kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Gela debekatua / Mario Onaindia / Erein, 1988

Gela debekatua Dabid Zuazalde / Argia, 1988-07-10

Dudarik ez dago Onaindiari izugarri gustatzen zaiola narratze kontu hau, serio-serio hartu duela idazletza. Ez dakigu zenbatgarren elaberria duen denbora gutxian, eta aurrekoen aldean bada alderdi aipagarri eta txalogarri bat: besteetako euskara txapuzero eta narratsaren aldean, txukuntasunera asko hurbiltzen da honetan, berak ikasita edo bestek zuzenduta.

Ñabardura hori utzita sar gaitezen mamian. Misteriozko istorio bat idatzi digu Mariok. Baina izan gaitezen zehatzago: istorioak bat baino gehiago izan daitezke, lotu eta askatzen diren hariak bailiran; eta misterioa bi eratakoa da, idazleak iturritzat erabili dituen bi generoei dagozkieneak: nobela gotikoa eta poliziakoa.

Pasadizoa zera da: senar-emazte bi herriz aldatu eta dorretxe batera doaz bizitzera. Bertan, sartzea galerazi dieten gela bat dago —gogora honek dakartzan erreferentzia mitiko eta literario guztiak—, eta horrez gainera hainbat esames eta misterio ezkutu dabiltza herrian gela eta etxe horretaz, etxekoandreak ezagutu nahi eta ezin dituenak, telefonoz jasotzen dituen dei anonimoekin eta herriko giro arrotzarekin gure emakume hau erabat asaldatu eta artegatuko dutenak. Horraino gotikoa.

Bestalde, senarra bankuko zuzendari eraman dute, herriko diru mugimendu arraroetan araka dezan. Arrantzale herri bati legokiokeen baino dirutza handiagoa dabil eta bankuaren bidez zuritzen ote den. Horrekin batera, kostaldeko herri bateko erlazio sozial zenbait ageri dira, aski ongi isladaturik. Behar duen amodioa etxean asetu ez eta kanpoan bilatzen duen emakumea ere bada. Intrigaren alderdia.

Idazleak —bere “filosofia materialistari” jarraiki edo—, azkenean guztia hari bakarrera dakar, nahiz eta beste zati batzuk —gerraren aipuak, kasu— guztiz “idealista” suertatzen diren, anbiguotasunaren kariaz. Hala ere, egia osoa esatera, istorioa azken finean txepel gertatzen da, ez ur eta ez salda: nobela gotikoak gaurkotu eta euskal sailean txertatu nahia ondo dago, baina honelakoei ohi darien lilura eta giro eldarniagarritik ez du bat ere honek (konparatu Gombrowicz-ekin); eta alde “poliziako”ari dagokionez ez du jakinminik ez sinesgarritasunik lortzen.

Badakigu Mario unibertsitatean dabilela eta oso gogoko duela gogoraraztea, baina iruditu zaigu zenbait narrazio-eredu zertxobait egokitu, aldatu eta bereganatu nahi izan dituela. Garbi dago hori, adibidez, Lukacsek eta, Scott eta abarren nobela historikoetan ohartarazitako neska ilehori / beltzaranaren binomioan, mutilei aplikaturik agertzen bait da hemen. Beraz, bere aldetik esateko ezer berririk ez, teknika azpimarragarririk ez, huts egindako saiotzat jo behar nobela hau.

Hirugarren pertsonan baina andrearen sentimendu eta pentsamenduak agertzen dituela dago idatzirik, eta emakumearekiko ardura hori eskertzekoa izateaz gainera liburuaren onentxoena hortxe legoke: giza sentimendu eta harremanen azalpenean. Hori uste dugu guk behintzat.

Bukatzeko, zerikusi gutxi duen xehetasun bat. Badakizue Mariori espainieraz ere argitaratzen dizkiotela liburuak. Ez zaigu gaizki iruditzen, nahiz beste askok ere aukera hori izatea nahiko genukeen. Liburu honetako zenbait pasartetan —frontoikoan, esate baterako—, “esportaziorako” propio idazten duelako sentsazioa sortu digu, turistei erakusten zaien bezala erakusten duela edo. Gure irudipena ere izan liteke. Edo idazlearen berariazko edo nahi gabeko mekanismoa. Dena den, horixe esan nahi genuen: Onaindiak zioen legez, gure obrak erdarazkoekin batera azaltzeak ardura handiagoz idaztera eraman gaitzake; baina atzerrirako idazten aritzea ez da inondik ere mesedegarri. Ingelesezko idazleek ez dute hori egiten behintzat, eztala Mario?

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak