kritiken hemeroteka

8.765 kritika

« | »

Zaar-barri / Jose Antonio Oar-Arteta / Labayru, 1991

Pitxi ederra, apaltasunez estalia Adolfo Arejita / Euskaldunon Egunkaria, 1992-01-18

Irakurri berri nago, oraintsuan argitara den literatura-obra polit bat, Jose Antonio Oar-Arteta abade ajangiztar orain hilda dagoenak idatziriko “Zaar-Barri”, Labayru Ikastegiak eta Bilbao Bizkaia Kutxak “Sutondoan” bilduman atera duten azkenengoetarikoa.

Bizkaieraz gauza ganorazkorik sortzen ez delako sasi-eritzia dutenek hor idoroko dute pitxi eder bat, apaltasunez estalia. Gudu aurreko berpizte giroa, gerratea eta honen osteko ixil eta ilunaroa ezagutu zituen gizona izanik, luzaroko ixilaldia jasan duen idazle hau, gerraurreko elaberritxo bategatik ezagutzen genuen gehien-gehien: “Miren’en senargeya”, 1936-an guduaren atartean Bermeon atera zuen obratxoa. Elizgaiak alde batera uzten badira, agerkarietako lan solteak salbu, ez genion obra aipagarririk ezagutzen, harik eta “Zaar-Barri” plazaratu artean.

Gogotsu irakurri dut bere lana; atsegin eta arina egin zait; eta amaitu dudanean penetan geratu naiz luzeagoa zergatik ez ote zen. Gerra ostean bizkaieraz idatzi dutenen artean gutxiri usaindu diot honen moduko hizkera gozatsu, herri-usaineko eta aberatsa; berez-berekoa eta aldi berean kultoa esango nuke. Oraindik hain gogoan dugun joan berri den Aita Lino Akesoloren edo gure Erkiagaren mailan ipiniko nuke berau. Herri-euskara ondo baten ezagutzeaz ostean, ezagun du euskal autore zaharrak irakurri eta mamurtu dituena, eta Bizkaiko tradizio zaharraren oinatzak nahinon ageri ditu obraren luze-zabalean.

Oar-Artetak “Zaar-Barri-n” erakutsi digun lanari, ostera, bizkaieran lehendik ere ondo sustraiturik dagoen genero eta tradizioaren usaina hartu diot. Ez dira alegiak bereak, Juan Antonio Mogel edo Bizentarenak diren legez, Kirikiño eta Mañariko osaba-lobak etorri zaizkit burura, Paulo Zamarripa eta Felix Bilbaoren “Ipuin barreka”, eta gure Mikel Zarate, jakina, honekin euskararen batasuna zela-eta polemika gogorra izan bazuen ere.

Egileak berak diosku “euskaldunen ipuin eta jazokunak kontetan noatzu, irakurle. Oneitariko batzuk gure arbaso zaarrakandik agoz-ago nigana etorri eta elduak dira. Beste batzuk, barriz, neuk neronek begiz ikusi ta belarriz entzunak”. Izakeraz sutsua eta beroa genuen Oar-Arteta, baina umore handikoa ere bazela erakutsi digu “Zaar-Barri-n”. Eta buru onekoa ere bai: hil aurretxoan eginiko lana da, 76 urte sorbaldan dituela. Baina ze ondo gogoratu aspaldi-aspaldiko jazoera-kontuak ere?

Bizkaitar zein beste lurraldeetako euskaldunek ez diezadatela niri esan bizkaiera jatorra non irakurri ez dutela. Horrelako altxorrak sarri-sarri kaleratuko balira, pozikago geundeke gure hizkuntzaren etorkizunaz. Edozelan ere, irakurtzen poz-atsegina topatu gura duenak badu nora jo, eta pasadizu asko abade eta elizgizonen ingurukoak diren arren, hauen artean ere pikardiarik falta ez denez (gogoratu harako Biocaccio-ren “Decameron”), igarri barik joango zaigu irakurtaldia.

Azken kritikak

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak