kritiken hemeroteka

8.618 kritika

« | »

Betiko loa / Raymond Chandler (Iñaki Ibañez) / Igela, 1995

Philip Marloweren estreinaldia Miel Anjel Elustondo / Euskaldunon Egunkaria, 1995-12-09

James M. Cain-en Karteroak beti deitzen du bi aldiz, Jim Thompson-en 1280 arima eta Raymond Chandlerren Ez adiorik ei dira nobela beltzak eskaini dituen lanik biribilenak. Urteak ere dira hirurak euskaraz irakurtzeko aukera dugunetik, hirurak ere Xabier Olarrak bikain itzulita. Orain, itzultzaile berak Joseba Urteagarekin zuzentzen duen Igela argitaletxeak Raymond Chandler maisuaren Betiko loa eskaini digu, Iñaki Ibañezen itzulpen ederrean. (Eta aurten bertan, obra honen oinarri laburra izan zena irakurri ahal izan dugu —Hiltzailea euripean alegia—, Javi Cillerok euskaraturik). Betiko loa ere gogoan hartu beharreko lana dugu, ez alferrik agertu zen bertan, lehenbizikoz, Philip Marlowe, Chandlerren pertsonaia famatua. Zinemak, gero, are famatuago egin zuen Marlowe, Humphrey Bogart-en interpretazio biribila dela medio.

Betiko loa dugu nobelaren izenburua, Philip Marlowe izendatzea ez baitzen adierazgarri gertatuko. Eta, hala ere, Philip Marloweren nobela da Betiko loa lan beltza. Izan ere, Chandlerren pertsonaia da aldi oro nobelaren haria zuzentzen duena eta liburuaren hasiera-hasieratik hori da nabarmen; alegia, Sternwood jeneral zaharraren deiari erantzunez haren etxera egiten duen lehenengo bisita orduko. Txantajea da, azalean, jeneral erretiratua estutzen duena eta, inondik ere, Marlowek libratu beharko duen korapiloa. Sternwoodenera egin bisitaren ondoren, ordea, pekoz peko izango ditu ikertzaileak lanaren bururaino iraungo duten antagonistak: Vivian eta Carmen, jeneralaren bi alabak.

Betiko loa Sternwoodeko alaben eta Marloweren arteko dema da, maiz kara, txantajeaz landa hainbat lits utziko baitu agerian ikertzaileak eta, hain segur, Sternwoodtarrek isil gordean nahi dituzten egia gordin ugari. Jeneralak —agureturik, ezindurik eta gaixo—, ez du adorerik berak amets lukeen arrastoan alabak sartzeko; hauek, norarik gabe zinbili-zanbulaka beren bizimoduan Marloweren bidean endredatuko dira behin eta birritan. Ondorioz, jeneroak ohiko dituen osagai guztiak katramilatuko dira Sternwood familiaren matazatik tiratuz gero: dirua, emakume errariak, errebolber hotsa, odol usaina… Eta zaborrerian igeri, Marlowe, eszeptizismoa arma, ironia erradaka, bere bidean bakarrik.

Betiko loa irakurriko duenak sinetsiko du, hainbatetan, haria galdu duena. Egiatan, bateko Brody, besteko Geiger, honako Lundgren, harako Agnes… nori zein legehauste egotzi ez du jakingo. Irakurleak usteko du, beharbada, autoreak berariaz darabilena gandutan; usteko du liburua bukatu aitzin puzzle piezak elkarri josi eta argi ikusiko duena. Uste ustela, hala ere. Edizio honen hitzaurrean Nosey Parker-ek dioenez, halako pertsonaia nork hil zuen jakiteko asmoz Chandlerri galdezka joan eta honen erantzuna izan omen zen: “Ez dut ideiarik ere, aizue”. Zernahi modutara, korapilo hori ez da nobelaren zinezko koloreaz —beltzaz, alegia—, gozatzeko aitzakia. Oroz gain, Philip Marloweren inguruan eho kosmologia ilunak du ardura; euripeko giro pisuak du inporta. Irakurlea gogobeteko da, hainbatetan.

Azken kritikak

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Etxeko leihoak unibertsora
Alba Garmendia Castaños

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Joxe Aldasoro

Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia

Aiora Sampedro

Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez

Mikel Asurmendi

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Maialen Sobrino Lopez

Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap

Asier Urkiza

Artxiboa

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

Hedabideak