« Katebegi galdua | Isilunen atzean »
Oinez / Xabin Egaña / Arabera, 1998
Artea euskal literaturan Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1998-11-14
Orain astebete inguru izango da egunkari honetan bertan, Santiagon egin zen Galeusca biltzarraren karietara, euskal literaturak eta arte plastikoek ez dutela ia elkarren igurtzirik jaso irakurri genuela. Santiagon hitz egin zuen euskal idazle baten hitzak ziren egunkari honetan bildu zirenak, besterik gabe. Hala ere, salbuespenak bazirela ere esan zuen idazle hark.
Salbuespen eder baten aurrean gaude oraingoan. Oharkabean igaro da Xabin Egaña oñatiarraren Oinez liburua, udan plazaratua. Berezia bezain berria. Egañaren beraren liburua bezala, gure artean oharkabean igarotzen ari den Arabera Gasteizko argitaletxearen laugarren emaitza da gaurkoan hizpide duguna. Eta ez da nolanahikoa.
Liburuko orrialdeek zenbakirik ez badute ere, 150 orrialdetik gorako lana da hau —banaka-banaka kontatu ditugu—. Orrialde bakoitza erabat zainduta dago, irakurlea eta ikuslea berehala ohartzen den moduan. Argitaldari honek ahalegin handia egin du liburua objektu gisa ere erakargarria egiteko, eta asmatu dutela esan daiteke, inork esandakoa ukatzeko beldur handirik gabe. Argitaldari honen liburu guztiak arkatzez sinatzeko lana hartu du egileak, liburu bakoitza artelana balitz bezala, artelan bakoitza sinatzeko ohitura duen margolariaren gisara.
Eskertzekoa da egilearen ahalegina. Egia baita artelana dela Oinez izenburua duten liburu hauetako bakoitza. Poesiak eta irudiek osatzen dute liburua. Gehienbat irudiek. Baina poesiak duen indarra eta liburuaren mapa gisa egiten duen lana ere ez da baztertzekoa. Bidaia-liburua baita Oinez hau. Nafarroako mendietan hasi eta Frantzia eta Suitzakoetan barrena egindako bidaia da Xabin Egañak orrialdeotara dakarkiguna. “Beinza / Vercors / Jura / Lotschental / Jungfraugebiet / Egun eder bat baino ezin da sortu maitasun / kanta batetik”, dio idazleak, margolariak, liburuko lehen orrialdeetako batean. Eta bidaiaren hamaika egun eder, hamaika lekukotasun bildu eta eskaini dizkigu orrialdeotan. Litografiaren bidez, bidean ikusitakoa ekarri digu liburura. Olerkien aldean, asko dira litografiak —horietako beste asko bereziak, gainera. Zuhaitzen enborren gainean orrialdea jarri eta kalkatuz lortutakoak, eta antzekoak—. Olerkiek, ordea, lagundu egiten dute bidearen nondik norakoa eta litografietan ikusten dena girotzen eta ezagutzen.
Olerkigintzaren eta margolaritzaren arteko igurtzi ederra da liburu hau. Berezia, baina behin bidaiari ekin eta gero, irakurleak, bidaiariak, atzera nekez egin dezakeen horietakoa. Ez da honelako askorik gure artean. Badirudi batzuk hasi direla ibiltzen, bidea egiten ari direla dagoeneko, besteok beren bidaien berri ba ote dugun edo zer esango ote diegun kontuan izan gabe. Bidaiari bakartiek bezala, ez diote ohiko bideari ekin. Bide berrien bila ari dira, ibilbide berriak asmatuz, bide eginez. Oinez. Eta idatzi egin digute bidea. Margotu egin digute oroimena. Guk irakurtzeko. Guk ikusteko. Eta ez zaigu damutu. Bidaian barrena ikusi eta ezagututakoak nekez ahazten diren bidaia horietakoa izan baita. Beste ibilaldi baten zain geratzen gara.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi