kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Zorotariko euskal hiztegia / Joxean Sagastizabal / Alberdania, 1996

Jamaika ikusteko jalo gaituk! Mikel Aldalur / Euskaldunon Egunkaria, 1996-05-11

Hori da Zorotariko euskal hiztegian Joxean Sagastizabalek, Bob Marleyren ahotan jarria, dakarkigun lehen esaldia. Hortik aurrera zerrenda luze eta oparoa da. Euskal hitz jatorrak eta maileguak, gramatikari dagozkion kontzeptuak, milaka sarrera berri, era askotako adibideak, definizioak, sinonimoak, hainbat idazleren aipamenak eta, euskal hitzei dagokienez, azkenazkeneko erabakiak dakarzkigu, Eibarren jaio, Gazteizen lan egin eta Donostian bizi den egile honek. Gasteizko Santiago Ospitaleko Hizkuntzaren Normalkuntzarako teknikari laguntzailea da Sagastizabal —haren ustetan munduan ez da beste bat izango horrelako lanbiderik betetzen duenik— hain zuzen ere. Narradore hau, behin liburuak idazten hasi zen eta mordoska bat egin eta gero —lehen euskarazko nobela erotikoa egin izana leporatzen diote—, Kutsidazu bidea, Ixabel izan zen azken-aurrena. Arrakasta osoa ezagutu duen liburua. Azkena berriz, hiztegi hau da. Liburuak berak dioen bezala, bakoitza bere zorotarikoak bizi du.

Gramatika degeneratiboa eskaintzen digu Sagastizabalek. Hitzaurrea Joxerra Garziak apailatu du eta, bertan, hiztegi honetako hitzak literaturaren mendeku txiki-gozoak direla esaten zaigu. Ederki azaltzen du hitzaurreak hiztegiaren nondik-norakoa eta Garziaren hitzok osatzen dute liburu honen alderdi serioa, edota serioena behintzat. Sagastizabali dagokionez, ederki erakutsi eta frogatu digu lana serio eginda ere, batere serioa ez den emaitza lor daitekeela. Ez al du meritu handiagoa esistitzen ez diren hitzekin eginiko hiztegi batek, esistitzen direnekin eginiko beste batek baino?

Hiztegi hau parrandetako antologia dela esan dezakegu. Azken batean, Txiskola-gizarte honetan korujoak (abesbatza mozkortzioak) sortutako korrok and rollak (tripako haizeen kanporatze zaratatsua oinarritzat duen musika-estiloak) eragindako inkonsziente kolektiboa liburu batean biltzearen ondorioa. Eta barkatuko digu egileak hiztegiaren definizio hau serioegia suertatu bazaigu. Idatzi dugunaren bermea liburuak berak eskainiko badu ere hobekien, adibide gisa hiztegiko zenbait hitz ekarriko ditugu hona. Esaterako, ayertzale (atzo Euskal Herria sutsuki maite zuena), bazerri (zikinkeriaren mende dagoen euskal etxea), ertxantxa (katxondeoan sortutako polizia), flakojono (ez da normala, hogeita bost kilo hilabetean… oso kezkatuta nago), eta perbertso (asmo gaiztoz kantatutako zortzikoa).

Ezohikoa da honetako hiztegia gure liburugintzan eta lehen ahalegin honek ziur beste norbaiti asmo berriak sortu dizkiola. Ez baitut inolako zalantzarik, harritzerainoko salmentak izan eta euskaldunbirria (euskara ikasi duen pertsona penagarria, ganorabakoa, errukarria) den asko eta askok gustuko izango duen hiztegiaren aurrean gaudela. Euskaran trebatuak direnentzat ere, betiko arau serioak alde batera utzi eta trenean, autobusean edo une laburretan tarteka irakurtzeko lan egokia da hau. Edozein orrialdetan zabaldu liburua eta… dinamitauna.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak