kritiken hemeroteka

8.689 kritika

« | »

SPrako tranbia / Unai Elorriaga / Elkar, 2001

Lucasen balada Amagoia Iban / Euskaldunon Egunkaria, 2001-07-14

Trenean nentorrela amai nezakeen, baina azken orrialdeak leku lasai batean irakurtzeko utzi ditut. Lasai diodanean, lekukorik gabeko leku bati buruz ari naiz. Liburuak lanetik etxera eta etxetik lanerako tarteetan irakurri ohi dituzuenok ulertuko didazue. Gainontzekoek ere uler dezakezue. Irakurritakoagatik negargura sentitu jendez lepo betetako bagoi batean eta aurpegiko trazari aldatzeke eusten saiatzea ez baita lan erraza. SPrako tranbia-ren azken orrialdeak bakardadean irakurri beharra sentitu dudala. Gehienek ulertuko ahal duzue! Auto-kontrol etengabean hezitakoek bai behintzat? Auskalo! Eta hainbeste komeria, negarrarekin beharrean halako barre txiki batez aldatzeko traza liburuaren azken orriak irakurtzean. Eskertu diot Unai Elorriagari.

Shisha Pangmari begira

Eskerrak Elorriagari, batez ere, negargura eragitea errazena litzatekeelako agian liburu honetan. Eta hunkidura erraza beharrean, beste hunkidura mota bat bilatu du. Xumea ez da hitz erabat egokia, baina ez zait egokiagorik bururatzen. Shisha Pangma (liburuko izenburuan ageri den SP hori) zortzimilakora igotzea amets duen Lucasen kontakizuna hunkigarria baita, baina gertuago dago Narayamaren balada hartan Shoei Imamurak sortu zigun hunkipenetik, mendi espedizio epikoetatik baino. Lucasek laurogeita hamahiru urte dituelako ote da agian? Lucasen arreba Mariak arima altzairu gorria baino gogorragoa eta maitagarriagoa duelako, bestela? Marcos da agian giltza, Mariak eta Lucasek etxean hartzen duten musiko gazte abegikorra. Hiruren artean santutasunetik gutxi duen Hirutasun bat osatu dutelako lortu du liburu honek, seguruago, idazten duen hau zurrupatzea. Marcosen neska-lagun Roma Malo ere —abizendun pertsonaia esanguratsu bakarra—, hor ageri da, baina Romak ez du Hirutasuna kolokan jartzen, ezta gutxiago ere. Gehienez, Hirutasunak eraikitako mundu txiki-handian hartzen du lekua, pixkanaka-pixkanaka.

Eta Shisha Pangma aipatu dizuet, baina tranbiarik ez. Lucasek tranbiak maite baititu. Hainbeste, ezen jadanik desagertuak diren arren oraindik ere tranbian bidaia egin baitezake. Lucasek, esango duzue, burua galdua du. Baina ez. Idatzi egiten baitu. Burua ez galtzeko. Eta buruan denboraren makina dauka, orainalditik lehenaldira eta lehenalditik orainaldira istant batean jauzi egiten uzten diona. Rosa emaztea gazte-gazte ikusten, ukitzen uzten diona, harekin solastatzen. Aspaldi hilik dauden lagun zaharrekin egoten uzten diona. Eta sitsekin hitz egiten du Lucasek. Don Rodrigorekin batez ere. Sitsak kalumnia erraldoi baten biktima sentitzen dituelako. Sitsek ez dutelako arroparik, paperik, egurrik jaten, euren larbek baizik. Horrelakoa da Lucas. Eta Maria ere bai, hein batean. Eta Marcos, zer esanik ez. Roma, berriz, igual-iguala da nonbait. Eroak denak? Irakurleak erabaki behar du. Tranbiara igo eta edonora eraman dezaten utzi, baita Shisha Pangma puntaraino ere hala behar balitz, edo Lucasen balada xumea entzuteko gor sentitu. Denetarik gerta dakioke.

Erre, “pika”, errepika

Erre gabe irakurtzen jarraitu duen irakurlea naizenez, tranbiako “pika” izatea gauza ederra dela gogorarazi dit Elorriagak bere lehen eleberri honetan. Ez da gogorarazi didan gauza bakarra. Sarritan errepikatu dizkit esaldi, atalburu, idazle eta gertakari klabe zenbait. Errepikapenak ez dit, ordea, liseriketa eragotzi garunean. Umore eta pentsamendu kuriosoak erabili ditu idazleak liburu honetako makinariak junturetatik olioa gal ez dezan. Gaztetasuna eta zahartzaroa, errealitatea eta fikzioa, tranbia eta trenbidea, urdina eta grisa… behin, birritan, hiru-irritan azaldu dizkit Elorriagak, Shisha Pangmaraino igotzearena metafora ederra izan daitekeela sentiaraziz. Lucasek tranbia behar du horretarako. Eta txokolatea. Udaberrian, udan, udazkenean zein neguan zenbait tontorrek elurrez estalita jarraitzen duelako beti.

Ez dakit konturatu zareten, baina liburu hau gustatu egin zait. Eta onartzen dut abantailaren bat banuela. Tranbiak, elurra eta txokolatea maite ditut nik ere.

Azken kritikak

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Esker onak
Delphine De Vigan

Maialen Sobrino Lopez

Pedagogismoaren gezurtapen bat
Teresa Maldonado Barahona

Amaia Alvarez Uria

Jai-Alai
Gaizka Arostegi

Jon Agirre

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak