« Benetako poeta baten lanak | Egidazu barre, mesedez »
Auto-stopeko ipuinak / Pako Aristi / Erein, 1994
Txinparta berezi hori Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1994-05-01
Irakurketa gustuko zeregina dudan arren, ezin dut ukatu zenbait libururen aurrean nagi sentitzen naizela orriak zabaldu eta irakurketari ekin aurretik; nekez gertatuko zait horrelakorik Pako Aristiren batekin. “El Diario Vasco-n” idatzi ohi duen artikulua ere astero-astero irakurri behar izaten dut, alerik galdu gabe. Pakoren liburu berri hau ere esku artean hartu orduko irakurtzeko irrikitan izan naiz, eta irakurtzen hasi naizenean ez dut amaitu arteko onik izan.
Beharbada Pakoren idazlan guztiak irentsi behar horrek badu zerikusirik aspaldidaniko ikaskide, lanbide eta lagun izatearekin, baina ez dut uste hori denik motibo bakarra. Izan ere, Pako Aristiren idazlanik gehientsuenek irakurlea harritu eta ezpainetan irribarrea duela uzteko gaitasun imitaezina baitute, txinparta berezi hori… Izan ere, Pako Aristik beti izan baitu halako freskotasun erakargarri bat, bere izaeran eta bere nortasunean oinarritzen dena: bere ikuspegi beti pertsonal eta beti bitxi eta berezi horretan, bere zintzotasun harrigarrian, bere burua zein ingurukoak nola arimaz hala gorputzez biluzteko duen zaletasun ausart eta osasuntsu horretan.
Urte asko igaro dira hainbeste neke eman zion trilogia hura bukatu zuenetik, eta pensatzekoa zen liburu berri honek eskaintza interesgarria egingo zigula irakurleoi. Halaxe izan da, Pakok ez digu huts egin. “Iraileko ipuin eta poemak” azkarregi ahaztu hartan bezala, kaptsula txiki, samur eta iradokorren bidez erakutsi dizkigu oraingo honetan bere kontalari dohainak. Kasu honetan, 31 pertsonaiak idatzitako beste hainbeste informe eta apunte apokrifo eman dizkigu, horietako bi poema gisakoak.
Ipuingintzan oso zabaldua dagoen joerari jarraikiz, indar adierazkor biziko irudiak izan ditu Pakok bere kontaketa askoren iturburu: usoei ogi apurrak banatu eta haietako bat zamarra azpian gordeta eramaten duen agure parkinsonduna (“Parkinson”); itsu bat sex-shop bat ezagutzera eramaten duen objetorearena (“Arrosa koloreko ahotsa”); elizako organista jotzen ari den bitartean organoaren motorrari olioa ematera sartu eta bertan hilda geratzen den sakristauarena (“Hilean behin, azken igandean”); boltsa batean sartuta ibaian behera botatako katakume jaioberriena (“Katakumeen bidaia”); Zumaiako hondartzara joan eta, maleta hondarretan utzita, uretan gero eta barrenago sartzen den rabinoarena (“Maleta bat hondartzan”)… Beste ipuin askotan, berriz, irakurlea gizarteari edo bizitzari buruzko gogoeta bitxietara bideratzeko, lanbide edo status sozial jakin batek emandako ikuspegiaz baliatu da: neska koxkor bat bortxatzeagatik kartzeleratutako piano irakaslearena (“Papillons noirs”); txapistarena (“Non dira kotxeko giltzak”); basomutil portugaldarrarena (“Amets baten bila”); jubilatuarena (“Oroitzapenik ederrena”); kultur kazetariarena (“Olimpo club”); historiagilearena (“Elischka”)… Beste batzuk ez dira aipatutako bi sail horietan sartzen, baina denek dute Pakoren txinparta berezi hori ematen dien zerbait: mikrondasaren erabilera izugarria (“Ehun gradutako maitasuna”); senargai itsusiaren ateraldi autoironiko bizindarrez betea (“Bai, nahi dut”); samurtasun eta sentiberatasun ederrez, ezagutzaz eta hurbilpenez egindako errealismo soziala (“Sasoi garaiak amets”)…
Hori bai, garai bateko Pako oldarkor eta errebelde haren ordez, Pako orekatu eta helduagoa aurkitu dugu liburu berri honetan. Baina Pakok bizitzari eta gizarteari modu kritiko, zorrotz eta pertsonalean begiratzeko gaitasuna bizi-bizirik gordetzen duela erakutsi digu, eta baita begirada horri jantzi literario egokia ematekoa ere. Hizkuntza ere aurreko liburuetan baino gehiago landu ote duen nago (batzuetan gehiegisko ere aukeran, apur bat zorabiagarri gertatzeraino). Ez dio erregistro berezi eta partikularra eman pertsonaia-kontalari bakoitzari, hori gehiegizkoa izango baitzen, eta, horren ordez —literaturak artifizio den aldetik emandako lizentzia baliatuz—, aipamen, konparazio eta hitz joko ederrez homitutako prosa zaindu eta adierazkorra landu du testu guztietan, historiagileak idatzian bezala txapistaren apokrifoan, kazetariarenean bezala basomutilarenean.
Liburu fresko eta ederra da “Auto-stopeko ipuinak”, aise eta gogoz irakurri ahala kaskoan gure bizitzaren edota gure gizartearen inguruko galdera iradokorrak plantearazten dizkiguna, arin eta irrigarriak batzuk, serio eta mingarriagoak besteak, txinpartadunak guztiak. Ez da planteamendu eskasa literatura ona egiteko.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi