« Klasiko bat | Zientzia eta fikzioa »
Gandi / Aitor Zuberogoitia / Elkar, 1997
Bizitzak Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1997-10-11
Sail berriari ekin dio Elkar etxeak, biografiak argitaratzeari hain zuzen. Kalean dira bi, dagoeneko, Agirre lehendakaria izan zenari buruzkoa bata; Gandiri buruzkoa, bestea. Biografia bat interesgarria da biografiatua interesgarria den neurrian gehienetan; edo biografia egiten duena halakoxea denean besteetan. Eta biografiatuaren interesgarritasuna neurtzeko makinarik ez dagoenez, ospea, fama eta itzala izan ezean, datu guztiz objetiboak ez direnak, soziologikoak baizik, esan dezageku, gehixeago edo gutxixeago, interesdunak direla bai Agirre lehendakaria, batzuen ustez Euskal Herriak izan duen benetako lehendakari bakarra, baita Gandi bera ere.
Liburuen beste ezaugarria estilo arin, zuzena da. Erraz irakurtzeko liburuak dira, buruhauste frankorik ematen ez dutenak. Lexiko erraza dute, inor galtzeko ez modukoa, ez dago diren hiztegietara jo beharrik batere. Kazetari-lanak dira, Aitor Zuberogoitia kazetariak idatziak, freskoak, azpildurarik gabeak.
Horrelako liburuek beren zerbitzua betetzen dutela esango nuke gainera. Euskaraz ikasten ari den jendeari ez ezik, zenbait pertsonaia publikori buruz zertxobait gehiago jakin duenari ere mesede egin dio era honetako liburuak irakurtzeak. Hasi eta berehala bukatuko ditu balizko irakurleak liburuak, ez diote asperduraren atzaparretan erortzeko betarik emango.
Biografia hauek historikoak dira gehienbat. Biografia egiteko modu asko dago: batzuek morala egiten dute, pertsonaia baten pentsamendua oinarritzat hartuz eta bestelakoak, datu historikoak eta abar bazter bat utziz. Beste zenbaitzuek nahiako dute biografia historikoa. Bai Gandiren nola Agirre lehendakariaren historiak eskaintzen dizkigu egileak, kronologikoki hartuta, jaiotzetik heriotzeraino, eta gertaera garrantzitsuenak azpimarratuz.
Bestalde, bata zein bestea irakurri ondoren, aitortu behar dut bietan hobea zein den esatera ausartzen ez naizela. Biografia egiteko moduan ez dago alderik bata izan edo bestea izan; esan nahi dut, egileak ez duela gogo handiagorik jarri batarenean bestearenean baino. Igoaltsuak dira asmoz, ekitez eta kalitatez. Dena dela, oso zaila da asmatzen, bai Agirre nola Gandi nortasun handiko pertsonaiak izanik, bietan zein erabakiorragoa izan zen. Beti ikasten da zerbait liburuak irakurriz gero. Horixe da nik atera dudan ondorioa.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi