kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Pio Baroja / Askoren Artean / Etor, 1972

Pio Baroja, elkar lanean, ETORen Armendaritz / Anaitasuna, 1973-01-15

ETOR editorialak ohi duen presentazio atseginaz, jaso berria dugu Barojaren omenez ateratako alea, sorta honetako hogeigarrena egiten duena. Bertan, Caro Baroja, X. Lete, Harzabal, aita Gotzon Goenaga, J. San Martin eta A. Lertxundiren lan batzuk —oso ezberdinak— bilduta daude, Barojaren lana, ingurua, literatur balioak eta giza nortasuna agertzeko moldatuak.

Kritika sakonago bat merezi duen liburu bat den arren, diogun, laburki bederen, gure eritzia hain apala eta desinteresatua ez den arren, Caro Barojaren txostena, —S. Basaurik oso ederki euskaratua— ongi biribildurik dagoela, apologi kutsua ahaidetasunagatik barkakizun zaion arren; Harzabalen poesia —bere estetizismo nabariaz— oso interesgarri iruditu zaikula; Gotzon Goenagaren kritika, koruaren sartzeak dukeen garrantzia gorabehera, folklorismo usain gehiegizkoa dela; San Martinen famili azterketa zinez ongi egina, eta A. Lertxundiren saioa, bere laburtasunean, poliki moldatua dela.

Xabier Leteren lana, denetarik luzeena eta mamitsuena, oro har, lan serio eta zentzuzkoa iruditu zaiku, honelako lan gehiago maizago ez egitea sentitzen badugu ere, horretarako ere dohainik asko du eta.

Agian Leteri bere Barojazaletasun gehiegitxoa bota lekioke aurpegira, berak liburuan bertan esandakoa, paradoxaz, berberari bihurtuz, hots, Baroja juzkatzeko duen biguntasuna beste inorekin ez darabilala. Akort, zeharo akort gaude Leterekin, sasoi batetako planteamendu eta pentsamoldeak geroagoko eta gaurko euskaltzaletasun beharrezko eta onuragarri baten iturri premiazkoak zirelakoan; baina orduan, ez gaur. Horregatik, ordurako guztiz justifikatuak baziren ere, ez dugu uste, gaurko, inondik ere justifikagarri direnik.

Barka biezat Letek, baina berak pentsamolde politiko eta gertakizun sozial eta historikoen azterketa zehatz, iustu eta osoa une guztietan zein den ezagutzeko giltza bada, zorionak berari; baina gure zoritxarrerako, beste askok ez dugu holako kharismarik, destino bat unibertsalean delakoa maize aipatzen zutenei berek —eta ez bestek— ba zutela sarritan entzun arren. Zer eginen diogu! Honetan ez gatoz bat. Beharbada, Xabierrek, zientzia fizkziozko ipuin batzuen egileak juzkatu baino lehen, kontuan hartu beharko zukeen, lehenagoko jokabide arrazista batzuen indarberritzea zein gauza nabaria den gure artean. On luke, honetaz, “Lotazillaren 16ko AGURen” lehen orrialdean azaltzen den editorial bikaina irakurtzea. Eta Barojaren arlora itzuliz, diogun, azkenez, presa gehiegia erakusten dela, alde batzuetatik, haren euskal errekuperazioa egiteko.

Txekoek, beren hizkuntza salbaturik ikusi ondoren, ez lehenago, egin zuten Kafkaren errekuperazioa. Agian, Barojari, Unamunori bezala, geure baiezkoa eman beharko diegu noizbait; baina nik neuk ez diet neurea emanen, bizi dadin eten gabe ahalegintzen naizen Euskal Herria —haien ahaleginez, honez gero, berdin hilik zegokeena— sendoagorik ikusi arte.

Eskatzeko: ETOR, Ediciones El Mensajero del Corazón de Jesus, apartado 73. Bilbo.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak