kritiken hemeroteka

8.680 kritika

« | »

Txakur zaunkak atean / Juan Martin Elexpuru / Elkar, 1989

Irakurlea ustez kanpo uzteko asmoz Josu Landa / Argia, 1989-10-15

Haurrentzako literatura eta itzulpengintzaren bidez plazaratu zen Juan Martin Elexpuru lehenbizikoz literaturara. Helduentzako alorrean ere, pare bat aldiz irakurria genuen here izena egunkarietan ipuin-sariren bat irabazi zuela eta. Banakako agerraldi horietatik pausu nabarmena jo du aurrera, ipuin-liburua berriki argitaratuz.

Plazaratu ere, umorea erreibindikatuz egin digu bergararrak. Haatik ez dugu txiste-kontalari hutsa baina. Horretaz aparte, imajinazio haundiko idazle antzeman diogu, errekurtso narratibo ugarikoa. Liburua oso desiguala da; era askotako ipuinak dakarzkigu. Ekin diezaiogun banan-banako errepasoari.

Txakur zaunkak atean ipuinak ematen dio bildumari hasiera eta izena. Irakurleak Elexpururen narrazio-moduari egiten dion lehenengo hurbilketa benetan atsegina da. Bertan antzeman daitezke egilearen dohai haundiak gauzak kontatzeko orduan: ezusteko egoerak asmatzeko irudipena, pertsonaiak aurkezteko era zehatz baina sujerentea, eta errazkeriarik gabeko hizkuntza sinplea. Konstante horiek ondoko ipuinetan ere errepikatuko dira, baina hasierako ipuin hau gerokoaren nahikoa adierazgarri suertatzen da. Liburuko ipuin onena izan zitekeen, bukaera topiko eta arrosegia tartean ez balego.

Lasai, Juanatonio, lasai ipuina, sariduna izanda ere, kaskarrenetakoa dela esango genuke. Ondo eraikia dago, eta protagonistaren gogoetei ezarritako gutunen kontrapuntuak ongi kokatuta daude, baina gaiak ez digu ezer berririk gogora ekartzen, eta aldez aurretik erraz igar daitekeen bukaerak duen interes apurra deusezten du ipuina amaitu aurretik ere.

Bidasoako azken laminan, laminei buruzko ipuinetan ohizkoa den laino arteko tonuari lotzen zaio, eta kontaketaren indarra bukaerarako gordetzen du, gaur egunean kokatutako bukaerak irakurlearen harridura sor dezan. Dena den, bukaerako giro-aldaketak trakets samarra dirudi, bortxaz sartuta antza.

Liburuko ipuinik ederrena da Bi begi eder haiek, geure ustetan dudarik gabe. Kontagaia sinplea izanik, eta kontamodua ere konplikazio haundirik gabekoa, ipuin osoari halako erditzalezko misterio airea kutsatzen dio egileak, bukaeraldean modu zoragarri batez borobilduz. Ipuin honetan bete-betean ageri ditu Elexpuruk gorago aipatutako dohaiak.

Gartzela giroan kokatzen da Antzarren zain deritzona. Ideia polita da, Juan Martinek hainbeste maite duen sorpresa-elemendua dakarren horietakoa. Daukan desoreka bakarra ia anekdota besterik aintzakotzat ez hartzetik etor daiteke. Gartzelako giroaz burutapenak eta ondorioak azaltzen dizkigu, beroriek erakartzen dituzten elemenduak deskribitu gabe. Ondorioz, anekdota apur bat tribializatuta gertatzen da.

Karrerista baten hasierak eta Tomas Marki, liburuko tonu narratiborik onenari eusten diote, Bi begi eder haiekaren ildotik. Beste haren borobiltasuna falta zaie, baina tonu eta giro aldetik haiek bezain atseginak suertatzen dira.

Orain arte aipatutakoekin tartekatuta, beste hiru ipuin daude, ipuinak baino txiste nobelatuak diruditenak. Hautagaiaren paperak, Jose Nazarethekoak munduko eritzi publikoari, eta Aberia, bakoitzak gai nagusi banari heltzen dio: politika, erlijioa eta sexua. Hauei darien umorea oso ironia gutxikoa da, eta susmoa dugu taberna zuloetako umoreak askoz gehiago izan ohi duela ironiatik txistetik baino. Alde horretatik, hain txiste ez diren beste ipuinetan tartekatzen duen umoreari deritzogu lortuena eta borobilena Elexpururen liburu honetan.

Azken hitz modura, liburu honek irakurlea estonatzea lortzen du. Gorabehera haundietako liburua da, eta nora jo ez dakiela gelditu daiteke bat. Baina zaila izango zaio irakurleari liburua bazter batera utzita ez bukatzea, elemendu interesgarri asko eta asko isladatzen bait ditu Juan Martinen estiloak estreinaldi gisako liburu honetan. Sorpresa eskergarri bat.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Ibon Egaña

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak