« Bizitzaren metafora | Idazkera ariketak »
Maitasun elaberriak irakurtzen zituen agurea / Luis Sepulveda (Ana Santos Elortza) / Txalaparta, 1997
Ipuin luze eta ederra Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1998-02-14
Gu bezala, bat baino gehiago poztuko zen ziurrenik Luis Sepulvedaren liburu ezagunena euskaraz argitaratu dela jakitean. Badirudi, gainera, Sepulveda bera ere gustura gelditu dela euskarazko itzulpenarekin. Izan ere, amona euskalduna zuen txiletar horrek Donostian azaldu zuenez, “hunkidura berezi bat” sentiarazi baitio euskarazko itzulpenak. Donibane-Lohizunen jaio eta, Txilera joan aurretik, Getarian bizi izan zen Sepulvedaren amona eta, badirudi bilobak laster batean izango duela hunkidura berezi bat sentitzeko beste aukera bat, Txalaparta argitaletxeak aurten bertan argitaratuko baitio Patagonia Express liburua euskaraz.
Oraingoz euskaraz irakur dezakegun Sepulvedaren liburu bakarrari buruz, berriz, hunkidura bereziz hitz egingo dugu guk ere. Eleberri laburra baino gehiago, ipuin luzea da Maitasun eleberriak irakurtzen zituen agurea. Egundoko liburua, liluragarria, batzuen iritzirako. Polita, baina ez hainbesterako, besteenerako. Singlea beste zenbaitentzat. Guk, berriz, ederra adjetiboa aukeratu dugu.
Ederra baita Antonio Jose Bolivar-en istorioa. Ekuadorko Amazoniako herrixka urrun batean kokatua, bakarrik bizi den agure baten bizitza eta oihana uztartzen dituen ipuin luzea. Shuar indiarren artean aurkitu zuen agureak lagunartea, eta haiekin ikasi zuen oihana ezagutu eta euren legeak errespetatzen.
Gero, erdi indiar erdi zuri, El Idilio herrixkara itzultzen denean, progresoak hiltzera daraman mundu zoragarriaren gainbeheraren lekuko triste bihurtuko da agurea. Urtean bitan Rubicundo Loachamin dentista ibiltariak ekartzen dizkion maitasun eleberriak irakurtzen ematen ditu egunak, “hauek hain hitz ederrez mintzatzen baitziren maitasunez, ezen batzuetan giza basakeria ahaztarazten baitzioten”.
Progresoak oihanaren erdian zein gutxi balio duen eta ezjakintasuna zuhaitzak moztu ahala zelan hedatzen den erakusten du istorio eder honen bidez Sepulvedak. Oihana, natura eta shuarren ohiturak ezagutzeko arras egokiak diren orrialdeak eskaintzen dizkigu ahalegin horretan eta, azken batean, ipuin luze edota eleberri labur hau, prosaz idatzitako poema zoragarria dela ohartzen da irakurlea. Poesia hutsa baita istorio hau.
Jatorrizko bertsioa, gazteaniazkoa, ez genuen irakurria, eta, beraz, euskaraz irakurri dugu lehen aldiz liburu hau. Ana Santosen itzulpenari, tarteka, antzeman diogu hori. Itzulpena dela, alegia. Baina, gainontzean, ez du zer leporaturik. Esan dugun bezala, liluragarria iruditu baitzaigu liburua. Ana Santos Sepulvedaren liburuak liluratu eta gaztelaniazko testua euskaratzera ausartu zen irakurlea da. Zuzenketak zuzenketa, gero etorri da argitaratzearena. Euskal irakurleak ahalegina eskertuko duelakoan gaude.
Istorio ederren zalea denak ez du aitzakiarik liburu honi ez heltzeko. Erraz irakurtzen da, laburra da eta luzaroan gogoratzen diren horietakoa da. Klasikoa. Eleberri laburra baina oroimen luze eta ederra. Antonio Jose Bolivarren istorioa bezala.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi