kritiken hemeroteka

8.645 kritika

« | »

Egun denak ez dira berdin / Xabier Etxeberria / Elkar, 2001

Ezer ez da betiko Estibalitz Ezkerra / Euskaldunon Egunkaria, 2001-05-26

Harrapatu egin nau Xabier Etxeberriaren Egun denak ez dira berdin liburuak. Zarauzkoak estilo zuzen eta zehatza darabilelako, edo liburuak hainbat konturen gainean egiten duen gogoetagatik, kontua zera da: Tasio Ardanazen zein Miren tabernariaren kezkak oso gertukoak egin zaizkidala. Ikasketak, langabezia, bikotekidea bilatzeko nahia, garai batean hunkitzen gintuzten gauzen inguruan gaur egun axolagabeak garela ohartzea, ohiturak eta erosotasunak bultzaturik lehengo konpromisoak galduz joan garela konturatzea, ustez lagunak genituen horiek ezezagunak zaizkigula jabetzea… Zenbatetan ez ote ditut kezka horiek guztiak koadrilakoen eta ingurukoen ahotik entzun?

27 urte bete

Egun denak ez dira berdin Tasio Ardanazek 27 urte betetzen dituen egunean bertan hasten da. 27 urte, bai, eta Tasioren bizitza ezin zitekeen okerrago joan: langabezian, neska-lagunik ez, eta Gurutze Gorrian soldaduskaren ordezko zerbitzua betetzen dago (kasualitatez Tasio Ardanaz izena zuen, eta Nafarroan epaitu zuten lehen euskal intsumiso harengan inspiratuko ote zen Etxeberria?). Asteburuetan lagunekin egiten dituen parrandek dagoeneko garai batean zuten zentzu eta bizitasun guztia galdu dute, eta anbulantziako irteerak eta postuko giro motela ez zaizkio hobeak iruditzen. Baina Tasio hori guztia baino gogorragoa zaion zerbaitetaz ohartu da: egunero heriotzarekin aurrez aurre topatu arren, gizakia horretara ere ohitu egiten dela. Liburuko beste protagonista tabernari lanetan dabilen neskato bat da, Miren. Mutil batekin txora-txora eginda zebilen, baina gutxien espero zuenean hark adarrak jarri eta behin betiko banandu egin ziren. Eta ezer gertatuko ez balitz bezala jokatzen badu ere, haustura hark zauri sakona eragin zion Mireni.

Tasio eta Miren, Miren eta Tasio, bizitzaren bidegurutzean elkar topatuko duten arima bakarti bi dira. Hasiera batean elkarrekin zerikusirik ez dutela ematen du, baina, istorioak aurrera egin ahala, arratsalde batean Mirenek lan egiten duen tabernan topatzea hain ustekabekoa ez dela konturatuko da irakurlea. Ondorio horretara heldu aurretik, ordea, gertaera ilun bat dela medio detektibe bihurturiko Tasioren urratsei jarraikiz edukiko gaitu Etxeberriak. Istripu bat, mutil-laguna hilik egoteko malko gutxi isuri dituen neska, eraztun bat_ Idazleak trebetasun handiz harilkatu ditu istorioaren nondik norakoak, eta bai azken unea arte intriga izatea lortu ere. Bitxia da egunerokotasunari eusteko pizgarri bat bilatzeko nahiak nola Tasio halako istiluetara eramaten duen. Koaderno eta guzti, gau eta egun igaroko du susmagarriaren atzetik, eta behingoagatik taxuzko zerbait egiten ari den sentsazioa izango du. Baina Etxeberriak amaiera azkarregi bilatu duela iruditzen zait. Istorioaren hainbat elementuk gehiago sakontzeko aukera ematen zutela uste dut (hildakoaren neska-lagunaren eta arraunlariaren artekoak, adibidez; edo Mirenen etengabeko ihesaren gakoak azaldu ostean Tasiorekiko harremanari bide handiagoa eman ziezaiokeen, neskaren tabernatik igarotzen den Marlene Dietrich misteriotsua ere hor dago).

Barne munduaren errealismoa

Dena den, liburu honek badu nabarmentzeko beste zerbait: pertsonaien barne munduaren errealismoa dela medio, Etxeberriak gaur egungo gazte askoren kezkak zehatz islatu ditu. Gainera, beren galtzaile sentsazio horretatik urrun, zarauztarrak Egun denak ez dira berdin-eko pertsonaiak irakurlearentzat maitagarri izatea lortu du. Ez dago zertan Gurutze Gorrian lan egin edo multil-laguna galdu beharrik nobelako Tasiori eta Mireni oldartzen zaizkien galderak geure buruei egiteko. Lehenago edo geroago, denoi iristen zaigu gogoeta sakona egin beharra: orain arte egindakoa aztertu, eta aurrera begira zer lortu nahi den erabaki. Tasiori 27 urterekin, nortasun krisialdi sakon baten atarian dagoenean, zirt edo zart egiteko ordua helduko zaio. Miren, berriz, mutil-laguna galdu izanak bultzatuko du bere bizitzari beste norabide bat bilatzera. Baina egun denak ez direla berdin ikasiko dute biek, eta estutasunik handienean ere gizakiak aurrera egitea lortzen duela.

Azken kritikak

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Mikel Asurmendi

Esker onak
Delphine De Vigan

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Enarak
Bernardo Atxaga

Irati Majuelo

Ez da erraza gizon on bat aurkitzea
Flannery O'Connor

Aritz Galarraga

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Joxe Aldasoro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak