« Anjel Lertxundiren trepetak | Azalaren mintzoa »
Atari ahantziak / Aurelia Arkotxa / Pamiela, 1993
Bluitasuna Amaia Iturbide / Euskaldunon Egunkaria, 1995-05-21
“Atari ahantziak” (Pamiela, 1993) dira Aurelia Arkotxaren azken liburuko olerkiak, oroimenezko sarrera eta bide zidorrak, mundua beste modu batez ikusteko gonbitea.
Jon Kortazarren “Palabra de mujer” deitutako artikuluan puntu anitz ukitzen dira. Leku eta aro desberdinetako adibideak direla medio, emakumeek badutela bere hizkerarik frogatu ondoren, hizkera honen berezitasun zenbait dakarzkigu. Emakumeek erabiltzen duten hizkera gizonena baino aberatsagoa omen da, besteak beste, Steiner-en hitzetan “promesa simulatuak eta erabaki zuhurrak” seinalatzen dituen “futuro optativo” delakoagaitik, kolore errejistroagaitik eta margoa ñabartzerakoan hitz gehiagoren jabe izateagaitik. Batetik, zenbait gizartetan sehaska kantetan ez ezik ahozko literaturan ere tradizioaren igorle izan direlako, eta bestetik, aparteko giroen prestatzaile direlako, emakumeen hizkera propioa, intimoa, pertsonala eta sentibera izateaz gain, utopien kreatzaile ere bada.
Aurelia Arkotxaren atari ahantziotara itzuliz, sentiberatasun emearen angelutik sortutako liburu batekin gaudela ohartuko gara irakurtzen hasi eta berehala. Iragan denboraren aztarna legarretan arrailduak agertuko zaizkigu oroimenean gelditutako orri markatuok, aspaldiko istorioen oihartzun anestesiatuok, bizitzak jipoitutakoen seinale momifikatuok. Izan ere, Aurelia Arkotxak, sufritu dutenen alboan jartzen denean edo trajedia bat argazkitzen eta kontatzen digunean, surrealismozko erliebe minbiziaz azpimarratzen du gaia, elipsien aurresentipenean gakoturik premia larrizko esaldi motzen bidez, baina sentiberatasunaren hatza gainetik pasatuz; sinbolo eta errepikazio obsesiboen bidez, baina laztan emeaz jabaldurik. Ez zaio falta ironia salaketa lerroetan. Bere hitza ozena eta isila da, eta zapalduekiko bere begirada, samurra, une zailetan egoten dakienetakoa. Tracy Chapman.
Poema luzeak laburrekin tartekaturik doaz. Luzeetan gai sakonagoak narratzen diren bitartean, laburretan errimak gidaturik, erritmoz arinagoak dira, argi printzak, paralelismo jolasgarrizko partiturak.
Lore-belarren usainez lagundurik kolore-tonu desberdinak agertuko zaizkigu, eta baita ere, Ipar Euskal Herriko poesiaren ezaugarriak diren sentsaziozko mozkorraldia eta lirika garbia.
Eta poesiaren eskutik pintura. “Hortensien urdiñ ikaragarriak / Kandinsky Giotto Klein Fra Angelico” (65. or.). Magritte. Hokusai. Baina, batez ere, pinturarekin batera paisaia, minaren ordezkari, edo hobeto esanda, balsamo.
Haurrak ekarri egiten dizkigu, haurraren mundu misteriotsua erakusten, eta gizaki txiki hauen irudimena ez ezik jakintza ere poetizatzen.
Ez daukat dudarik, Aurelia Arkotxaren atari ahantziak zein nire gelak eta zelaiak zentzu eta bizitza propioz jantzirik doaz.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez