kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Ortzia lorez, lurra izarrez / Josanton Artze / Elkar, 1987

Errotutako gizona Jon Kortazar / Eguna, 1987-10-01

Pozarren eta irakurtzeko gogo-minez hartu dut esku artean Artzek Ortzia lorez, lurra izarrez titulupean plazaratu duen liburu berria. Liburuak —egia esan—, idazlearen ixiltasunarekin bukatzeaz gain, idaztankera bereziaren fruitu loratua dastatzeko aukera eskaini digu.

Joxe Azurmendi, euskal kulturaren barnean nabaritzen den jakintza-tradizioaren faltaz ugaritan kexatu izan zaigu. Artzeren oroipena, aspalditxo galdua ez izan arren, herdoildurik geneukan egungoaren egunean bizi den gizartea honetan. Baina Erkiaga edo Etxaideren lana errekuperatu den bezala, ildo beretik datorkigu Artzerena. Berriak erakarriko digu zaharraren oroimena.

Lan hau ez da aipatu gabe utzi daitezkeen horietakoa; beste kontua da, ordea, atsegin izan ala ez. Bizirik diraute oraindik Juan Mari Lekuonak 1970. urtean idatziriko hitzok: Artze “Errotutako gizona, pentsamentu gurpil agirikoa”, eta “Teluriaren altzoan, erriaren zainetan”, zioten hitz haiek. Eta horrelakoxea da oraingo hau.

Baina aurrerakoekin alde handia nabari zaion lana izanik, oinarrigabekoak dira, nik uste, irakurle batzuri entzun dizkiedan eritziak. Bada aurrekoen eta honokoen arteko berezitasun argirik.

Artzek aldatu egin du ezizena; eta zeresanik aurkitu beharra zaio honi. Lehen Hartzabal zena, lautasuna bertikaltasun bihurtuz, Harzut azaldu zaigu. Eta Artzeren olerkigintzan nagusi ziren ildo ezagun bietatik —aforismo jokera eta hots-hitzetan oinarriturikoa— errefrau kutsuzkoa nagusitu zaigu.

Artzeren poesia, dialektika gotor batetan oinarritu da. Honela, bere poesia, errealitatearen mugen aurrean, Ironia herrikoiak eta etorkizunerako nahi lukeen zorion mugagabeen artean murgiltzen zaigu, baina pentsakizun sakon bezain ganorazkoetan jeikia. “Dakienak badakil nora dijoan jakiteko/ behar duela/ nondik datorren jakin” bertso zaila, liburuaren laburpen bikaina bihurtuko du Artzek. Bere olerkiak, Ironiak idealismoari jarritako errealismo jasankaitzan aurkitzen du seaska, eta izadiarekiko panteismo berritzailean etorkizunerako bide. Liburuaren erdialdean —oso egitura borobila duen liburua izaki—, eskuz idatzitako poemak ere zer pentsa asko eta hainbat giltza ematen digu bere mamia hausnartzeko. Baina horren aldean ere jar ditzakegu beste olerkiren batzuk.

Beste aldaketarik aipatzearren, puntu bitara mugatuko dugu solasaldia. Kanpoko zibilizazio zaharren oihartzuna gardena da oraingoan (156. or.) eta euskal errefraua zein beste errialde bateko esaera gizonari buruzko gai bakarra ziurtatzeko baliabide edertzat balitu bezala agertzen dira. Biek adieraziko diote Artzeri nolakoa den gizon sakon eta errugabearen irudia. Bestetik, gaurko zibilizazioari egindako kritika zeharo bortitza da. Laizismoak, kontsumo-gizarteak, eta askatasun sexualak, Artzeren luma-gezi ironikoaren ziztada hartzen dute zenbait pasartetan.

Liburu borobila, esanahiez aberatsa; Ying-yang barrokoa, gizonaren aurpegia isladatzeko saiakera indartsua.

Eguna, 87-10-01



www.susa-literatura.eus



Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak