« Ikerketa zabala | Bidaiaren kronika »
Beranduko birigarroa / Nikolas Zendoia / Sendoa, 1998
Berandu baino lehen Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1998-09-05
Egunotan izan dugu Zarauzko Udalak urtero antolatzen duen Basarri Bertsopaper Lehiaketaren irabazlearen izena jakiteko aukera: Nikolas Zendoia. Eta irakurria izan arren oraindik iruzkinik gabe baztertua genuen liburuaz oroitu gara berehala. Izan ere, udaren atarian kaleratu zuen Sendoa argitaletxeak —ahozko euskal literaturan inoiz eskertu ezin izango dugun lana egiten ari da— Beranduko birigarroa, Nikolas Zendoia bertsolariaren lehen liburua. Orduan, ordea, beste liburu batzuk esku artean, orrialde hauetan ez genuen. aukerarik izan Izetarena —baserriaren izenez dugu ezagun herrian Zendoia— hizpide hartzeko. Berandu baino lehen, eta Basarri Bertsopaper Lehiaketaren saria aitzakia hartuta, orain ekingo diogu.
Bertsozaleek jakingo dute ziurrenik Izeta Zarautzen bizi den aiarra dela. Hainbat eta hainbat plazatan kantari aritua da urte luzeetan —oraindik ere ibiltzen da, noski—, eta bertsopaperei dagokienez ere hainbat sari eskuratu ditu. Orain, bere oroitzapenak eta bertso-sailak plazaratu dizkigu lehen aldiz, orrialdea bitarteko hartuta. Auspoa saileko liburu gehienek bezala, egun literaturaz ulertzen dena kontutan izanik, ez da idatzizko euskal literaturan balio handiko liburua. Hala ere, ahozko literaturaren, herri-tradizioaren eta memoriaren, ahozkotasunaren altxor handi hori osatzen duen ale txikia da. Herri tradizioa horrelakoek osatzen dute eta horrelakorik gabe ez dago herri kulturarik. Ederki daki hori Antonio Zabalak eta bere inguruan lanean ari diren bertsozale taldeek. Herri kulturaren hauspoa da ahozkotasuna eta, kasu honetan, kultura horren bitartekari dugu Nikolas Zendoia. Pello Esnalen hitzetan, “liburu horietan ditugu, bertso eta kontakizun bakoitzean, Zarautzen bizi den aiar honen hiru ezaugarri nagusiak: hitzaren dohaia, arte-sena eta sentiberatasuna. Hiru ezaugarri, kultur ondare baten ispilu, eta sakoneko giza balore batzuen adierazpen eta bizigarri. Izango ahal dugu, berandu baino lehen, Nikolasen bigarren liburua dastatzeko aukera”.
Dirudienez, ordea, beste zenbait urte egon beharko dugu ziurrenik Esnalen nahia beteta ikusi nahi badugu, hainbat urtetako lana bildu baitu Izetak liburu honetan. Kontua, ordea, beranduko birigarro hau, berandu baino lehen, iritsi zaigula da. Oroitzapenen eta bertso-sorten artean, hamaika kontu eta gorabehera azaltzen eta hitz neurtuz ematen dizkigu egileak. Serioak dira horietako batzuk, gaiak hala eskatuta; irakurlea irribarrez jarriko dute besteek, gertaeraren halabeharrak eta Izetaren kontaera moduak bultzatuta. Berrehun orrialdetik gorakoa da liburua, baina aise irakurtzen dena, berehalakoan. Irakurri ahala, gainera, herri baten sustraietan, igaroaren taupadetan murgiltzearen lilurak hartzen du irakurlea. Bertsozaleek aurkituko dute non gozatua lan honetan. Zarautz, Aia eta inguruetakoentzat, berriz, ia ezinbesteko irakurgaia da. Ea noiz datorren hurrengoa.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi