata zorrotzak jalgitzen ditu noizbehinka. Horrela beren mintzaira galdu duten euskaldun gazteetaz dio “frantses abere” bilakatu direla. Hitz kondenatzaileak ere baditu ” begiak hetsirik” eskuin edo ezker “kurritu nahiago duen” gaztearen aurka.

Berdin obra hau ez dela hainbat literatura nabarituko da liburuaren zati batzu gaur baizik irakurtuko dituenari. ‘Bihar’ testu harrigarrian katixima zerbaiten antza ageri da, gazte baten ‘fedezko akta’ agertzen denean. Ohizko Jeltzale baten sineste berdintsuak azaltzen dira “Euskal Herria egiazki girixtinotzeko” nahiarekin edo “denek Europa altxatzeko” xedearekin.

‘Aintzina’, azken testuak, liburuaren gogoa dakarke “gizon langileen artean” zangoaren pausatzeko gomendioa agertzean “Lurrekotzat eta Zerukotzat”.

1968.eko urte bukaeran plazaratu liburua Iparraldean Herria astekariaren inguruan jarri euskara erabiltzen du egileak. Benafartarra dauka oinarritzat. Irakurt erraza da bestalde, ‘herriko euskararen’ aukera egin baitu. Bertsoak, poema errimagabeak eta testu laburrak aldizkatzen dira liburuan irakurketa atsegingarria eskainiz.

Daniel Landarten liburua, aurpegia ageriz zetorren batena zen. Ezustean, lan pertsonala egiten zuenak belaunaldi militante oso baten agerpena eskaini zuen. Maitasunez betea zen liburua kar batena zen, kemen handi batena. Literatura esku makil dela zion goraki.

“Bizitza nola badoan” idazte berri baten seinale

1984.eko abuztuaren bukaeran Baionan Maiatz elkarteak plazaratu zuen liburua berritasun, imajinazio, askatasun eta talenduz orratua zen: Itxaro Borda Oragarreko ikasleak idatzi lehen liburua zen, ‘Bizitza nola badoan’.

Itxaro Borda azken hamar urte hauetan aldiro eta edonon berritasunaren ikur eta sinonimo bilakatu da. Bere lehen obrak autore handi baten haziak zeuzkan jadanik: hogei urteetan idatzi testu aukeraketa bat zen, 29 poema ziren ‘baga’, ‘biga’, ‘higa’, ‘laga’, ‘boga’ eta ‘sega’ren artean banatuak.

Ikasle eta euskaltzale kulto baten poemek ahaltasun zabal baten aukera eskaintzen zuten bertso libre, soneto edo egitura aldakorreko lanek. Konformatzen ez zen norbait berehala agertzen zen begi bistara sar hitzean berean, umore fin batekin aitortzen zuenak “poema ergel batzu” izan zituela biziko urrats bakoitzaren lekuko.

80ko hamarkadaren larritasuna gazte batengandikakoa erakusten zuen ere berehala “gaztaroko zintzotasunaren” lekuko ukan zituen testuen artetik “zenbait poema hautatu zituela” nahiz asko “ekain eguzkitsu desesperatu batean” suaz erre zituen.

Gizarte mota baten aurka argi jarri zen liburu horrekin, ildo luze aberatsaren ataria zela obra hau erakutsiz. Euskara batuaren proposamenek Iparraldean bide egina zuten ordukotz. Batuaren ereduak, euskara moderno batean integratuak, Itxaro Bordaren euskara atseginaren adierazgarri izan da beti.

Euskal astekari edo aldizkarietan argitaratu testuen aukera zen plazaratu. Hamar urte horietan alabaina, Herria, Argia, Herriz Herri, Kemen, Ekaina edo Maiatzen agertuak ziren batzu.

Liburuko bi lehen testuek haurzaroko garaia agertu zuten ‘Begiratzen dut gogoan’ eta ‘Nere herriko eskolan’ izenburuekin. Haurtasunetik distantzia erakutsi arren idazle sendikor guziz finaren lumaren marka zeukaten. Eskoletan luzaz irakurtaraziko diren bertso hunkigarriek idazle handi baten sinadura zeukaten.

“Habil amets hain nerea” zion aldiz ondoko poema batek “joanak” haizatu nahiz amets mingarrien arriskuen gatik. Funtsean, liburu osoa desiraren emaitza zela agertzen zuen lerro horrek. Amets ezin obratu etsipen sortzailea, ironia eta distantziaz baizik kontsolagarria. Itxaro Bordaren irudia ia finkatzen zen lehen zati horretan: sendimendu indartsuek egituratua, zauri biziek urratua eta kontsolamendu baten antza zuen umorearekin berriro eta inoiz baino gehiago “etsipenaren jendetasun” erabilia.

‘Baga’, ametsaren oroimena bazen, ‘Biga’ sailean, amets hondoratuen agerpena egin zuen, bere burua ” antigaia” deklaratu ondoren. Prometeo berriaren apostuaren egiteaz ez zela beldur agertu zuen ere:

Ez dut nik zeruko jainkoaren beldurrik zeren goizero hango sua ebatsirik bainoa beti mundu guzia erre nahiz

Hor ikusten zen probokazio nahia, mail gorenekoa, argi deklaratua. Gehitzen zuen poesia klasikoen legeetaz “Ez dut nik hartaz axolarik”. ‘Belaunaldi galduaren’ nortasuna erreibindikatzen zuen ere, “iraultza sustatzeko partez”, ziolarik “maitasunez mintzatuko” zela. Gaineratzen zion “Babilon hiriaren indar egunetan” bere “palazioko dedal ilunetan aurkitu “zorabi hezea” baina ” hutsaren erroan” zegoena. Geroztikako testuetan maiz erreinbidikatu zuen ‘desesperantzaren’ egiturak hor agertu zituen.

Oragarreko idazleak ‘Biga’ kapituluan barnatu zuen bere gaia, Euskal Herriko aipamenekin. Betidanik etsaitzat ukan dituen “Gizon jarriak” hor etsai argi deklaratu zituen “kurutze edo igitaia eskuan sorturik direnak”.

“Laga” eta ” Boga” zatietan sendimenduzko oharpen ugari dauzka maitasun, memoria edo ametsaz, testu gozoak gora irakurtzekoak eskainiz. ‘Huts sentimental’ testuak fama berezia ukan zuen Txomin Hegi eta Peio Serbiellek moldatu zuten ‘Urrakoa’ ikusgarriaren gatik. Fado baten gustu gazi eta kiratsa dauka aipatzean “ez da neregatikan untzirik partitzen”. Izkutatzen ahal ez zituen bakartasunaren zauri mingarriak azalera berriro bazetozen beste hainbat idatzietan bezala.

‘Sega’ azken partean, bukaerako gorde etsipen mailako testuak azaltzen ditu. ‘Koplak’ testuan hainbeste ezin bizitzekoei aurre egiteko jarrera batzu aipatzen zituen: “Tabernako mahaiean gelditzea zalantzan, dudaren latza zainean eta besoak balantzan”. ‘Mila solas inutil’ beste bide bat erakusten zuten autoreak bere burua “den bezala agertzeko”: “behar bada ez du balio kateak haustea kario” eta beraz ” solas inutilak” zeuzkan ordainez.

Zorionez ‘solas inutil’ horik irakurlearen atseginaren hazteko grazia bazuten. Bere 1981.ean idatzi ‘Testamenduan’ bere “waterman luma bakarrik” daukan aberastasuntzat agertzen baitu. Zer eskatu gehiagokorik idazle bati? Azken testuak ‘Kaskezur’ek halako ‘finis mundi’ apokaliptikoa eta morbidoa agertu arren Barbussen ‘Ifernua’ testuko deskribapen beldurgarria eskaini ez ote da azken batean Xabier Lete baten ‘Sinisten dut’ baten bertsio berezia?

Betiereko bizia lurreko ” suge nagi” edo ” zizare” edo “mamu txarrek” definitzen badute ere ez al du Itxaro Bordak agertzen berriro hitzaren jabe dena suaren jabe zen Prometeo baino indartsuagoa dela?

‘Bizitza nola badoan’ XX. mendeko euskal literaturaren liburu inportanteetarik da. Iparraldeko idazle jeinuz bete baten sorrera sinatu zuen. Literaturan jazarketa molde baten lantzea iragarri zuen, jendearen errespetuz betea baina botere eredu sortzaile eta askatsunaren murrizle guzien aurkako etsai zena.

Itxaro Bordaren gogoeta poetikoaren zerbitzari zen euskara guziz landu eta zehatza. Herriko hitz jori aberatsak erabiliz, euskalkien batasun natural bat eskainiz, euskara batuarentzat eredugarri zen obra idazten hasi zen. Idazle eskolatua, kultura handikoa, kanpoko literatura askoren sintesiaren egilea elkartzen zen Euskal Hem ‘sakona’ sendi eta bizi zuenaren baitan. Baldintza hoberenak bilduak ziren obra premiazko bat bidean jar zedien.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak