« Bizikletaz egindako bidaiaren kronika | Antzerkiaren ilusioa »
Isileko kantak / Patziku Perurena / Pamiela, 1993
Belarria eta begia Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 1993-10-02
“Poesiak isiltasuna aldarrikatzen dik, baina poetok ezin isilduan ari zarete”, irakurri berria dut Juan kruz Igerabideren paperen artean. Ironia puntu horrekin esaten digu isiltasuna gehien aldarrikatzen duena dela gutxien isiltzen dena. Izan ere, nola gainditu poesiaren betiko kontraesan hori, hitza izanik nola lortu isiltasuna? Ez dut uste galdera horrek erantzunik duenik. Poesia hitza izan da betidanik, hitza baino gehiago ere bai sarri askotan: irudia, soinua, musika…Poesiazale askorentzat poesia egiteko itsu izan behar da, aspaldiko Homero haren gisa, hitzak entzun eta haiekin sinfonia bat paratzeko azken finean. Orixeren testu bat datorkit esaten ari naizen honen adibide eta frogagarri: “Ni belarriaren alde mintzatu nintzan, artzaikondo izaki. Nitun argibiderik oberenak ari eman ondoren, au esan nion azkenean :-Belarritik fedea”, fides ex auditu. Zentzu au dugu ernaiena lotan gaudenean; au degu esaneko Zure aginduetan. Ez ote da zentzurik oberena, otoitzerako ere?”. Ideia horrekin, dena dela, jende askotxo ez dago ados. Poesia egiteko, edozein arte mota egiteko bezala, begia behar da, pintatzaile begia. Baina bi jarrera hauek erabat kontrakoak diruditen arren, bat datoz funtsean.
Patziku Perurenak atzeneko liburu honetan biak baitarabiltza, eta zaila egiten zaigu irakurtzerakoan zein jarri zuen lehenagotik, begia ala belarria. Esaterako: “Mendiez haruntz zoko beltzean/ danbaka ari ostotsa,/ Ipar haizeak endregatzen du/ laino zurisken mototsa”. Nire irudipena izango da, baina ia segurtzat joko nuke Patzikuk belarri ernea bezain begi zolia duela, inguruko gauzei erreparatzeko eta haien koloreaz jabetzeko. Kolorea aipatu dudanez esan dezadan, aspaldian irakurri dudan poemarik politena liburu honetantxe dagoela ondo gordeta: “Aurreneko ametsa itsu jaio zela egin/ Eta geroztik koloreak asmatuz bizi da:/ Silabak zuriak dira; beltzak aditzak./ Urdinskak adjetiboak eta berdeak hitzak”.
Liburu hau gustagarriago egin zait, aurrekoa baino. Are gehiago, liburu honetako poesia nahiago dut Patziku Perurenaren artikulu askotako prosa baino. Musika dute poemek, baina ez dira guztiak hitz huts, hitzontzi. Kontzeptuez beterik datoz asko eta asko; pentsa erazten dute, poesiaren ahalmen sinbologikoz horniturik baitaude.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi