« Ez sinkronia | Mugarri galduen itsumundua »
Emea / Xabier Amuriza / Elkar, 1985
Emea Iñaki Camino / Argia, 1985-09-08
Asko ta asko gogoratuko zarete Amurizak “Larraun” ezizenpean aspalditxo idatzi zuen “Hil ala bizi” nobelaz, berriki Elkarrek berak argitaratua. Nobela hura baserri eta herri giroan kokatzen zuen egileak, gertaera eta bizikizun lazgarri ugari erakutsi zigun Amurizak harako hartan. Emea deritzan honetan harekiko antza hartu diogu zenbait pasartetan, antza edo, halako harekiko gogorapen batzu ekarri dizkigu.
Nobela, nortasun eta jenio handiko emakume baten bizikizunetan oinarritzen da. Emakume horrek zirkunstantzi jakin batzurengatik kartzela probatu beharra izango du, eta egileak bertako eszenak kiribiltzen ditu. Hauekin batera, Leak, kartzelara eraman duten ekintzak epaitzen dituen juizioaren eszenak tartekatzen dira, Leak bere baserrian bakardade gorrian bere aurreko belaunaldien historiaren narrazioa egiten digu ere; beste zenbait eszena osagarri ere badira.
Ea xuxen aipatzen ditugun nobela honen irakurkerak uzten duen inpresio onaren arrazoiak: herriaren nortasun eta jokamolde kolektiboarekin batera, karakterizazio lortuzko pertsonajea dugu protagonista, moda eta txatxukerietarako gogorik ez duen emakume hau, izakera natural eta ia zakarraren jabe dugu, baserriaren eta errespetoaren legean ongi ikasia, bakardadean bizi nahi duena, herriarekiko harremana halaere estuki gordetzen duena. Oso ederki isladatzen da pertsonaje honetan euskaldun zahar askoren erantzun motzek duten gizabidetasunezko eta ironiazko karga, kanpoko arrazoi merkeari tradizioak emandako esperientziaz zorrotz erantzuteko doaia ere bene benetakoa du pertsonaje honek. Herrikideen erreguei ere muzin egiten dakien emakumea dugu, askogatik taldeko izakirik indartsuena baita. Aipatzekoa da Amurizak dialektikarako duen abildadea, emakume honek besteekin duen dialektikan beti irabazten baitu bestearen argumentuari buelta emanda, hankaz gora uzten du bestearen eritzia. Izan ere, Amuriza dramatizaziorako mutil agertu zaigu nobela honetan, narrazioa bigarren planoan utzirik. Badira noski beste pertsonajeak, hauen artean herriko emakume moxkorra, deklaraziotan griegoen komedia klasikoa oroiterazten diguna: badira eszena zenbait, juizioan emakume honek duena, deskojonorik asko, eta baita bakarka irakurtzen ari denarengan ere, sortzen dutenak.
Herriaren kolektiboaz eta emakumearen nortasunaz gain, bada pixkana argitzen den heriotze batzuren kasua ere.
Nobela hau beste munduko gauza ez bada ere, oso kontutan hartzekoak dira Amurizak dialektikaren ironia eta satirarekin eta emakume horren karakterizazioarekin iritsi duen maila bikaina.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro