« Gizarte kritika | Apirilak 25 »
Anaiaren azken hitzak / Daniel Landart / Elkarlanean, 1999
Bideak eroso urratuz Txus Arrieta / Euskaldunon Egunkaria, 1999-06-12
Daniel Landart baxenafartarra literaturari emana dugu: poesia, ipuinak, antzerkia eta baita eleberria ere landuak ditu. 1978ko Aihen ahula ederra gozatu genuen, eta duela lau urte Batita Handia-rekin murgildu zen eleberrigintzan. Bideak urratuz eta eroso datorkigu Daniel Landarten azken emaria, hain zuzen ere, Anaiaren azken hitzak lanarekin. Eroso diot ezen Nafarroa Behereaz mintzo baita, hau da, Ipar Euskal Herriko barnealdeaz, norbaitek esango lukeen bezala, mintzatu ere, bertakoa baitugu Daniel.
Hurbiletik begiratu du eta hurbilekoaz hitz egin du Daniel Landartek, egoera zail eta erabakigarri batean den Paxkal gaztearenak kontatzen dizkigularik. Hitzak haizeak eramaten dituenekoa, hala ere, ez da zuzen betetzen honako honetan: zentzuz beterikoak izaten dira-eta hilhurren dagoenaren azken hitzak. Paxkalek ez ditu, ordea, anaia Abelek botatako azken hitzak ahaztu: barru-barruan itsatsi zaizkio eta gainera feedback ariketa egiteko aukerarik gabe. Aurrerantzean bere besoetan hildako anaia Abeli ezin izango dio galderarik egin; zalantzetan barrena, bere buruan topatu beharko ditu Paxkalek hain larritu zuten anaiaren azken hitzen erantzunak.
Nafarroa Beherean kokatzen da Paxkalen mundua, eta bizitzaren gakoak diren nahia eta ezina bizi ditu mundu horrek: Emma koinata alargundu berriak loa galarazten dio eta maitasunaren imajinariak behin baino gehiagotan makur joko dio. Bere buruaz ados egon artean ez du atsedenik hartuko, psikoanalistarenera jo behar badu ere.
Eleberriari gorputza ematen dion kokagunea eta ingurua baserri herria da, baina mitifikaziotik at joan da Landart bi zentzutan: nekazaria ez da nekea soilik, ez eta modernotasunetik edan ez dezakeen espezie berezia. Areago, badu bien berri, eta bi mundu horiek bizi ditu: modernitatea eta nekazari bizimodua. Horrek guztiak zalantzak sortuko dizkio Paxkali, batera begiratuz bestea ezin ahaztuta, ohitura eta modernitatearen artean erreflexuak erabiliz. Mendea eta segundua gurutzatzen zaizkio Paxkali ere. Dudarik ez dago, Daniel Landartek bizi duen inguruaren isla errealagoa dela, muturkerietako hanpatzeak alboratuz, mitifikazioetatik aldenduz.
Bestalde, Paxkal, pertsonaia nagusia baliatuko dugu eleberriaren bidea egiteko, egoera batek bestera eramango baitu gure pertsonaia (baita irakurlea ere) eta hein berean hain estu dabilen Paxkal gazteak zirt edo zart egin beharko du (bere geroa, etxaldearen segida, emakumeekiko segurtasun eza…). Hain zuzen ere, horretan asmatu du Daniel Landartek: egoera latzetatik umorez —haserrez, baina— irtetea, beti ere tragikotasunik gabe. Izan ere, trantzeetako egoerak negargarriak bezain barregarriak gerta daitezke. Heriotzak nekea ekarriko die Paxkal eta etxekoei, baina areago ehorzketarenak, nekeago joko baititu egoera gazi eta absurduetako umore beltzez.
Hizkuntzaren aberastasunaz eta jarioaz ezezik herriaren moldeak erabiliz, ekialdeko batuari sustrai sakonak ezarri dizkio Landartek. Bizi eta erabilpen hizkuntzaren hainbeste aldarrikapen egiten den honetan, elkarrizketa eta hausnarketa txikien bidez lan fin eta alegrea ekarri digu. Exotikotik jaso dezake mendebaldeko irakurleak, pragmatikotik ekialdekoak, eta biak ere hiztegia den altxorretik abiatuz.
Mezurik badenentz galdetuz, ordea, eleberriko zenbait erreferentzia izango ahal ditugu kontuan mugaz honaindikook hango molde, bizimodu eta erreferentziekin abegikorrago jokatzen hasteko. Dagoeneko hango gizartearen muineko diren zenbait zertzelada ematen digu Landartek era berean gaur egungo hezur eta muin diren zenbait gizarte fenomeno betikotuz, hala nola Irulegiko Irratia, Nafarroaren eguna, errugbia, Ricard Parise eta beste. Baliteke, halaber, Anaiaren azken hitzak irakurritakoan sei edo zazpi gareneko horretan zerbait argitzea. Bidaiak on dagizula!
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo