kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Zirkuluaren hutsmina / Iñaki Aldekoa / Visor, 1993

Eztabaidaren zain Juan Luis Zabala / Euskaldunon Egunkaria, 1994-04-03

Ez ditu bi liburu hauetan lan errazak hartu Iñaki Aldekoak. “Zirkuluaren hutsmina” urteetan zehar han eta hemen argitaratutako hainbat artikuluren bilduma da, baina idazle eta literatur kritikari oñatiarrak —liburuaren azpitituluak argitzen duen moduan— “Jatorrizko erromantizismotik euskal poesia modernora” egindako pausoen berri ematen du artikulu horien bidez, ardatz gisa lau poeta nagusiren lanak aztertuz: Jon Mirande, Gabriel Aresti, Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandia.

Bigarren lana, berriz, Visor argitaletxeak Espainiako Kultura Ministerioaren laguntzaz plazaratu duena, Jon Miranderengandik (zaharrena) Iñigo Aranbarrirenganaino (gazteena) iristen den antologia da, tartean beste bederatzi poetarengandik pasatuz: Juan Mari Lekuona, Gabriel Aresti, Mikel Lasa, Xabier Lete, Ibon Sarasola, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Felipe Juaristi eta Joseba Sarrionandia (adinaren arabera sailkatu ditut neuk, liburuan agertzen den ordena beste bat bada ere). Hamaika poeta hauen lanek “jatorrizko erromatizismotik euskal poesia modernora” egindako bidea argitzen dute, hau da, “Zirkuluaren hutsmina” artikulu bilduman erakusten duen berbera. Horregatik, elkarren osagarri gisa irakur daitezke bi liburuok, eta ez da harritzekoa, noski, Visorreko antologiaren sarrerako zenbait pasarte Alberdaniako liburuan aurki daitezkeen zenbait pasarteren gaztelerazko itzulpena edo laburpena baino ez izatea.

Lan baterako zein besterako, poeta batzuk aukeratu behar izan ditu Aldekoak eta, jakina, beste batzuk, ezinbestean, baztertu. Esker txarreko lanak dira hala kritikariarena nola antologoarena, eta Aldekoak aldez aurretik zekien hori, jakinaren gainean ekin zion lanari. “Zirkuluaren hutsmina” lanean ere ausardiaz ematen ditu iritziak. Arestiri buruz ematen duen ikuspegia, esate baterako, gogor eta gordin samarra ere izan daiteke zenbaitentzat. Nahiz eta oñatiarrak bere parnaso partikularrean bilbotarrak leku bat baduela aitortzen duen, ez du parnaso horretan haren obra osoa hartzen: “Nire gustoaren arabera, eta denborarekin hornituz joan naizen parnaso neure-neure horretan aulki bat badauka, ez dago han “Harri eta Herri-rik”; bai, ordea, “Euskal Harria-ko” sonetoz jantzitako hitz apalagorik” (“Zirkuluaren hutsmina”, 100 or.).

Eztabaidagarriak dira, noski, Aldekoaren aukerak eta iritziak, baina aitortu behar zaio gutxien-gutxienez euskal poesia asko eta astiro irakurri duela, irakurritakoa bere erara interpretatzeko lanari gogoz ekin diola, eta gero, azkenik, lan horien emaitzak argitaratzen ere ausartu dela. Ez dira meritu makalak aipatutako guztiak. Eztabaidarako prest daude bi liburuok, eztabaidaren zain.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak