kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Giza zirriborroa / Kaxildo Alkorta / Etor, 1972

“Giza zirriborroa”ren kritika dela eta Koldo Altzibar / Anaitasuna, 1973-02-15

Nire asmoa ez da eztabaida bat sortzea, beste eritzi batzuk liburu honi buruz azaltzea baizik. Ba ote daiteke, Haranburu-Altuna jauna?

Alegiako idazleak esaten digu, “nire kritika gogorra bada, ez da inori harpa jotzearren, liburu honek kezkatu nauelako… baizik”. Kritika, behar den bezalako kritika denean, nahiz eta gogorra izan, egin beharrezkoa da. Baina kritika objetibo bat egiten ahalegindu behar dugu. Problema ez da kritika gogorra den ala ez, ona ala txarra den baizik. Eta bildur naiz, Haranburu-Altunaren kritika ez ote den subjetiboegia.

Azkarra da gure “kritikoa”. Ez dago dudarik. Ikus dezagun bestela nolako argitasunarekin ikusten dituen besteren asmoak, “gustatu egin nahi du” eta “listokeria” erabiltzen baititu Alkortak bere liburuan. Listokeriatik listokeriara, nor listoago? Duda gabe gure kritikoa, zeren haren dogmatismoak ez baitu azkenik: Ni, ni eta ni: eta, nolabait, besteok ez gara ezer.

Ba daiteke, Don Quijoterekin konparatzea Kaxildo Alkorta, gehiegi izatea; baina, nahiz eta Haranburu-Altunak onhartu konparazio guztiak gogaikarriak direla, bera ez da atzean gelditzen konparazioak egiten. Non dago beraren logika? Beste batzuok ez dugun “heldutasuna” erakuts dezala, mesedez!

Alkortak “errealitatearekin, ez omen du loturarik”. Gizarteari, gizonari buruz hitz egitea ez bada behintzat errealitatearen zati bat, esan diezagula Haranburu-Altunak zer den “errealitatea”.

“Zenbait idazle erdaldungan ba du zerikasirik”. Bai ba. Nola gure euskal literatura “apaiz literatura bat den, literatura erlijiosoa, burges klasearen eragile eta mendeko”, erdal idazleengana jo beharko dugu. Hau dela eta, beste galdera bat egingo nioke Haranburu-Altunari: Zer da literatura burgesa? Zeren ez baitakit nola bereiz dezakeen hain garbi literatura burgesa eta literatura proletarioa. Marxek berak ez zuen hain garbi bereizten behintzat: “Oztopoa ez da, greziar arte eta Eros delakoa desarroilo forma batzuekin lotuta daudela ulertzea. Oztopoa hau da: atsegin estetikoa ernaten digutela, eta, nolabait, iritxi ezineko norma eta eredu bezala direla…” (Marxek “Ekonomia Politikoaren Kritika”n). Nola izan daiteke, Marxek hainbeste maitatzea arte burges eta zapaltzailea? Zergatik irakurtzen zituen Marxek urtero Eskhiloren obrak? Arrazoia Leninek ematen digu: “Istudioa zientzi gaia da, eta, aspalditik printzipio orokorrei buruz iharduten ez denez gero, esperientzia praktikoari buruz baizik, espezialista zientifiko eta tekniko bat, burgesa izan arren, baina bere gaia ezagutzen duena, askozaz beharrezkoagoa dugu, gaueko eta eguneko edozein ordutan tesiak idazteko, lemak botatzeko eta abstrakzio hutsak aurkezteko prest legokeen hantustezko komunista bat baino” (Leninek: Le X Congres du P. C., 8-3-1921).

Alkortaren liburua ez omen da irixten “literatur mailara”. Zergatik ote da, Alkortaren entseiua “pobrea” delako ala Haranburu-Altuna literatur kontzepzioa hodeietan dagoelako? “Zeren eta literaturak aske izan behar du, ezen ez ideologia baten mende. Benetako literaturak sortu egin behar du ideologia eta ez gauza jakinak errepikatu”. Arrazoi berdinagatik Mogelen “Peru Abarka” ez omen da literatura, “enziklopedia” bat baizik. “Enziklopedia bat, jakintza ofizial bat errepikatzen duena. Kasu honetan jakintza hori XVIII.eko euskal burgesia-oligarkiaren ideologia klerikal-txaubinista da”.

Nor da, orduan, euskal literato bene benetakoa? Jakina, Haranburu-Altuna eta beste pribilegiatu gutti batzuk bakarrik. Baina aurrelari izan nahi duen kritikoa ez ote da atzean gelditzen? Nondik begiratzen zaion ikusi behar. Begira zer esaten digun Leninek: “Marxismoak, proletalgo iraultzailearen ideologia den neurrian, garrantzi historiko bat lortu du; eta hau, burges haroko konkistarik haundienak baztertu beharrean, bi mila urte baino gehiago duen giza pentsamenduan eta kulturan aurkitzen ziren edertasun bitxiak asimilatu eta birpentsatu dituelako da… Abiaburu hau kontuan harturik, Rusiako Proletkult delakoaren biltzarrak guztiz gaitzesten ditu, teori mailan faltsu eta praktika mailan kaltegarri bezala, kultura partikular bat asmatzeko eta erakunde espezializatuetan ixtearen aldeko ahalegin guztiak” (Leninek: De la Culture Proletarienne, 8-10-1920).

Azkenez, benetan euskaldunok behartuta gaude Haranburu-Altunari eskerrak ematera, haren arduragatik ETOR bezalako editorial bat gero eta gorago joan dadin. Dena dela, ea gure literatura “apala” maila hobe batera irixten den. Horrela izan dadila.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak