kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Graffitien Ganbara / Joxe Austin Arrrieta / Gipuzkoa Donostia Kutxa, 1997

Graffitien ganbara(tik) Itxaro Borda / Hegats, 1997-12

Aspalditik libururik erosi gabean, paketeak postaz iristen direnean, nonbait hitza (a)ments, paperezko geriza, urduri xehekatu eta ikusi dudalarik Joxe Austin Arrietaren olerki bilduma bat zekarrela tartean, emozioak hartu nau: Koldo Izagirren gisa, Arrietaren poesiek beti harri zizelkatu-berri usaina ekarten didate, “gauerdiko trenetan” irakurtzen nituen Mintzoen Mintzak (1989) hura gogoaren zihikatzaile. Idazle frustratua nabilen une honetan, —salbatoki bakarrak zaintzen saiatu arren, aitzurrak, palangaxkak, palatxoak edo pintura freskoz emokatu ixopak dauzkat eskuartean noski behialako luma baino ardurago— “gutizia” hazten dit Joxe Austin (H)Arrietaren Graffitien Ganbara izeneko bildumak: badakit idazle donostiarraren obretan uztartzen direla segurki, funtsa eta moldea, hitza —gurea…— bere betetasunik gehienean orrialde zurian etzateko orduan. 1995eko Irun hiria literatur saria erdietsi duen honek ere ez du “tirantasuna” galdu.

Olerki bilduman zehar, egileak bidaia batera gomitatzen gaitu: lekuak, solasak, garaiak, euskalkiak, forma eta erreferentzia poetikoak agertzen dira bideko zedarri edo Matxitxakoko itsasargi beharrezkoaren antzera. Mississipiko kotoi-zelaietarik, Peru Abarkaren eleak bihikatuz, Maiakowski gurutzatuz Moskuko elurtean, Donostia eta Aturri hegiraino garamatza Arrietaren poesiak, burzoroa sortaraziz eta ohizko pentsa-mugak errautsiz. Bidaia doloretsua bistan 120 dena, herri izan nahiko lukeen eta herri oso izatera uzten ez duten lurraldean barna: hil-zoriaren kontzientzia azkarra duen hizkuntzak biltzen eta munduaren mila erasoei zabalik atxikitzen gaituen lurrekoak gara.

Barne/kanpoko bihotz-leialtasunaren guda hori, titulutik beretik antzematen zaio bildumari: graffitiak normalean edozein tokitako hormetan publikoki hedatzen dira, eta ez ganbara baten intimitate mutuan. Dikotomia horretatik, ttanttaka, mailu eta burni-kolpe ozen zein ixilka ixurtzen da Joxe Austin Arrietaren olerkigintza guzia, ederki erakusten duelarik barneko eremu dudakorretan, kanpoko ilun-izpientzat irekidura bat badela, eta alderantziz? Poesia, gure mintzairan behintzat, graffiti ezabakor bat dela frogatzen du donostiarrak, alabaina legea beren alde dutenek noiznahi gorde ditzakete ganbaratik hertsienetan itxuratu hitzen margoak; prekaritaterik handienean badabil herri honen ahots idatzia. Hemen literatura ez da “trukaketa” bat, lehiatzen eta aipatzen den merkatua baino haboroko zerbait da, urrako bat, sokorri eta elkartasunerako dei latz bat, urgentzia absolutoan eraikin baten oinetan pausatzen den harri heze eta mingarri bat.

Poesia hots.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak