« Zaharra eta berria | Espioi euskalduna »
Nada de agua en Madrid / Pello Esnal / BBK / Euskaltzaindia, 1998
Irakurketak eta patroiak (I) Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1998-10-03
Euskaltzaindiak eman eta Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioak argitaratutako 1997ko Literatura sariak kaleratu dira. Aurten, eleberri sailean Txomin Agirre saria Pello Esnal Ormaetxea andoaindarrak irabazi du, Nada de agua en Madrid lanarekin. Antzerkian, Toribio Altzaga saria Karlos Linazasoro Izagirrek eskuratu du, Burdindenda obrarekin. Mirari Garcia de Cortazar Agirrezabal, berriz, Felipe Arrese Beitia sariaren irabazlea izan da, Kea urruntzean olerki bildumarekin. Eta Hizkuntza, kultura eta gizartea lanarekin Joxe Manuel Odriozola Lizarribarrek saiakerari dagokion Mikel Zarate saria jaso du.
Lan guztiak interesgarriak dira, esan beharra badago ere, ez dagoela bereziki lan bikainik. Adibidez, Karlos Linazasororen lana txalogarria da, Joxe Manuel Odriozolarena interesgarria eta Mirari Garcia de Cortazarrena nahikoa dezepzionagarria.
Garcia de Cortazarrek orain arte sari asko irabazi ditu eta bere poemategiaren bilakaeran aldaketa asko nabarmentzen dira, gehienak hoberako, baina oraindik maila hobea lortzeko bidea egin behar du. Eta askotan helburuak eta helmugak lortzeko bide motzena eta errazena ez da onena izaten. Garcia de Cortazarrek kalitate handia du bere luman eta bihotzean, baina hobekiago bideratzen ikasi behar du eta hori ez da lan erraza. Itakarako bidean galtzeko beldurrik ez du izan behar.
Hala ere, niri arreta gehien piztu didan lana Pello Esnal Ormaetxearen azken eleberria da, Nada de agua en Madrid izenekoa. Zergatik? Aurrena liburuaren gaztelaniazko izenburuak erakartzen gaitu, eta gero kontatzen duen istorioak.
1977ko udazkenera eramaten gaitu kontakizunak, lau egunetan gertatuko diren ekintzetara. Denetik izango dugu: apaizak, gau-eskola, ETA, guardia zibilak, eta abar. Nahiz eta nire aldetik urte horietan bizitako gertakizunen oroitzapen handirik ez izan, istorio honek urte horietan gertatutako beste kontakizun askorekin harreman handia duela uste dut. Eta ondorioz liburu honek gure historia pixka bat gehiago ezagutzeko balio du.
Baina alde horretatik ere, eleberriak ez du ezer berririk ekartzen. Urte horietan gertatutako beste ekintzen antzera kontatuta dago guztia, patroi bera erabiliz. Narrazioaren estiloa soila eta nahikoa minimalista da, pertsonaietan sakondu gabe, lan hau irakurleari utziz.
Baina irakurleak bigarren irakurketa patxadatsu eta sakonak egiteko, estilo soilaz eta minimalismoaz gain, zerbait gehiago behar du. Arreta eta kuriositatea ez zaizkio soilik izenburuarekin piztu behar, baita edukiarekin ere. Eta Pello Esnalen liburuak hori ez du lortzen.
Hala ere, bigarren irakurketak zeharo pertsonalak diren neurrian nahiago dut azken iritzia irakurlearen eskuetan utzi.
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi