kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Zozoak beleari / Andoni Egaña / Jon Sarasua / Alberdania, 1997

Alanbretik jauzika Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1998-02-28

Aitortu behar dut ezusteko galanta hartu dudala liburua irakurtzean, ezusteko pozgarria dena dela. Andoni Egaña eta Jon Sarasua ez nituelako ezagutzen seguruaski, eta liburua, irakurtzen hasi aurretik, teknikoagoa-edo izango zela uste nuen. Esan nahi dut bertsolaritzaz, bertsogintzaz eta niri hain arrotz egiten zaidan mundu horretaz batik bat izango zelakoan nengoela. Oker, oso oker. Liburu hau oso serioa eta sakona da, poliki-poliki irakurtzekoa, batak zein besteak papereratzen dituzten gogoetak astiro eta atsedenez hartzekoak baitira, atseginak izan daitezen.

Gutunez osatutako liburu honetan errealitateaz hitz egiten da, Euskal Herriko errealitateaz, gure egoeraz hain zuzen, eta bai Jonek eta bai Andonik nork bere iritzia plazaratzen dute dakiten moduan (batzuetan bertsoz eta besteetan hitz-lauz). Ez dira azalkerietan ibili, nork bere barrua hustu du; hala ere ondorioa ez da doinu tragikoko hausnarketa (ohituta gaude horretara ere), baizik eta lagun arteko solas kutsuko zerbait. Hausnarketa horietan, bertsolariaren funtzioaz eta funtsaz aritzen direnekoak interesatu zaizkit biziki, zuzeneko komunikazioarekin baitute zer ikusirik, eta komunikazio-klase hori da komunikaizo guztien giltzarri.

Jolas moduan hasten dira biak idazten, baina gutunak aurrera joan ahalean jolasa baztertu, bihotzak biluztu eta jauzi mortala egiten dute, trapezioaren gainean baleude bezala. (Irudia liburuan dago, bietako batek, Jonek?, Andonik? baitio bertsolaria alanbre gainean dabilela.) Horrela konturatuko gara bertsolaria ez dela zenbait pintatzaile arlotek marraztu duten pertsonaia xelebre, burutsu, etorri oneko, barregarria. Bertsolariak, herri honetako artista askok bezala, ongi pentsatua du zein den eta zein behar duen izan bere tokia gizartearen barruan. Hori ere agerian uzten dute.

Pozgarria gertatu zait liburuaren irakurketa, Jon eta Andoni hobeto ezagutzera iritsi bainaiz. (Hala uste dut, gezurrik esan ez badidate.) Zalantza bat dut, hala ere, gutunak batzuetan ukituegiak ez ote diren izan, landuegiak, argitaratuak izateko pentsatuak balira bezala. Ez dute horregatik ezer galtzen, freskura apur bat ez bada.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak