« Maitasunaren ezizena | Colometa usoa »
Hari hauskorrak / Rikardo Arregi Diaz de Heredia / Erein, 1993
Urrats erromesak Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1995-09-03
Rikardo Arregi Diaz de Herediaren “Hari hauskorrak” (Erein, 1993; 1994ko Kritika Saria) irudimenaren eta errealitatearen artekoak omen dira, zalantzazko pentagramak.
Hirurogeiko hamarkadan euskal poesiaren onerako izen bat agertu zen: Mikel Lasa. Eta euskal poesiaren mesederako izan zela diot, Getariako poeta errariari esker, bizkarretik zama astuna kendu zitzaigulako sentsibilitate berri bat aurkitzean, zuri edo beltz ziren garaietan erdibiderik ere bazela jabetzean. Jantzi estuaren botoiak askatzen ditugunean sumatutako arinduaren antzeko sentsazioa nabaritu genuen bidaiaren beharra iradokitzen zuen poeta modernoaren eskutik. Poeta humanistaren begiradaren kariaz ikasi genuen desira edo errebeldia besarkatzen, euskal izaera ironizatzen, zalantzan bizitzen eta galderak egiten, gizakiaren eldarnioak, oinazeak eta kezka existentzialak hobetoxeago ulertzen saiatzen. Arrotz honekin ikasi genuen beste era batera pentsatzen eta pentsatutakoa adierazten, baina modu sentikor batez, ez zakarrez. Ados ez egoten. Bere katuak eta bere negar malenkoniatsua maite izan genituen. Bere estetika atsegin zitzaigun, Anjel Lertxundik dioenez “erabat moderno izan beharra zegoen-eta”. Horregatik, nahiz eta poema liburu bakarreko egilea izan, poeta gutxik izan dute geroko belaunaldietan Mikel Lasak edukitako itzala. Mikel Lasaren geroztik euskal poesian erromes anitz dabiltza.
Horietako bat Rikardo Arregi dugu. Hasieratik bertatik botako ditu bere iritziak: “Ez da zoriontasuna bilatzen duguna / ezta etsipena ere. Desira, begiratzea soilik / nola hazten diren antzinean landaturiko zuhaitzak” (9 orr.) edo aurrerantzean, ia amaieran: “Ez iraganik, ez gerorik. Oraina zen…” (99 orr.). Ez dira soluzioak bilatzen, baizik eta sentsibilitate bat azaltzen era kupidagabe eta abegikorraz.
Oinaztargi jelatuak imitatuz, aurresentipen hotzikarek eta dardar zirrarezkoek zeharkatzen dute testu poetikoa, zaldi grinatsu baten gisa lauhazkatuz baitoa, sinboloen sekretuak dakizkien zaldun gorati baten modura, denboraren mantu deuseztatzailea gainetik daramala. Horrela, fintasunez esan eta inarrosten duen poesia honetan, sumendia, bihotza, eguzkia, malko gorriak edo marmola bezalako objetuekin topo egingo dugu.
Anitz dira poemategi honetatik gustatzen zaizkidan arloak: errealitatearen eta ametsaren arteko antzaldatze zalantzakorra; sublimazioa eta exotismoa; hizkuntza arrotzekiko jaidura; kode modernoak eta aztarna zibilizatuak; begiraden norabide eta itzulbideak, plano desberdinen enfokeak; Kavafis eta Ricardo Reis; keinuak diren bide nostalgikoak eta galduak; hondamendien osagabetasuna…
Baina poemok, batez ere, poeta bat dakarkidate oroimenera: Auden eta bere gogoeta bat: “Poesia aldaketa da elkarrizketaren zentzurik funtsezkoenean. Poetak idatzitako hitzek irakurlea erreakzionarazi behar dute, bestela poema ez dago bizirik. Propaganda oihartzuna eta ez erreakzioa bilatzen duen bakarrizketa da. Poesiaren eta propagandaren arteko desberdintasunik ez aurkitzeak kaltea ekartzen du”.
Hari hauskor hauen artean eriden ditzakegun izenak, adjetiboak zein aditzak mintzo zaizkigu, Fidias-en eskulturak bezala.
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi