« Udaberriaren patua | 17-17-N.M.5 »
Mila urte igaro eta, ura bere bidean / Andolin Eguzkitza / Susa, 1993
Uraren bidaia Amaia Iturbide / Hegats, 1995-11
Hitz limuri eta errotsuen artean estali eta azaltzen da Andolin Eguzkitza Mila urte igaro eta, ura bere bidean zehar. Ilhan Berk poeta turkiarrak, besteak beste Río hermoso-ren egileak, non miratzea maitasuna den, esango digu zailena poemaren bizitza bizitzea dela, idaztea gero datorrelarik. Eguzkitzaren poemario hau ere ildo horretatik dabilelakoan nago, hots, experientziaren ondorio da.
Maitasun olerki lirikook irakurtzerakoan odol-hariz zeharkaturiko kristalezko arkitektura agertzen zait, urruna eta jadetsezina, eta horren kariaz minez eta grinaz haragitua egilearen hitza. Amodioa eremu sakratu eta fruitu zoritua zaio, erretiragunea, non izpirituak gorputzarekiko komuniora heldu nahi lukeen. Baina gauza bat da ametsa eta beste gauza bat errealitatea. Desioaren ostean etsipena dator. Hain zuzen ere, bi ezpata zorrotzon arteko esgriman soslaitzen da poemarioaren oldarra. Baina suaren egonezinak eta kemen gartsuak ez dute hartuko testu poetikoa; nahiz eta erdietsi-ezinaren barne giza-gatazkak tratamendu lausoagoa izango duen, ura dela bide. Badago, beraz, umotasunik; hots, uhalez bridatutakoan zaldi aztoratua arrain bilakatuko da.
Maitasunarekin batera uraren presentzia etengabea da. Ura, amodioa bezala, bidaia da, lehia, ihesa; negarra, zeinu abstrakto eta anbiguoetatik isuritako kezkazko likido destilatua, sentimendu egina eta eragina; azal leunekoa eta, era berean, urratua; bilakaera; arnas luzeko bidaiaria; ura, amodioa bezala, gazi-gozoa da, ospakizuna; baina, baita ere, denboraren igarotze zinez mingarria, urak dakarrena urak baitaroa; labankorra, desegiten dena; hauskorra eta erro bakoa; bakartia eta askea, botonatu edo enkorsatu ezina; hitza eta murmurioa da; indartsua eta ahula, jostaria zein betosko beltzekoa; ebaki eta erabakitzen duen haria; uraren sinadura, maitasunarena bezala, sotila da; ura, amodioa bezala, mila eratakoa da, mila itxura bar ditzake.
Uraren semantikan badago hitz esanguratsu bat: ispilua. Ispilua objetu erotikoa eta erdietsezina da, zeinen barruan eta Miranderen estetikaren ildotik baina ahots pertsonalaz Andolin Eguzkitzak poemak zizelkatuko dituen, arte lana lortzeko ispilua bera haustearen nahigabea eta zirrara Joseba Sarrionandiaren poemen giroko etsipen malkotsuarekin nahasten dituelarik.
Egilea bat egiten da urarekin eta maitasunarekin, eta horregatik, poeta gehienek bezala, barne borrokaren ondorioz, exilioa, barne exilioa zehazkiago adierazteko, bilatuko du, ihesa, uraren eta amodioaren egarriz. Izan ere, Andolin Eguzkitza murgilduko da, hala nola arraina uretan, berak propio eta akupunturaren terapiaz ehotu duen geografian zehar. Eta hiri ezezagunetara itzuriko da “bidaia” hitzaren utopian babesturik. Hiriak zer dira azken finean? Gizaki modernoak asmatutako espazio behin behinekoak, bere beharrak eta kezkak adierazteko plataformak, tabernak bezala, gizaki arrotz eta bakartien topalekuak. Hiria modernitatea bera da. Praga, Budapest, Zurich, Ottawa, Kalifornia, Egipto, Grezia, Txina, Bilbo, Gasteiz edo Japonia…izango dira, besteak beste, poetaren ostatuetako batzuk, zeinen barruan galderak eta gogoetak destolestatuko baititu, irakurketak eta berrirakurketak, lehenengo eta bigarren eskukoak. Eta mezuarekin batera poetaren testua antolatzeko asmoa etorriko da. Zitak ez dira alferrikakoak. Hiriak bezala, zitak ezezaguna eta bestea besarkatzeko nahiaren zantzuak dira, kukuhabiak, balizko bideen balizko keinuak tarte jakin eta mugatu batean, irtenbide-kleenexak. Izan ere, poetaren barnea puskaturik dago, puzzle itxurako hiriaren islada.
Hiriak eta poetaren gurariak. Leku izenak ez dagozkio sinbologia ainguratuari, baizik eta tonu mugagabeko mapa lainotsu baten barreneko desioaren geografiari. Horrexegaitik hiriak hareazkoak izan litezke. Datek lekukotasun gisa funtzionatzen dute edo denbora berreskuratu xedearen aztarna legez.
Harat-honat zalantzakorretan ibili eta gero gunerantz egingo du bidaia, hainbeste etxebizitzaren artean bera den haragizko zuhaitza jasoko da. Bere bihotza eta bere buruaren jabe da, badaki nor den eta zer daukan barnean, eta argi eta garbi aitortuko digu: Euskalduna bainaiz /Euskal Herriko lur sagaratuaren seme errumesa, / mundu honetan ezin lapur diezadaketen dohain bakarra (39 orr.).
Dakusakegunez, poemario honetan badago modernitateari eusteko asmorik, horregaitik dago elementu kontrajarrien arteko sintesia, sintesia baita aurrerapausoa, pertika-jauzia. Erroa eta ura lotuko ditu. Urak eta bidaiak, berez eta eitez ziklikoak direnek, ziklikoak izaten jarraituko dute, baina baita ere egitura linealaren hari bilakatuko, hiria eta modernitatea direla medio. Sintesiak oreka esan nahi du, horregaitik elkartuko ditu esaera zahar kutsuko liburuaren izenburua liburuaren barruko mezu berritzailearekin.
Hizkeraz den bezainbatean, badago fonetika zaintzeko helburu garbirik, soinuz irudikatzeko manerarik. Kirolari arinaren antzako bere idazkera zaluarentzat, Joseba Sarrionandiak, Luis Berrizbeitiak edo Juan Ramon Madariagak bezalaxe, Andolin Eguzkitzak Iparraldeko hiztegi xarmanta, soinuz xirulatua aukeratuko du, bizkaieraren eta zubereraren hoskidetasunaren izenean. Idazle multzo hau antzar ausarten gisa abiatuko da oraindik hegoaldekoontzat utopiarik gordetzen duen Iparraldeko hizkera ezkutuaren bila.
Bukatzeko, liburu mehe honen azken poema hautatu dut Mila urte igaro eta, ura bere bidean-en ikurra baita, ene irudiko:
Ura bezalakoa naiz,
libre, labankor, orakaitza,
inon edeten ez naizena,
inork hartzen ez nauena
eta erreten pare bat igarota;
malkorik malko
itsasora heltzen naizena
Ura bezalakoa naiz,
nigar eta laino,
euri eta lanbro,
itsas zabaleko tanta bat,
edo Ibañetako elur bustia bezalakoa,
libre, bakarti eta harrapakaitza,
eta horratik desertu izan nahiko nukeena,
oasiaren bila abiatuta
nigan berdin zenezakeen zeure egarria (63-64 orr.)
Poema esanguratsua, adjetibazio tinko eta finez zeharkatua, non negarra hautsi berri den kristalaren zauria baita.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres