kritiken hemeroteka

8.765 kritika

« | »

Bihotz bi / Ramon Saizarbitoria / Erein, 1966

Bihotzaren gerrak Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1997-03-15

Izenburuaren azpian dauden hitzak egin zaizkit deigarriak. “Gerrako Kronikak”, hain zuzen; izan ere paralelismo nabarmena baitago, antz handia alegia, benetako gerra anker, krudel, zentzurik gabe horren eta beste ohiko, egunerokoaren artean. Gizon-emakumeek elkarrekin daramaten bizitzak askotan baitu gerraren itxura, armistizioarena bainoago. Bi gerra horien kronika, paralelismo zehaztu hori dakar Ramon Saizarbitoriak azken nobela honetan.

Esan dezadan lehen-lehenik, egilearen beste nobelen aldean arras ezberdina dela honako hau. Saizarbitoria kontalari hotza izan da, edo saiatu da behintzat, goiko talaiatik behekoen abenturak (miseriak, ustekabeak, gertaera zorionekoak) kontatzen, arrazionalki eta objetibotasunez. Arrazionalismoa da hain zuzen “Bihotz Bi”ko pertsonaiaren (gizonezkoa bera) ezaugarririk nagusiena. Arrazionalismoak, noski, bere tranpak ditu eta horietako batean eroriko da kontalaria. Den-dena arrazoiaren argira ikusi behar horrek bihurtuko du, nolabait esateko, paranoiko. Entzun dituen istorioak halamoduzkoak direlako edo, emaztearen kontrako gerrari ekingo dio. Hipotesi bat besterik ez da, narratzaileak ez baititu garbi azaltzen zein diren bere arrazoiak, zioak, motibazioak horretarako. Beharbada, ez dagoelako inongo arrazoirik; beharbada, paranoia horixe delako, arrazoirik gabe jokatzearena. Nire suposizioak dira eta esan behar dut zer pentsatua eman didala nobelaren irakurketak. Azken finean, Saizarbitoriak, batzuetan esajeratu samarturik bada ere, gizon-emakumeen mekanismoak deskribatzen baititu, etxeko eremuan topo egiten dutenean gertatzen diren liskar, gaizki ulertuak, bihozgabekeriak. Gainera dezadan nobela hau lehen pertsonan kontatuta dagoela, haseratik bukaeraraino. Pertsonaia lekuko izateaz gain, bere bizitzaren narratzaile bihurtu da.

Gero, fijazioak daude, idazlearenak berarenak direnak gehinenetan eta bere nobeletan lehenago ere agertu izan direnak. Baina nobela honetan balio anekdotikoa gainditzen dute eta pertsonaiaren tipologian barneratuz, bera hobeto ulertzeko lagungarriak dira. Idazkera bera ere da nobela honetan kaotiko samarra, ez-arrazionala esango nuke, jirabira eta buelta asko ematen baititu, hari-matazatik zehar, hasierako kokagunea aurkitu arte. Alaia ere bada, ironikoa eta lirikoa (badakit Saizarbitoria lirikaren kontrako boxeolari dela), baina berdin dio. Liburu sujerentea da, indiferente uzten ez duena.

Azken kritikak

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak