« Ilunetik ilunera | Ezabatuak »
Bekatuaren itzala / Xabier Mendiguren / Elkar, 1995
Apaiz demonioa Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1995-12-30
Ezaugarri bat baino gehiago ditu liburu honek atsegina egiten dutenak. Kontatzen duen istorioa bainoago, istorioa kontatzeko modua aipatuko nuke, estiloa hain zuzen. Apaiz batek adiskide bati, apaiza hau ere, idatzitako gutunen bidez jakingo du irakurleak zer pentsatzen duen, zein diren apaizaren beraren barne-barneko kezkak eta espak, antsiak eta arazoak. Alde horretatik begiratuta, gutun idazketak, bakarrizketaren edo egunerokoaren funtzioa bera betetzen du; alegia, protagonistaren ahotsa islatzearena, protagonistaren ispilu bilakatzearena. Gutunak literatura eredu dira, ezinbestean, eta indar handia ematen diote kontaerari. Ifrentzuan, ordea, apaizaren ahotsa izanik nobelako ahots bakarra, mugatu egiten du nobelaren nondik-norakoa. Ahots batek nekez adieraz dezake nobelak interpretatu nahi duen errealitatearen konplexotasun osoa.
Istorioa ez da, nire irudiz, batere orijinala; edo hobe esanda, istoriaren orijinaltasun ezak behartu du idazlea bere estiloa zehaztera eta fintzera, kontrapisu moduan edo. Nobela honetan kontatzen dena apaiza baten gain-behera da. Bere etxean bi emakumerekin bizi dela, bi porrot bortitz jasan beharko ditu, bi tentaldirekin batera biak: emakumeengandik etorriko zaio lehen tentaldia eta lehen porrota; bere lana bete ezinak ekarriko dio bigarren porrota, eta bigarren tentaldia, mundu honetatik ihes egiteko irritsa. Apaiza gaixotu egingo da, baina sendatzea zaila den gaitz psikiko batez: deabru bihurtuko da, Goethek “Werther”enean esaten zuen modukoa: “geu gara geuretzat deabru, geuk erauzi dugu geure burua paradisutik”.
Bukaera, honenbestez, nobelaren arauek eta nobela honen garapenak eskatzen dutena. Egileak garbi adierazten ez badu ere, apaizak bere buruaz beste egingo ote duen sujeritzen digu. Horrelako amaiera, dena dela, esperokoa da; are gehiago, irakurleak ez du sorpresarik hartuko.
Bestalde, liburu honetan Joxe Azurmendiren hitzaurrea eta hitz atzeak datoz. Luzea da hitzaurrea, gaia agortu nahiko balu bezala. Apaizen eta apaizkumeen arazoek, behar bada, orrialde gehiago beharko lituzkete, beren horretan adieraziak izateko. Lortzen du gaia zentratzea eta gaiaren adarretan ez galtzea. Atzeko hitzei buruz, ez ote duen bere burua zuritu nahi, inork idatzitako liburua aitzakia harturik.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez