« Gizakia eta mundua | Zaharrak zahar,berriak berri »
Metafisika diskurtsoa / G. W. Leibniz (J.M. Mendizabal / Joxe Azurmendi) / Jakin, 1997
Leibniz deskiribiltzen hasi Markos Zapiain / Euskaldunon Egunkaria, 1999-03-13
Eskola liburuetan Leibniz razionalisten zerrendan ageri da beti; Leibniz bera, bestalde, zital samarra bide zen, poliziaren eta ordenaren aldeko sutsu; adibidez, Spinoza ordena horrekin arazoak izaten hasi zenean, Leibnizek ukatu egin zuen hari bisita egin izana, eta onartu beste erremediorik izan ez zuenean, hura hobeki kontrolatzearren egin zuela aldarrikatu zuen: nazkante bat, alde horretatik. Baina baita guztiz maitagarria ere. Maitatu ahal izateko, maiteari alde txoroa antzeman behar zaio: ezin silogismoa gizakiak maitatu. Leibnizen arrazoi itzelak matematika irauli, ordenadoreak asmatu eta Internet igarri zuen. Baina liburu honek biltzen dituen testuak —zein euskaratuak dauzkagun Monadologia eta Entseiu berriak— astiro irakurriz, nabari da arrazoibiderik zorrotzena, muturreraino eroanda, erdi txoratu edo, egiten dena.
Harridura bozkariotsua da Leibnizen irakurketak eragiten duena, txoro alai jainkozko batekin mintzatzeak bezala. Leibnizen esanetan, esate baterako, zorri guztiek, zorri bakoitzak, unibertso osoa barnebiltzen eta adierazten du. Zorri jakin horren nozio zehatza kiribildurik dago geuretzat; baina, Jainkoak egin lezakeen eran, zorriaren nozioa askatu eta deskiribilduz gero, guztia genuke osotoro ezagutuko: zorrian dautza Buda Sakiamuniren jakinduria zein biharko eguraldia, Erromatar Inperioa nahiz Sarriren ihesa; halaber patatak eta izarrak. Hori bai, barnebildurik, tolesturik, kurubilkaturik.
Izpiritu automatak gara
Jainkoak, baina —eta hauxe duzu menturaz filosofiaren historia osoan kontzepturik bitxiena—, mundua kalkulatuz sortzen zuen aldi berean, patata, zorri, gizaki guztion izaera eta gertaera guztiak aintzat hartu eta abian jarri zituen. Elkar ikusten, entzuten, ulertzen, hiltzen badugu —elkar hil ahal izateko, mundu berean egon behar aurretik—, mundua sortukeran Jainkoak gutako bakoitzaren pertzepzio segida berez autista, besteenarekin harmonizatu zuelako da. Baina berez ez dugu harremanik besteekin, munduarekin: izpiritu automatak gara, Jainko onak era posible guztien artean hoberenean harmonizatuak.
Kontzeptu txundigarri hau nahitaezkoa zitzaion Jainko ona bere sisteman integratzeko; Leibnizek berak metafora ezin ederragoa darabil filosofoen ezinegon, bilaketara derrigortua adierazteko: iruditzen zaizu kaira sartu eta azkenik atseden hartu ahalko duzula, sistema biribildu, baina supituki uhin zartako bortitz batek, filosofia eragozpenak, itsaso zabalean galdurik uzten zaitu berriro. Aurrezarritako harmonia naufragiotik Jainkoaren abarora itzultzeko txikot lagungarria duzu. Leibnizen Jainkoa, hala ere, ez da Haren altzoan siesta egiteko modukoa: izan ere, Jainkoaren gogoan mundu posible guztiak daude, borrokan beti, denek nahi baitute hezurmamitu, lapiko izugarritik errealitatera irten. Guztiak dira geure mundua baino okerragoak, guztion artean osatzen dute Jainkoaren gogoa: inork ez du inoiz halako Jainko aldi berean ikaragarri eta onbera irudikatu!
Pentsaera kezkagarri bezain bizkorgarria, Europak azken bostehun urteotan eman duen gizonik garrantzitsuenaren abarora biltzeak indarberritu egiten du; tentuz ibili, ordea, irakurle, geurean Leibniz mozorroturik baitabil azkenaldion. Literato zein internauta inperialistek Borges deritzote.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi