« Betikoa eta berria | Erromantizismoa »
O tempora! O mores! / Eduardo Gil Bera / Pamiela, 1989
O tempora! O mores! Patziku Perurena / Hegats, 1994-03
Hauek garaiak! Hauek gizonaren ohiterak! Hau bizimodua, gurea! Hau musika! Horra liburuaren barrengo doinua. Kadentzia horixe dizu liburuko partiturak. Ahots zurikorik batere ez. Tiple zikiraturik gutiago. Dena ahots nahasian; allegretto eta tremulo zakar ugari, konpas bitara; ahotsa goitik ozen eta behetik gozo beti, azkenean akorde libragarri bateraino heltzeko. Nornahiren kontzientzia eta morala urratzen dituen sinfonia zaharra. Zoragarria eta noblea liburua, egilearen beste guziak bezalaxe. Azaleko itxura eta ergelkeria nagusi diren honetan, barrendik atsegin hartu nahiko bazenu, hagitz interesgarria nere idurikotz. Honatx pasarte allegretto batzuk lekuko, nere gisara ilbanduak:
Kontzientzia
Liburu zaharretan izen aunitz para zaizkio: marrantatzen ez den predikaria; beti darraigun itzala, bihotzean alatzen zaigun harra. Baina egun kontzientzia zer zaigu? Muturrez mutur dugun afera, eta horrexegatik gogorki zaila arazotako ikusteko. Ezagututzat ematen duguna, egiten baitzaigu ezagutzeko zailena. Kontzientzia, hasteko, giza eritasuna dugu. Nork esan, mende oso batez besterik ohoratu ez den herri honetan?
Zertaz eritasuna ordea? Ben errateko prest egotea baita. Horra egungo gizakiaren eritasuna. Ben errateko prest egote hori, hain zuzen, giza sentikortasunaren desantolamenduen funtsa eta are etorkia izaki. Horretan prezeski kontzientziaren eginkizuna: taigabe genre buruaren lekuko egin beharrarena. Gure ekintzetarik, fitsa da kontzientziara iragaiten dena; eta fits hori ere, desgisatua eta adierazpenaren moldera normaldua. Fits horrek markatzen digu gure tokia artaldean.
Baina, fits horretaz gainerako guzia zer zaigu? Horixe da, hain zuzen, egungo zientzia ergel orok zeharo ukaturik daukana. Horixe pentsalariak gogora arazi nahi digun alderdia. Eta nola gogora arazi ere: zenbat eta kontzientzia haundiago, orduan eta zeure burua salduago; bestela esan, orduan eta artaldekoiago; kontzientzia gizarteari pagatzen diogun petxa baita finean. Beti bere buruaren berri emateko prest dagoena, huraxe duzu kontzientziako eritasunak joa. Gaurregungo jendaje normaldu guzia. Kontzientziadun izateak, aldez aurretiko araudi batera makurtzea dakar beti; zernahi gauza ulertzeak errepikatzeko gauza izatea dakarren bezalaxe. Non gelditzen da orduan gure beste alderdi guzia? Non diozu? Zeure baitan. Horretxetan duzu zeure nortasun puskarik haundiena.
Komunikazioa
Ohargarri da komunikaziorik eza zorigaitzik haundiena bezala nola jotzen den. Egungo gizarteak bizi duen egoera patologikoaren markarik agerikoena da. Horra hor kontzientzia eritasunaren petxa paga behar tristea. Ekintza guziek, kontzientziaratzean (hau hitza!), erran nahi baita, aipatzean, hitzetara ekartzean, galdu egiten dute beren izaera bakarra eta alderaezina; izanez ere, adierazpen arauetara murriztuak eta lermatuak gelditzen baitira derrior. Eta horixe duzu, hain zuzen ere, komunikazioaren funtsa; gertakarien zatirik haundienari uko egitea, erabilgarri eta adigarri egitearen truke. Zinez prezio haunditan erosten dugu hainbat harrotzen gaituen giza ahalmen hori: komunikazioa. Gaitz zabaldu horretxi esker bizi dira, komunikabide guziak, abokatuak, epaileak, eta egiazko bertsioan seko sinisturik dauden hainbat eta hainbat txoriburu moderno justiziazale.
Kontramintza
Nork nola esplika dezake adimendutik ekintzara dagoen aldea, zubia, maratila? Orain taldeko gizakia da mintzo: “zentzuren bat behar dute derrior ekintzek, nik pisatu behar ditut nahitaez, bertzenaz bizitza jasanezina zait”. Ederki! Eta ekintza oro pisatu nahiak ez ote lezake bizitza are eta jasanezinago egin? Amets gaizto batetik iratzartzean ikusten dugu ederki nola gezurra den logika bakar batez pentsatzeko gauza garelako kontua. Hor gaur modan dagoen beste hitza sortzen zaigu: kontramintza. “Ez pentsa, badakit nik ere neure kontramintzak baditudala”. Badirudi hori erranik, lo lasai egin dezakegula. Ororen buruan “nik ere badut kontzientzia!” errateaz bertzerik ez da. Gramatikakeria hutsa. Kontramintza, predikatzen den gisaz, zama baldin bada, ez dakit hori baino zama arinagorik izan daitekeen. Adibideak konta ezin ahala dira. Aski dugu gizakiak bere buruari libre eta arrazoidun deitzen diola ohartzearekin, edo gure inguruko jenderik gehiena bere burua baino lehen hurkoarena maitatu behar dela esaka ari den sekta batekoa dela ikustearekin. Bai dohatsu direla behartsuak! dio apezak kulpitutik. Sinesten dut! sinesten dut! laborariak behetik. Baina, eliza hartan ez izaki inor sinesten duenik dohatsu direnik behartsuak. Horra gramatikakeria hutsaren froga. Kontramintzak ez baitzuen laboraria deusetan baldatu.
Inoizko errepresiorik ezaren miraria
Freudiar ikuspegitik ari zaigu Marcuse, beraz sailkapenik ezin falta. Hiru aro izan omen ditu giza moralak: 1. aitzinako gizaki zentzukoia; 2. kulturako gizaki erreprimitua; 3. gizaki bertzentzukoitua (hau hitza ere!) parabisuari edo halako zerbaiti dagokiona. Lehen aroan, gizakia errepresiorik gabe, zetorkion lehen istintuari ematen zen bertzerik gabe; gisa hartan etzen batere aurrerapenik. Orduan, plast!, errepresioa, eta harekin batean aurrerapena; erran nahi baita, gizakiak asmatzen, izkiriatzen, eta sinfoniak konposatzen dituela errepresioaren bidez eta graziaz. Baina, edozein izakigan, zer da eta nork nola esplika lezake errepresiorik eza. Zirripetan, lasterretan, zipristin farrastaka burkaitzei behera doan errekako ura libre ote da? Izaki oro bere moldearen legepean da. Hau, pellokeria ematen duen hau, ez bide dakite errepresioarekin gora eta behera ari diren horiek.
Beste miraria: 68ko maiatza
Omenak eta pintadek bildua, ikasle saldoa juntatzen da Denfert-Rochereau plazara. Zertara? Nik ere ez zekiat, orain erranen dik norbaitek hain segur. Horra arazoa. Behin bildurik ez dakite zer egin. Azkenean saldoa mugitzen da Santé aldera eta sakabanatzen. Erretoregoa hartzeari buruz, ez dakit ikasle belaunaldirik izan den halako zuntzenkeria ezagutu ez duenik. Hori bai, haiek, historian sartzeko, frantses telebista hartu zuten, agian oroitzen ziren behiala beren atautxiek Bastilla nola hartu zuten. Telebistari buruz, “hartu” ere ez da hitzik zehatzena, sartzerik baizik egin ez baitzuten. Hartaraturik zer egin? Sermoi izugarri iraultzailea bota, ederki, argi handien azpian, baina, beldur dira halare, urka bihurra sumatzen kokozpean edo. Orduan, ororen salbaziorako, baten bat ohartzen da batere langilerik ez dela tartean. Badakizu, langile klaseko bat behar. Renaulteko langile bat eskatzen dute. Ez dugu horrelakorik, horiek Renaultenean dituzue hain segur diote telebistakoek. Orduan bagoaz. Irudimena boterera! diote sutsuki iraultzaileek. Nork dakike non nola ginatekeen gaur, langile hura ban izan balitz? Horra historia irauli duen gertakari ikaragarria. Manifestapenei buruz, berriz, Euskalerriko edozeinetan izan da istilu eta egur gehiago.
Obedientzia ala borondatea
Gizakia, nori berea eman behar bazaio, animaliak baino maila batez gorago dago; hauek betetzen dituzte istintuak; gizakiak horretaz goiti, manamenduak bilatzen ditu. Artaldeko izateko grina eta atsegina zaharragoa da norbera izatekoa baino. Bestalde, obedientzia librakuntza haundia da. Libertatearen zama uztarririk garratzena baino garratzagoa suertatzen baita. Nor ari da lotan obedienta baino goxokiago? Eta libre dena nork du adoratuko? Hortaz dotrina zahar bati ematen zaio sinismena; egiazko libertatea libertatearen beraren dohaina uztea eta abandonatzea da. Nori? Nola? Erraza da. Manatzen duenari eta agudo. Ikaratzekoa baita, zein misterioetara eraman dezakeen giza gogoa libertate latzaren erabiltzeak. Funtsean horixe baita gizakiaren eskaera: nitaz salba nazazue! Horregatik gizakiari premiazko zaio ordezkariarena egitea: populuaren zerbitzari, herriaren alde, jainkoaren izenean, botu emaileen garrantzia. Zinez mintza liteke beharrik gabeko hizkuntzaz? Adigarri izanen litzaioke gizakiari? Bistan da ezetz. Gorriena da, libertate modernoak zentzuzko behar zahar bakoitzetik gordetzeko hamaika behar berri sortu dizkigula: gaindibeharreko zeloak, lortu beharreko lanpostuak, osasun maila, duintasun eta beste mila normalkuntza, ezen sunormalak garela pentsatzetik abiatzen baita egungo zientzia txatxu oro.
Normalkeriaren tartarra
Horra nere pena: euskaldunak ere, sunormaltzat bere burua. Euskara normaldu beharra, ekonomia normaldu beharra, politika normaldu beharra. Ekologia normaldu beharra, arrazismoa normaldu beharra, eskola normaldu beharra. Ba ote sunormalkeria haundiagorik? Inkestek eta estatiskikek, zenbakitan para dute gizon normalaren goitibehitirik eza. Gorabeherak, kuidau, akatsak, tatxak, eta are delituak dira. Horra demokraziaren eta parlamentarismoaren bazka. Horra giza gogoaren entropia. Gizon normalduak izan behar duen gauzetarik baitezpadakoena kultura orokorra da. Egunero munduan zer gertatzen den ikasi, haintzat hartu serioski, eta gainera erantzun posible guziak prest eduki: horra gizon normalduaren kezka nagusia. Are parregarriago dena: uste du kazetak, irratiak edo telebistak galde hau edo hura egitean, erantzulea bera dela eritzi sortzaile. Erran dakigun zer eta nola epaitu behar dugun, eta orduan eriztun izanen gara. Galderak berak puskarik haundiena, eta erantzunaren erabilpenak gero, deus ikusirik ez balute bezala. Normalkeria baino lehenagoko denboraz, nork bere solaskide interesatua bakarrik bereizten zuen. Normalkeriaren feria honetan ordea, den denek gauza bera nahi dute: zenbat eta publiko zabalagoa orduan eta Kobe; artalde osoa miresle ergeldu izatea litzateke perfekzioa. Miloika buruk gogoa batera. Nork asma diktadura okerragorik?
Gizaki normalduaren arnasa
Musika eguna; ingurugiroaren eguna; amaren eguna; emakume langilearen eguna; zuhaitz eguna; aberri eguna; nekazari eguna; euskararen eguna; mahai inguruak; ihardunaldiak; topaketak; jaialdiak; hamabortzaldiak; hauteskundeak; osasun publikoa; zer den eta ez den )an behar; ezaitez droga; egizu irri; lagun hurkoa maita; preserbatiborik ez ahantz; kondena ezazu hori; lauda ezazu hura; botua eman gero; errespeta itzazu aitonak; beha autoko neumatikoak ongi haizaturik diren; ezar kabrestua; etzazula sobera edan; ez erre; goza zaitez… Zertan luza? Ez da hau inposatzen den zerbait, ez. Hau gizon normalduak behar beharrezko duen hatsa da, bertzenaz itotzen da. Edozein egunetan ikusten da Leitzan bertan. Eta nolako azarria eta fedea paratzen gainera, jendeak! Bistan da, normalduaren sintomarik ageriena, aisialdia pairatzeko ezintasuna dela. Dagoeneko hasiak dira aisialdia nola bete irakaspenak ematen nonahi. Eta kuidau holako egun santu bakar bati ere kritikarik egin! Espainolista traidoreka zintuzke! Bai, gizaki normaldua harrotu egin zaigu, eta ez arrazoi eskasez, ez. Denek hura baitute aipatzen eta aupatzen: kazetak, iragarkiak, telebistak, politikariak, iraultzaileek, herri salbatzaileek. Normalduaren bizimodu perfektuak azpiko soinu hori behar du etengabe, irria iratxekia eta gehitua duten umorezko pelikula ergel horiek bezala.
O Tempora! O Mores! Hauek denborak, etorri zaizkigunak! Hau gizamodua! Hauek ohiterak! Ubinam gentium sum us? Quam rem publicam habemus? In que urbe vivimus? Hau guzia nork esana den? Barkatu. Eduardo Gil Berak berberak. Barkatu. Napar batek. Barkatu. Napar osokoak gainera. Tuteran jaio eta Elgorriagan hazia den batek. Lur lau gorriak eta basomalkor beltzak ikusia izanik, probintxi xuri aldera kuxkurtu ez den napar bakanetako batek. Euskarak eman duen lehenengo pentsalari liberalak. Gure gogo extua oraindik inork ez bezala lasatu duen noble eskeptikoak. Euskal literaturan, inoizko urrerik gozoena lantzen ari denak. Atxagarena, bere garaiko komertziante negarti pantasiosa baten girgileria besterik ez litzake, harenaren aldean. Barkatu, barkatu, barkatu. Igerriko zenion gaurgero: katedratikoek, apezkondo antropologoek, intelektualillo demokratta ahoxuriek, eta gainerako euskaldun normaldu guziek zokoratua daukaten rara avis batez ari naiz. Zeinen izengoiti polita, ez? rara avis. Zer pentsatua eta guzi ematen du. Ez da mirari. Bost mendetako hutsa betetzera etorri baita Gilen lana euskararen alorrera. Hobeki esan, bost mendetako tortika kentzera. Eta jendeak ezin eraman zolpeko gordina. Ezin bapatean kendu hainbeste zolda gainetik. Beharrik, azalak itxura eta omena alde izanarren, denborak ederki bereizten duen ale gizena eta akala!
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres