kritiken hemeroteka

8.749 kritika

« | »

Maitalea / Marguerite Duras (Mikel Garmendia) / Ibaizabal, 1996

Bizitza apurrak Ibon Iribarren / Euskaldunon Egunkaria, 1996-11-16

Marguerite Durasen nobelarik ospetsuena da hau. Ziurrenik, baita garrantzitsuena ere, bere ibilbide literarioan aldaketa sakona ekarri baitzuen. Maitalea izkiriatuz geroztik, nahikoa autobiografikoa bihurtu zen idazle honen egitea eta “ez dakit ordurarte zertaz idatzi ote nuen” iritsi zen esatera Marguerite Duras.

Ziurrenik, bizitzaren aleak xehetu besterik ez zituen egin, bere oroitzapenen, bere liburu honen kontakizuna indartuz joan zedin. Egia esateko, bati otzen zaio unetik unera atso zahar baten gomuta behar duela nobelak, arpaila, nahasia, okerra ere bai zenbaitetan. Eta ez du axola hala izateak, hobe da. Azken finean, azkar asko antzematen du irakurleak dena hasieratik zegoela erabakita, hamabost urteko Margueritek eta Cholengo gizonak Indotxinako untzian topo egiten dutenean. Ala lehenago izan al zen, beste tokiren batean? Hori ere ez dakigu, ez eta Marguerite gazteak zein atsoak ere, eta berdin dio.

Zorrotza eta sendoa da Marguerite Durasen estiloa, sendoa, merkatari txinatar ahula menderatzen duen neskatxa bezala. Aberats bezain ahula baita maitalea. Marguerite ez bezala. Berak ez du inongo maitaleren beharrik, hamabost urte dituenez ez baitu sekula ez maitasun eta ez sexu desirarik izan. Ez du maitalearen diru beharrik ere, aitarik gabe eta ama erdi erotuta duela ez du dirua zer den ezagutu eta.

Hala ere, maitalearekin diruarengatik dagoela antzeztuko du. Eta amak, aldi berean, bere alaba urdanga baten moduan jokatzen ari izanaz ez dakiela ezertxo ere antzeztuko du, dirua behar duelako. Seme nagusiak xahutzen dio dirua amari, opioa erre eta zeinek daki zer gehiagorako. Gorroto du Margueritek neba nagusia, neba txikiari egundoko astinduak ematen dizkiolako beharbada, amaren seme kuttuna delako beharbada, amak, indartsua delako duelako kuttun beharbada, neba nagusia dela Margueritek aurre ezin egiten dion bakarra beharbada.

Eta indar horri aurkajarriz, behin eta beiriro, maitalearen ahulezia. Bere malkoak, aitak nahiago duenez semea hila neskatxa zuri batekin pozik baino. Eta, beranduago, are malko gehiago, Margueritek bere aitarekin ados dagoela aitortzen dionean. Azkenerako, maitaleari oinaze sakon bat baino ez zaio geratuko amodioaren ordez. Ezin ostera Marguerite gabe min hori dastatu eta egunero barnetegira bila itzuliko zaio, bere gorputzaren guritasunaz gozatzeko, lizunkeria hartaz betiko oroitzeko.

Horregatio, apartekoa da Cholengo gizonaren adorea amorantearen familia afaltzera gonbidatzen duenean. Sabela betetzeko ez bada ez baitiote inolaz jaramonik egiten. Horrela ere, gutxitxo. Amak ez isiltzearren baino ez du hitz egiten eta bi semeek ez dute ahoa irekitzen jaki garestiak irensteko ez ezik. Horrezaz gain, Marguerite berak ere ez dio hitzik zuzentzen sendiarekin dagoenean, bere neba zaharrenarekin halako lehia isil bat baitu. Ezin txinatar zikin bati egoeraren gidari bihur dadin utzi. Eta irain horien guztien aurrean, lanerako edo aitari aurre egiteko aurkitzen ez duen indarra erakusten du merkatal gizon gajoak.

Finean, eduki behar duen amaiera edukiko du guztiak. Idazlea Frantziara itzuliko da eta baita bere familia ere. Neba gaztea, berak hainbeste maite zuen neba, hil egingo da. Eta bere ama, maitatuagatik gorrotatzen utzi ezin zuen ama. Hura ere hil egingo da, bizi izan zen bezala, etsita, sena galduta. Eta neba zaharra hil zen baita ere. Eta maitalea. Istorioa da geratzen den bakarra. Batek daki maitasun istorio bat den Marguerite Durasek dakarkigun hau. Nik baietz esango nuke.

Azken kritikak

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak