kritiken hemeroteka

8.411 kritika

« | »

Koaderno handia / Agota Kristof (Eskarne Mujika) / Alberdania, 1997

Etikaren mugak Jose Jabier Fernandez / Euskaldunon Egunkaria, 1997-10-25

Liburuaren lehendabiziko kapituluetako batean, Koaderno handia honen protagonistak diren anaia bikiek honela idazten dute beren koadernoan: “Sentimenduak adierazten dituzten hitzak lausoak dira oso. Hobe da horrelakoen erabilera saihestea eta gauzak, gizakiak eta norbera deskribatzera mugatzea; hau da, gertaeren azalpen hutsera”.

Bi mutiko hauek zazpi bat urte dituztenean amak amonaren etxera eramaten ditu. Ordura arte ama eta haurrak hiri handian bizi ziren, baina Bigarren Mundu Gerra garaiko giroa dela eta, mutilak amona bizi den hiri txikira bidaltzea erabakitzen du amak, han seguruago egongo direlakoan.

Ordutik aurrera gerra, amona, hiri txikia eta honetako gizartea izango dira haurren bizi giroa. Bertan bi anaiek bizitzaren norabideak, zentzua eta sekretuak asmatuko dituzte. Horrela, mutiko hauek beren ikasketa prozesuari hasiera emango diote. Eta ikusi, entzun, ezagutu, aztertu, ikasi eta egiten duten guztia koaderno handi batean idatziko dute, liburuari izenburua ematen dion koaderno handian.

Ikasketa prozesu hau, ordea, ez da nolanahikoa izango. Bizi duten giroari jarraituz eta beren izaerei jaramon eginez, aurreiritziak eta sentimenduak alde batera utziko dituzte, ohiturazko etikaren mugak hautsiz. Horrek ondorio zehatz eta zuzenak ekarriko ditu anaia bikien jokaeran eta baita beren bizitza koaderno handian islatzeko orduan ere.

Idazkera aldetik, bi mutikoek hirurogeita bi atal laburretan zehar kontatuko digute beren esperientzia, haurren idatz tankeran, xalotasunez, esaldi motzekin, errepikapenak erabiliz, zerrenda luzeak, puntuazio aldrebesa eta sentimenduen ordez zehaztasuna eta objetibotasuna adieraziz.

Baina beren jokaera ere berezia izango da, liluragarria pasarte askotan, baina baita higuingarria ere beste askotan. Etikarik gabeko gizarte batean anaia bikiek beren etika pertsonala eraikiko baitute, aurreiritzi eta sentimendu gabeko etika, zehatza eta objetiboa, gogorra eta krudela.

Orduan sortzen da liburuaren gai eta galdera garrantzitsuena: etika berri baten aurrean nork erabaki dezake zer den zuzena eta zer okerra, zer ongia eta zer gaizkia? Non daude mugak? Nork jartzen ditu? Mutiko hauen etika berriaren sormenean zeinek du errua? Haurrek? Amonak? Gerrateak? Ikasketek? Gizarteak? Gizakiak? Guztiok?

Galdera hauek guztiak planteatzen dituen idazlea Agota Kristof hungariarra da. Hau izan zen haren lehen eleberria. Ondoren, trilogia osatzen duten beste bi lanak argitaratu zituen. Kristof neskatila zelarik Hungariatik ihes egin behar izan zuen eta atzean, oroitzapen eta sentimenduez gain, ahizpa bikia utzi zuen. Ondorioz, liburu honetako xehetasun autobiografikoak ugariak dira.

Idazleek benetan ona den eleberri bat idazteko kontatzen dutena lehenago bizi eta sentitu behar izan dutela askotan irakurri eta entzun izan dut. Honi buruz ez dut aurreiritzirik, baina Agota Kristofen lana irakurri ondoren hau horrela izan daitekeela sinets dezaket. Bestela, ez dut ulertzen nola idatzi daitekeen honelako eleberri zoragarri bat. Osotasuna dauka, perfekzioaren mugan dago: lilura sortzen du, jakinmina eta, batez ere, paradoxikoki, sentimendu ugari eta desberdinak.

Liburua bikaina da bai kontatzen duenagatik eta bai istorioa kontatzeko egileak erabiltzen duen moduagatik. Baita sortu eta pentsarazten dizkigun sentimenduengatik ere. Zer gehiago eska dakioke honelako liburu bati? Zerbait gehiago bai: laster idazle honen beste bi liburuak kaleratzea eta, ahal bada, Eskarne Mujika berak berriro ere hain era maitagarrian itzultzea.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak