kritiken hemeroteka

8.549 kritika

« | »

Gerezi denbora / Inazio Mujika Iraola / Alberdania, 1999

Amets giroan Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 1999-12-11

Inazio Mujika Iraolak biluzik aurkezten digu bere azken aleberriaren protagonista, Andres, liburuaren lehen lerroetatik. Biluzik, eta lagun arraro samarrekin, narrazioaren lehen urratsetatik zein akzio uholde klasetan murgilduko den ikusita. Apaizgai izana; Bilbon neska-lagun burkidearekin bizi den CNTko partaide euskaldun gazte bat da Andres. Espainiako Gerra Zibila pil-pilean dela, bere iraganeko sotana lagunetako batek eskatuko dion mesedeak hankaz gora jarriko dio bizitza ikusi orduko; anarkistek atxilo hartutako artzapezpiku bati alde egiten lagundu behar dio Andresek, nahiz eta bera ere anarkista izan une horretan; horretarako, Gipuzkoara joan beharko du, Donostian eta beste zenbait zokotan barrena ibiltzera.

Roman da Andresen apaiz xaxatzaile eta abertzalearen izena; Romanek berotuko dio kaskoa apaizgai-ohiari bere ideia politikoen aurka jotzeko eskatzen dion guztietan, seminarioan eskuraturiko erretolika ezin hobeto erabiliz. Gurean ezaguna den elizgizon klase baten traza nabarmena du Romanek, eta Andresi ere gurean ezagunak diren seminariotik pasatako mutilen tankera har dakioke.

Hala ere, artzapezpikuaren askatzea ez da horien bien arteko kontu hutsa izango, eta horrek ere kezkatuko du Andres. Egia esan, Andres kezkatua dabil narrazio osoan. Hasteko, ez daki oso argi zergatik laguntzen dion elizgizon handi-mandi bati. Eta horrelako zalantzak dituen protagonistaren ondoan, burkide oso desberdinak azaltzen dizkigu idazleak. Bada iraultzaren aldeko eta aurkako nor den nonbait oso argi daukan bat. Film baten aurrean bagina, gaiztoen artean gaiztoena litzateke bera. Baita Inazio Mujikaren liburuan ere. Muturreraegi eramandako pertsonaia da agian, planoegia bere gaiztotasunean. Eta plano horien beste aldea irudikatzen duen beste pertsonaia bat ageri da. Erromantikotasunez beteriko anarkista, Frantzian edandako urak etxera ekarri eta zabaldu nahi dituena. Bera da hain zuzen ere Parisko komunazale zaharren Gerezi denbora kantua taldekideei erakutsi diena.

Liburuan ageri diren bi emakume nagusiak ere aipatu behar. Badute biek ezaugarri komunik. Biek dute CNTn helburu politiko eta sentimentalen asetzeko iturria eta, batzuetan, sentimenduekin helburu politikoekin baino zerikusi gehiago duten jarrerak erakusten dituzte.

Gerezi denbora —laburra bezain gozo eta ederra, kantuaren arabera— islatzen dute guztien artean, anarkismoaren lelo erromantikoa gerraren orroa ikaragarrien azpian mututzen ikusi bitartean.

Mujika Iraolaren liburuaren atzealdean bertan idatzia dago Gerezi denbora ez dela gerra liburu bat, amets bat baizik. Eta ametsen bizi-iraupen murritz bezain harrigarriki intentsoa daukala esan behar —ur sakonagoetan murgiltzeko aukeraren kalterako, esango du zenbaitek—. Lehen orrialdetik bertatik, kontakizunaren bizitasunak eta hizkuntzaren naturaltasunak harrapatu egiten du irakurlea, gertakizun eta informazio zehatzen kontaerak arnasa hartzeko beta gutxi uzten baitu. Laburra da liburua, halabeharrez segur aski, istorioa jorratzeko estilo eta erritmoak ez baitu luzapenetarako aukerarik ematen.

Irakurleak ez du datu zerrenda luzerik topatzen liburuan, ez baita nobela historiko bat, nahiz eta liburuaren beraren abiapuntu gertakizun historiko bat izan. Gertakizun hori euskarri hartu eta aipatutako ametsa inprimatu du gainean idazleak: erritmo bizia, une bakan batzuetan erortzear dirudiena baina berriro altxatzea lortzen duena; protagonista nagusi bat, kontalaria, hizkuntza fresko eta aberatsez mintzo dena; pertsonaia laguntzaile prototipiko batzuk, gerraren —eta hedaduraz, gizartearen— aurpegi ezberdinak irudikatuz; istorioaren kontakizun ia erabat lineala; eta umore eta erromantikotasun ukitu ezinbestekoa errealitateari amets kutsua eman ahal izateko, baita amaieran bertan ere. Gustura irakurtzeko moduko liburu bat.

Azken kritikak

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lurrez estali
Ximun Fuchs

Jon Jimenez

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Mikel Asurmendi

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Artxiboa

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

Hedabideak