kritiken hemeroteka

8.508 kritika

« | »

“Eusko-olerkiak” / (Liburu zehatzik ez)

“Eusko-olerkiak” Jautarkol / El Día, 1935-09-15

Beste liburu bat degu eskuartean: olerki-liburua, au ere “Euskaltzaleak” argitaratutakoen bosgarren olerki-idaztitxoa degu auxe. Gañerako lau aizpak bezain txukun jantzia ta ikusgarria. Zarautz’ko olerki-gudura igaz eldu ziranetatik aututakoak ditugu geientxoenak. Gaztelu, Erkiaga ta Onaindia olerkari gazteen bertso-sailla dakar azken-orrietan.

Aurez-aurrean, aurre-itzaren gisa, Aitzol langille ta jakintsuaren idaz-lan eder bat topatuko dezu. Etzaitez aurrera, irakurle, abiatu, lan bikain auxe irakurri gabe: saritutako bi olerkien berri argi ta garbi antxe ematen baitu. Ederki adierazten digu gañera, bertso oien balioa ere zenbatañokoa dan, eta nundik era nola sortutakoak.

Zaitegi’tar Yokin, olerkari gazte bezin azkarraren “Tori nire edontzia” deritzan olerkia degun lenengo sariz saritutakoa. Olerki onen gaia Omero’k eta Mistral’ek ere erabilli zutela, ezin ukatu; baiña Zaitegi’k bere erara, eusko-erara artu ta tolestatu du, ta olerki berri bat, eusko-usai gozoa darion olerki ederra eman digu. Irudimen biziko olerkaritzat jotzen det nik beintzat, atzo arte ez-ezaguna nuan gure olerkari au. Asmo ta gogorapenak, kolore ñabar-pollitez jantzitzen ederki daki, baita batasun-kate urrezkoz irudiak, biozkadak eta bururapenak alkarrekin tajuz lotu ta jositzen ere.

Bertsoa egoki ta trebe darabilki; biño, biurri-xamar. Bertso gutxitan edergarri asko sartu nai dizkigu ta olerkiaren argitasuna lausotuta uzten du zertxo bat. Olerki-gaiak ez dute bertsoetan lasaegi ere egon bear, noski, baiña gutxiago estuegi. Ez estu, ez lasai, bere neurrian leudeke ongien ta ederkien. Neurriko soñekua olerkiei egiteak, eman oi-ditu lanak. Ondo baño obeto dio gai oni buruz Aitzol’ek aitatutako bere aurre-itz edo prologo ederrean: “Jo beza bertso leun, gozo, errezetara Zaitegi’k, orretarako gai dan ezkero. Mamia sakona, goi-indarrez betea izan bedi: azala ordea, adi-erraza, leuna, irakurri utsakin irakurleak ulertu lezakena. Orduantxe gogoa poztutzen zaigu; edertasuna nekerik gabe atxitzeak lilluratzen baigaitu”.

Orra, gure olerkari gazteok artu bear luteken bide-zabala. Utzi bitzate bidetxior illunok eta Aitzol’ek erakusten dien bide eroso orretatik ziar jo bezate lasai, bildurrik gabe. Artu bezate bertso-egintzan eredutzat edo ikasbidetzat gure Orixe jatorra: ez dira, onek eskutik daramazkiela, illunpetan eroriko. Irakurri, liburu ontan dezuten bere “Gure zizak”. Ez dezute or arkituko, irakurri utsez, ulertuko ez dezuten deus ere. Guzia, argi-argia, eguzkiak jotzen duan ispillua bezelaxe. Argatik, era ontako eder-lanak zoratzen gaituzte, neke-pikorrik gabe, eder-kutsua nabaitzen baidegu. Bai olerki pollita auxe! Bizitza-dardara ageri zaio burutik oñetaraño; eztitasuna dario gorputz osoaren zulotxoetatik. Azken-bertsoak bakarrik uzten nau txundituta, olerkiak aitatzen digun samiña ezin ulertuz: ez, itz errezez eta bertso legunez adierazten ez digulako, samintasun orren zioa edo motiboa garbigo azaldu nai izan ez digulako baizik.

Olerkitxo au esaera ederrez beteta dago. Belarretan zizak sortu zirala esateko, onela dio:

“Goiz-intzak parra eragin dio
belar-koroi berdeari…”

Eta zizak zer diran, era polit-uts ontan adierazten digu:

“Udaurrean parra da ziza
belar-koroien tartean;
inguruka ala jaiotzen dira
ortzak aurrean oiean…”

Ontatik antz-emango diozute, noski, besterik gabe, zein goxoa ta xamurra degun olerki osoa.

Era ontako bertso ariñak, baiño, ziñetan pollitak irakurri-ondoren esan lezake iñork, alako apaiz batek Lauaxeta’ren “Arrats-beran”tzat esan zuana: “txorakeriak”. Ateraldi onek, Herrera Oria’tar Koldobika Aita jesuita idazle españarrak aitatzen digun beste ateraldi xelebre bat ekartzen dit gogora:

Félix González Olmedo’ren “De la vida” deritzan olerki-liburuari egin zion itz-aurrean aipatzen du. Herrera Aita, bai omen zegon bein izketan buru argiko ta eskola aundiko zan jaun batekin, eta ark oni laister argiratzekoakziran Olmedo’ren olerkiak aitatu zizkion bezin laister, jaunak arrituta ta ben-benetan erantzun omen zion: “Bertso-liburu bat…! Baiña, ¿ez al dago ba, esana, gai ontan esan liteken guzia?”

Jakiña, olerki-liburuak, ez jaun onentzat, ez alako apaizarentzat, onela pentsatzen duan iñorentzat, argitaratzen ez dira. Olerkiak, —beste edozein erti-lan edo eder-lan bezela—, edertasuna nabaitzen eta miazkatzen dakitenentzako bakar-bakarrik argitaratu oi dira. Bai-baidira, beste gai askotan jakintsu izan arren, edertasun au oartzeko gauza ez diranak. Ez lezateke, beraz, auek, gai onetaz iritzi zuzenik eman. Baiña… “paulo majora canamus…” Jo dezagun gorago; artu dezagun utzitako aria.

Mintzatu gaitezen igaz saritutako poematxoaz eta beste liburu ontako olerkiaz ere, zerbait beñepein. “Orio’ko Umezurtza”, mamiz ta azalez, eztia darion abaraska deritzait; ain da goxoa ta eztia. Txikia dezute, baiña ondo aragiz ornitua, ederki borobildua, eta era askotako bertso-janzki apaiñez dotoretua, modan-modan jantzia. Gure artean, bertso-egintzan treberik ba’degu, Loidi auxe degu benetan maixu. Zorrila ospetsuaren gisa, zenbait bertsoetan, —trenaren ibilketa aditzera ematen digutenetan, esate baterako—, ba’dirudi esaten ari zaiguna ikusi ez ezik, aren ibilleraren otsa bera ere entzun-azten digula. Erderaz armonía imitativa deritzanaz bertsoak jazten ez dio oraindik gure artean eman iñork. Beste olerkariok ere, ageri zaizkigu aztertzen ari geran liburuan.

Muxika’tar Emiliano olerkari zaarrak bertso txukun bezin argiak damaizkigu: Ametzaga’tar Bingen gaztea berriz, biozti ta geitar nabari da; Ormaetxea, Karmeldarra, beti bezin ezti ta garbi; Erkiaga gazteak, Urkiaga ospetsuaren mallara igotzeko egoak dagerzkigu; Gaztelu’k eta Onaindia’k benetako olerkarien sena ta egazkada ageri-agerian dute…

Eta ez dizutet aipatu Zaitegi’ren “Eusko Artzaiarena” izena duen poematxoa. Olerkari saritutako onen izenpean lotsik gabe agertzeko diñakoa dezutela esatea, naikoa det. Bide erraz ta garbitik barrena dabilkigu poematxo onetan. Bertsotan, akatsik ez zaio azaltzen, eta euskeraren maratilla guzien berri ba’duela dirudi. Atsegiñez irakurri det, nik beintzat.

Ba’dezute, bada, lenbailen “Eusko-Olerkiak”, eta gure gaurko zenbait olerkiaren trebetasunak ezagutuko dituzute. Olerki auen ezti-tantoaz, gañera, bizitzaren beazuna, apurtxo bat beintzat, gozatzea gerta lezaizuteke. Eder-lanak, lurretik goruntz jaso-arazten bagaituzte, alditxo batean lurkoi bizitzaren garraztasuna aztu-eraziaz.

Azken kritikak

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Jon Jimenez

Amaieratik hasi
Naia Torrealdai Mandaluniz

Amaia Alvarez Uria

Simulakro bat
Leire Ugadi

Ibon Egaña

Bigarren sexua
Simone de Beauvoir

Mikel Asurmendi

Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz

Maddi Galdos Areta

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Aiora Sampedro

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Asier Urkiza

Diesel
Bertol Arrieta

Nagore Fernandez

Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark

Jon Jimenez

Basokoa
Izaskun Gracia Quintana

Joxe Aldasoro

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Mikel Asurmendi

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak