« Memoriaren bila | Bazter batetik »
Gezurrak, gezurrak, gezurrak / Iban Zaldua / Erein, 2000
Gezurrak ordainetan Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2000-07-01
Esan, entzun, bizi eta biziarazten ditugun gezurrak txikiak ala handiak ote diren eztabaidatzen hastea, gure sexua —eta ez aingeruena— nolakoa ote den eztabaidatzen hastea bezain nekagarria bilaka daiteke. Gezurrik txikienak ere bihotzik handiena txiki dezakeelako. Eta gezurrik handiena, handiaren handiaz, ohargabean bizi daitekeelako gure ondoan per secula seculorum. Honakoak, Iban Zalduaren liburua ireki, irakurri, itxi, eta gau batez hausnar egiten garuneko urdailean utzi ostean sor daitezkeen pentsamenduak dira. Pentsamendu oso diferenteak sor daitezke ere, noski, baina garuneko urdail bakoitzak heste flora propioa dauka. eta Iban Zaldua landaredia horiek guztiak liseriketa prozesuan abiarazteko prest dagoela dirudi, liburu honetan bildu dituen ipuinen amaiera irekiak kontuan izanda.
Baina goazen hasierara. Gezurrak, mota guztietakoak. Oroimenean gordetako ipuinetan oinarriturikoak sarritan. Gezurretazko irudietan oinarriturikoak gehienetan. Definitu gabeko amaieren iturri guztietan. Hogeita sei gezur. Hogeita sei ipuin. Horixe egia. Guztion egunerokoarekin lotzeko moduko hariak eskaini nahi dituzten kontakizunak, batzuetan korapiloak egin zailak bilakatzen diren arren. Istorio laburrak, ez hain laburrak, luzexkak.
Zenbaitetan hain egunerokoa sentitzen du irakurleak kontakizuna, idazlearen egiazko errealitatea azaltzen dutela suma dezakeela. Besteetan, sinesgaitzak egiten diren egoerak irakurriko ditu, logika handirik gabeko jokaerak azaltzen dituzten pertsonaiekin eta pasadizoekin. Baina hori ere gezurra izan daiteke. Ez da erraza asmatzen, egia esan, une jakin batzuetan.
Pelotari txanboiak hurrengo pilotakadan erabiliko duen amarruari antzematea zaila den era berean, Zalduaren liburu honetan ezin asmatu hurrengo ipuina jokaldi txalogarria ala txapan behera joandakoa izanen den. Baina pilotari txanboiekin sarri askotan gertatzen den bezala, hurrengo pilotakada harrigarriaren esperoan da beti irakurlea, eta zenbaitzutan asmatzen du.
Gorabehera dezente duen narrazio liburua dela Gezurrak, gezurrak, gezurrak hau. Eta lehen aldian gustura hartutako jokaldi batzuk, errepikapenaren poderioz, indargabetuak gertatzen direla liburuak aurrera egin ahala. Gezur kontuak hala dira. Oso tankerako gezurrak hiru aldiz bota dizkizutenean, laugarrenean ez duzu sinetsiko.
Gezur potoloak
Hala ere, badira gezur potolo askoak, ederrak, harrigarriak, ziri gorenen pare hitzez hitz eraikiak. Horrexek eragiten dio irakurleari, esan bezala, gezurrak irakurtzen jarraitzeko gogoa.
Liburu amaierako bi ipuinetan sartu dizkit neuri Zalduak ziririk ederrenak, ipuina harilkatzeko aukeratu dituen moduekin indarturikoak batez ere. Badira beste batzuk merezi dutenak, ez pentsa. Carmiña izenekoa esaterako, gezur izanik ere gure errealitatean hain egiazkoa den min bat azaltzen duena. Beste gezur batzuk, erdi bidean geratu zaizkio idazleari.
Gezurrak ordainetan. Batek irentsiko duen arraina besteak berehala usaituko du. Norberaren gezurti mailaren arabera. Hauxe liburu honi atera dakiokeen irakaspenetako bat. Eta sinesten ez duenak, irakur beza.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi