kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Azalaren kodea / Miren Agur Meabe / Susa, 2000

Nigan bizi dadin Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2000-06-10

Azala da, NIa eta ZUa bereizten dituena; azala, NIa eta ZUa elkartzen dituena; azala, NIari eta ZUari ulertarazten diona; azala, NIa eta ZUa urrunarazten dituena… azala da, mundua ulertzeko kodea.

Miren Agur Meabek, bere azken poesia liburuan, mundua ulertzeko kode ezberdinak sailkatu eta deskodetu ditu, eta, atal ezberdinetan barrena aipatu munduaren miseriak ezagutu dituenean, bere baitangoan duen esku-izkribuaren irakurketa aldarrikatuko du.

Azalaren kodea, lexiko aberats eta egitura zaindu bat baino gehiago da. Idazlea, liburu honetan, bere barrua hustera datorkigu, zalantzak planteatu eta erantzunaren bilaketan zeharo biluztera.

Poesia liburu honek erakusten digun barne mundua barrutik sentitua bai baina kanpotik begiratua da. Meabek, egileak bizitako esperientziak eta espero dituen ametsak, bere baitatik kanpora atereaz azaltzen ditu. Eta benetan desio duena bere barnean dagoela ulertzen duenean, berriro bere baitara bueltatzen da. NIa aldarrikatzera.

Kode bila

Lau atalek osatzen dute liburua: Oharrak, Orbainak, Tatuajeak eta Kontrazeinuak. Lehenengo atalean, egileak liburuan zehar agertuz joango diren zalantza, esperientzia, orbain eta tatuajeen aurkezpena egiten du. Orbainak delako atalean, iraganeko esperientziek, ikusitakoek eta batez ere sentitutakoek beregan izandako eraginaz mintzatuko zaigu: faltsukeria, gezurra, irudikeria eta ZUaren bilaketa, besteak beste. Hirugarren atalean, orainean kokatuko gaitu, etorkizunaren aurreko beldurra eta hitza isiltasunaren aurkako antidotoa bezala iragarriz. Azken atala, ostera, geroa izanen da, itxaropenaren gela, bere buruaren bilaketa eta ezagupena.

Atal guztietan komuna dena, egileak idazketa prozesuarekin duen harreman ia-ia obsesiboa da: lehenengo atalean papereratzen duena apunteak izango dira; bigarrenean, NIa eta hitza parekatuko ditu; hirugarrenean, hitza lasaitasunaren sinonimotzat hartuko du; eta laugarrenean, kode berri baten aldarrikapena egiten digu.

Meabek zalantza asko planteatzen ditu; baita zalantzen gainean bizitako iraganak utzitako orbain edo zauriak agertzen ere. Maisuki janzten ditu bizikizun horiek guztiak azal ezberdinez, maisuki pintatzen ditu kolore distiratsuz, eta maisuki parekatzen animalia zenbaiten jokabideekin… Ikaste prozesu osoa gorputzak duen espresio biderik naturalenean azaltzen du, sexuaren eta gorputz atalen deskribapenaren bidez.

M.A. Meabek, liburu honetan, edukiak dakarzkigu; ez da poesiaren estilistikarekin, musikalitatearekin edo erritmoarekin konformatzen. Esan nahia eta esan beharra dauka, eta bere kanporatze horretan, gogorregia ere suertatzen da, erabiltzen dituen baliabide estilistiko gehienak bere hitz jarioa krudeltzera doazelarik.

Hitzari eta azalari eginiko etengabeko aipamenak ditu babes egileak: hitza, arerio zaizkion munstro, pizti eta mamu guztiak uxatzeko (horregatik ortografia, mezua, off ahotsa, esku-izkribua, eta antzerakoen txertatzea), eta azala, egileak aldarrikatzen dituen gardentasuna, egiatasuna, naturaltasuna, handitasuna eta etorkizunaren irudi delako.

Poesia oso sentsoriala dakarkigu Miren Agurrek: bisuala koloreen erabilera etengabeari dagokionez, poemak argazkiak bailiren irakurtzera gonbidatzen duelarik irakurlea; ukimenari zuzendua, gorputz atalen deskribapen zehatz eta errekurrenteei esker, hainbeste goraipatzen duen gorputza ia-ia ukitzera eta berotasuna sentitzera bultzatzen gaituelarik; eta animalia eta fruituen aipamenak, dastamena eta usaimena pizten dizkio irakurleari, azal ezberdinen arteko hurbiltasun eta urruntasun arazoak salatuz.

Kodearen aurkikuntza

Azalaren kodea oso intimoa da; intimoa eta emakumearen begitik azaldua. Egunerokotasunari egiten dizkion erreferentziak, gorputza erakusteko eta sentitzeko moduak eta amatasunari egiten zaizkion aipamenak, sentsibilitate handiko emakume heldua erakusten dute.

Liburua erraz irakurtzen da, ordea; bizkorregi beharbada. Irakurleak berehala antzematen baitu azkenean mezu igorketa bat egon behar duela, egileak ondorioren batera heldu eta haren berri eman behar diola. Begi zorrotz eta kritikoz bere barne mundua agertuz, aztertuz eta ZUari eskainiz doan liburu hau, bigarrenez irakurtzeko gogoz gelditzen da irakurlea, lehenengo poematik harrapatu eta azken mezuraino nola erakarri duen jakiteko irrikaz. Mezua, ustekabea askotan, lerro artean gordeta kausitzen da, irakurlearen barne kontzientziak bakarrik antzematen duelarik.

Lan biribila, zalantzarik gabe, mamitsua eta sakona. Indar biziko obra.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak