kritiken hemeroteka

8.544 kritika

« | »

Krabelina beltza / Juan Martin Elexpuru / Txalaparta, 1999

Erotismoaren argudioak Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1999-10-02

Juan Martin Elexpuruk bere gain hartu duen lana ez da txikia, bera baita erotismoaren inguruan gure literaturan egun argitaratzen den liburu bildumaren sortzailea eta zuzendaria. Emaitzak kaleratzeko ardura, bestalde, Txalaparta argitaletxeak hartu du. Ondorioz, eta lehenengoz, zorionak eta eskerrak biei ahaleginagatik eta orain arte egindako lanagatik ere. Gure literaturak horrelako ahaleginak behar ditu, hots, genero berriak jorratu eta sakondu, eta gehiago oraindik gure artean arrakasta gehiegirik izan ez duten gaiak badira.

Bilduman oraingoz hiru liburu argitaratu dira. Hau bigarrena izan da, eta beste biekin alderatuz —ipuin bildumak dira biak ala biak—, lehen berezitasuna eleberria izatea da. nigarrena, bildumaren zuzendariak berak idatzi izana.

Elexpuruk, haur eta gazte literatura idazteaz gain, baditu hizkuntza eta irakaskuntzaz taldean eginiko lanak ere. Helduentzako literaturan, ipuin bilduma bat du, Txakur zaunkak atean, eta bi bidaia liburu, Alpeen itzalpean eta Kuba Triste dago.

Oraingo honetan, generoz aldatuz baina bere ohiko estiloari eutsiz, Krabelina beltza eleberri erotikoa idatzi du. Bertan, 175 orrialdeetan zehar, elkar ezagutzen duten mutil eta neska baten arteko harremanaren bilakaeraren berri izango dugu.

Edota agian, “bilakaera” hitza modu orokorrean erabili baino, hobe zehaztu eta beraien arteko “sexu harremanen bilakaera” adierazpena erabiltzea. Bai. Eleberriko istorioan ez baitago garrantzia edota gure arreta pizten duen ezer gehiagorik.

Batzuek esango duzue esku bakarrarekin irakurtzekoa den genero honek ez duela ezer gehiago behar. Baina erotismoaren muina eskuetan baino gehiago adimenean eta irudimenean dago. Eta istorio honetan ez argudioak ez pertsonaiek ez dute jaso behar luketen ardura. Pertsonaiak ez daude batere garatuta eta ez dute orrialdeetan zehar inongo aldaketa edota bilakaerarik.

Alde onak zein txarrak

Proposatzen den argudioa, bestalde —eleberriari izenburua ematen dion beste eleberri baten ikerketaren inguruan—, ez da nahikoa 175 orrialdeko liburua bertan oinarritzeko, eta azkeneko emaitza orokorrak gabezia hauek nabarmentzen ditu.

Elexpuru horren jabe dela uste dugu eta pertsonaia nagusiari lehenengo pertsonan hitz eginarazten dio. Protagonista basati samarra eta zeharo instintiboa sortzen du, zeinak sexua soilik buruan duen. Baina ez da nahikoa.

Hala ere, Elexpururen ahaleginak baditu alderdi baikorrak ere. Hau da, sexuaren inguruko zatiak —eta ez dira gutxi, meritua bikoiztuz— oso ongi garatuta daude. Nahiz eta liburuan erabiltzen dituen moduak eta formak oso ugari eta askotarikoak ez izan, Elexpuruk sentimendu bai fisiko bai emozionalak behar bezala transmititzen asmatzen du, eta momentu horietan esku guztiak soberan daude.

Ondorioz, ahalegina bikaina da, baina, genero honetan beste hizkuntzetan maiz gertatu ohi den bezala —eta batez ere azken urte hauetan—, betiko zama berberarekin jarraitzen du egileak.

Azken kritikak

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga

Mikel Asurmendi

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Asel Luzarraga

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak