« Ezkutukoak desestaliz | Azalaren oroimena »
Desira izoztuak / Ana Urkiza / Elkarlanean, 2000
Irakurle izoztua Iban Zaldua / Ipar Atea, 2001
Iruzkin honetan Ana Urkiza ondarrutarraren aurreneko narrazio bilduma aztertuko dugu: Desira izoztuak. Euskararen alorrean lan dezente egin duen egile honek euskal literatura aberastera etorri den emakume idazle berrien taldeko partaide da, eta, liburu honegatik ez ezik, ezaguna da Euskaldunon Egunkarian eta Deian argitaratzen dituen zutabe eta liburu-iruzkinengatik. Orainsu argitaratu du, bestalde, bere lehenengo poesia liburua.
Asegabeko grinek, lurrazpiko edo azal azpiko desira bete edo betegabeek, nahi ezkutuek osatzen dituzte hamalau ipuinok lotzen omen dituzten hariak. Liburua bi ataletan banatuta dago: “Ezkutuko desirak” eta “Ageriko desirak”. Harkaitz Canok, bere kritika laburrean, liburua oso “konpaktua” iruditu zitzaiola aipatzen zuen, eta ni ados nago haren iritziarekin, nahiz eta jakin ez ea arrazoi berdinagatik ote den: kontua da niri zaila egin zaidala topatzea atal bateko eta besteko testuen arteko desberdintasuna zein den, hau da, zein irizpide erabili duen egileak sailkapena proposatzeko orduan. Hirugarren pertsonaren erabilera handiagoa da “Ageriko desirak” atalean, lehenengoan baino, baina ez dirudi hori denik gakoa; nire ustez, tonua eta planteamenduak oso antzekoak dira liburu guztian zehar. Txarra ez den zerbait, berez.
Narrazioen luzera ertainetik motzera doala esan daiteke; ez dago ia luzea kontsidera dezakegunik (“Denborak ezabatutako memoria” eta “Romulo dut izena” deritzonak alde batera utzita, apika). Protagonista eta narratzaile asko emakumeak badira ere, badaude ipuinotan rol nagusia hartzen duten gizonezkoak ere (“Ezezagunaren esku artetik”, “Idatzita zegoen”, “Zorion unerik gomutagarriena”, “Tentaziozko tratua” eta “Zalantzak uxatuz” hiperlaburrean, eta baita, erdizka behintzat, “Urrutiko gutunak” eta “Kaleetan barrena herrari” delakoetan ere). “Emakumeek emakumeentzat emakumeez” idatzitako literaturaren topikoetatik urruntzen da, beraz, egilea, alde horretatik behintzat.
Bestalde, behin baino gehiagotan, tonu nolabait lirikoa gailentzen zaio narratiboari, eta metaforaren eta konparazioaren erabilera zabala egiten du egileak, bakarrizketetan eta pertsonaiek pentsatzen dutena azaltzen duenean batik bat, eta, egia esan, ipuinotan akzio gutxi dagoela esan daiteke. Horretaz gain, leku eta denborari buruzko datu gutxi eskaintzen zaizkigu, orobat, eta deskribatzen diren egoerak eta gertakariak nahikoa arketipikoak dira, orokorrak, xehetasunik gabekoak; esan bezala, egileak kasu gehiago egin nahi die sentimenduei eta gogoetei, pertsonaien inguruko munduari baino. Hala, adibide bat ematearren, “Kaleetan barrena herrari” ipuina Alemaniako Neuburg herrian kokatzen da, ziurrenik gure denboran, edo ez oso iragan urrunean behintzat (pertsonaia nagusia “Munich-eko kutsadura zaratatsutik” ihesi doa hara), baina istorioa eta, batik bat, askaera edozein garaitan gerta zitekeen (izan ere, antzinagoko denbora batekoa dirudi, edo Antzinako Errejimeneko ipuin herrikoietakoa, gure garaikoa baino); gauza bera ikusten da “Tentaziozko tratua” delakoan. Beste ipuin batzuetan datu zehatz gehiago eskaintzen badira ere, argi dago ez dela hori egileari gehien interesatzen zaiona, eta, alde horretatik, narrazio hauek ezin daitezke errealistatzat jo (zentzu hertsian behintzat).
Edozelan ere, liburu ahula iruditu zait Ana Urkizaren lehenengo hau. Badago baleko zantzurik, eta akaso ahots propial baten garapenerako itxaropena iragar dezaketen xehetasun batzuk, noski. Ipuin liburu guztietan gorabeherak aurkituko ditu irakurleak, jakina den bezala: generoaren ezaugarri derrigorrezkoenetako bat da, azken finean. Gakoa irakurtzen jarraitzea lortzean datza; hots, ipuin batek, nahiz eta irakurlea asebete ez (edo horregatik hain zuzen ere) hurrengoa irakurtzera bultzatu behar du, eta hurrengoa, gaur bertan ez bada, bihar edo etzi. Ana Urkizak ez du halakorik lortu nirekin: lehenengo hiru edo lau ipuinak irakurrita badakigu hurrengoetatik espero daitekeena (eta honekin lotuta dago, nire ustez, arestian aipaturiko lanaren “konpaktotasuna”). Saiatuko naiz azaltzen nire iritziaren zergatiak.
Urkizaren idazkerak ez du zailtasun berezirik; erdarakada batzuk alde batera utzita (“Joanak telefonoz errazturiko helbidera heldu”, “Belarri ondoan pitxerkada ur freskoa baino hotzago suertatu zitzaizkion hitz haiek”), euskara ulergarri eta sinplea erabiltzen du. Hala ere, ez nuke esango idazkera erabat argia denik, agian lehen azpimarratu dudan metaforen, konparaketen eta irudi poetikoen erabilera batzuetan bortxatuagatik, eta esaldi —zenbaitetan esakune— borobilegiak eraikitzeko grinagatik. Horrek, batzuetan, testua nolabaiteko esnobismoaren mugetaraino eramaten du, esaldi honetan bezala (zeina, bestalde, ipuinaren gakoa baita): “Kuttun hisiak, ama-alabon artean, intimitatean bakarrik zilegi zaizkigun lizentziak direla ulertu dudala esateko…”. Edo beste honetan: “Iñigok berehala konprenitu zuen orduan, bi anaiak bereizten zituen horma ez zela bi minuturen arteko denbora tartea, desira batetik formulatutako apustua baizik, zeinak bizitza ezberdin bi izkiriatu zituen nonbaiten”; adibide gehiago aurki daitezke. Joera horrek, oro har, trabak jarri dizkio nire irakurketari, eta ipuinen eraginkortasunaren aurka jokatzen duela pentsatzen dut.
Horrekin badago lotuta, nire ustez, egileak ipuinei eman nahi izan dien tankera: oso sinbolikoak dira, askotan, eta, ondorioz, parabolaren antza handiagoa dute, ipuin-ipuinarena baino; izan ere, batzuei irakaspen esplizitua baino ez zaie falta alegi bihurtzeko (ikus “Orkidea sorta eder bat oparitu ziotela gogoratzean bezala”, “Tentaziozko tratua”, “Kaleetan barrena herrari”, adibiderik argienak bezala, nahiz eta esaten dudanaren zantzuak beste hainbatetan aurki daitezkeen). Ez da, noski, ipuin konbentzionalagorik falta: “Ezezagunaren esku artetik” mota horretakoa da, eta ez da txarra; eta “Romulo dut izena” delakoak badu, bere progresio txukunean, suspentse puntu erakargarri bat ere. Baina gehienetan ez da halakorik gertatzen, eta sinbolikotasuna eta traszendentzia-nahia nagusitzen dira. Horrek, berez, ez du zertan txarra izan behar, eta sailkapen horretan sartu dugun “Tentaziozko tratua”, adibidez, duina iruditu zait. Baina, Kafka edo Buzatti bezalako idazleek ondo zekiten bezala, zaila da egoera eta pertsonaia arketipikoen erabilera, eta are gehiago (ia) denbora eta espaziorik gabeko eszenatokietan kokatzea: alde batetik, horrela kontatzen diren istorioek (argumentuek) indar berezia izan behar dutelako, eta, bestetik, baliabide narratiboak ondo menperatu behar direlako. Besteak beste. Ana Urkizak, ordea, ez du beti asmatzen ez bide batetik, ez bestetik abiatuta.
Liburu honetako istorio asko hutsal samarrak iruditu zaizkit, gatzik gabekoak. Aipatu indar hori falta zaie. Sentiberatasuna darie, baina egilea ez da gai sentiberatasun horrekin hunkitzeko. Erabiltzen dituen baliabideak, metafora horietako batzuk adibidez, higatuegiak daude, topikoak dira, eta nerabetasun kutsua dute. Horren adibiderik argienak, nahiz eta bakarrak ez izan, “Urrutiko gutunak” ipuin epistolarrean aurki daitezke. Beste bat: “Orkidea sorta eder bat oparitu ziotela gogoratzean bezala”-ren gakoa, umetatik unibertsitatera heldu arte protagonistak duen gailetatxo marka batekiko asegabeko gutizia, narrazioari eusteko motibo nahikoa ahula iruditzen zait, sinesgaitza izateaz gain (antzeko zerbait gertatzen zaio “Asebetetako igande goiz batez” ipuin laburragoari, baina hobeto funtzionatzen du “Orkidea…”-k baino, haraindikotasun gurarik ez duelako, ziurrenik).
Izan ere, ipuin askoren egiantzekotasun urria liburu honetako arazo handienetakoa da. Esan bezala, narrazioa sinbolikotasunaren edo transzendentziaren zerbitzura makurtzen da, sarritan, eta fikzioa egoera sinesgaitzetara eramaten du. Horren lekuko dira, esate baterako, lehenengo ipuina (“Denborak ezabatutako memoria”, zeinaren amaierak, ispiluen joko bat bihurtzeko helburua duena, harrigarriegia izateaz gain, ipuinaren muina bera deusezten baitu), “Idatzita zegoen” (bikien arteko zanga, amaren eta Anjelen grina, baita amaiera bera ere hiperbolikoegiak dira), edo “Orkidea sorta eder bat oparitu ziotela gogoratzean bezala” (aipatu arrazoiengatik).
Ez da harritzekoa amaieren egiantzekotasun falta, ipuinen askaerak baitira, nire ustez, Urkizaren teknika narratiboaren puntu ahulenetako bat (genero honetako irakurle eta kritiko guztiak bat ez datozela jakinda ere, amaieraren garrantzia azpimarratzen jarraitzen duten horietakoa naiz; honi buruzko argudio gehigarrietarako, ikus Ricardo Pigliaren Formas breves liburuko ipuinari buruzko tesiak). Aipatu kasuez gain, “Ispilu aurrean” ipuinean lortzen duen giro doilor eta opresibo egokia, esaterako, erabat hausten du egileak fantastikoa baino metaforikoa izan nahi duen azkenarekin; “Kaleetan barrena herrari”-ri antzeko zerbait gertatzen zaio; eta akats hori oso nabarmena da baita “Sikiera orain badaki”-n ere: maitagarrien ipuinetakoa dirudien lehenengo amaiera faltsua irensgaitza bada, are desegokiagoa suertatzen da horri buelta ematera omen datorren benetako azkena.
Ordea, irtenbide sinpleagoetara jotzen duenean asmatzen du Urkizak: esaterako, “Ezezagunaren esku artetik” edo “Romulo dut izena” ipuinetan (azken horrek sarrera luzeegia duen arren); hain borobilak ez badira ere, ezaugarri eta pasarte erakargarriak dituzte “Ispilu aurrean”, “Asebeteko igande goiz batez”, “Tentaziozko tratua” eta, akaso, “Aldegindako hodeiak” kontakizunek ere. Eguneroko bizitzaren xehetasunen deskribapena pertsonaien (batez ere emakumezkoen) pentsamenduen segidarekin bilbatzen duenean lortzen ditu Urkizak, nire ustez, emaitzarik onenak.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres