« Egitura lineala apurtuz | Umore mingotsa »
Gezurrak, gezurrak, gezurrak / Iban Zaldua / Erein, 2000
Egiazkoak diruditen gezurrak Oier Guillan / Gara, 2001-04-21
Liburuaren izenburuak argi adierazten duen moduan, gezurrak dira narrazio bilduma honen ardatz nagusiak. Irakurlea liburua ireki eta Iban Zalduak atondutako gezur motetan zehar murgilduko da. Haien artean ezaugarri komunak topa daitezke hala ere, ironia tarteko, bere baitan dakarren umore eta sentikortasun mikatzarekin.
Irakurleak barre eginen du ipuinekin, ustekabeak izanen ditu, oroitzapen propioak bertaratzen ahal baitzaizkio liburuan barneratu ahala. Izan ere, irakurleak bereganatzeko gertutasunetik abiatu baita sarri Iban Zaldua narrazio hauetan. Ipuinetako hariek muturreko egoeretan jarriko dituzte protagonistak, zenbaitetan gehiegizkora gerturatuz. Baina, era berean, larritasun puntu bat sor dezakete narrazio hauek, beren abiapuntuek eta protagonisten motibazioek antzekotasun susmagarria izan baitezakete edozein irakurleren egunerokotasunarekin.
Liburuan zehar gezur mota anitzen isla eskainiko zaigu eta egunez egun gezurrarekin bizitzen dugula emanen digute aditzera narrazioek. Gezur ezagunak, sozialki onartutakoak, gezur onirikoak, tamainarik gabeko gezur txikiak, ezkutuko eta ageriko gezurrak… nork bere buruari baimentzen dizkion gezurrak izaten dira sarri gezur handi eta sakonenak.
Bide ezberdinak jorratzen ditu Iban Zalduak aurrez aipatutako gertutasunerako joeran. Euskal Herriko egunerokotasuna da bide horietako bat. Bertan kokatzen dira sarri protagonistak: manifestazioak, sinboloak, ikuspegi politikoei loturiko rol sozialak, bertako girotik egunez egun bizitzeak sor ditzakeen kontraesanak eta kaleko bizitzari loturiko koadro ezagunak.
Oroitzapenen gaurkotasunean topatzen ahal dugu beste bide bat. Oroitzapenak dira, ustezko heldutasunetik abiatuta, haurtzaro eta gaztaroari elkartzen gaituzten loturak. Edozein pertsonaren lehen bidegurutzeetan biziriko esperientziek, orduan hartutako erabakiek, biziki baldintzatzen dute pertsona bere helduaroan. Oroitzapen ederrak izan daitezke zenbaitetan, baina zapore mikatz batez lagunduak datoz ia beti. Egun zer izango zen gutako bakoitzaz, edozein pertsona ustez helduz, bere hastapenetan beste modu batez jokatu izan balu, haurtzaroan bere beldurrei aurre egin izan balie, gogoko zuen pertsona hari hitz bi zuzendu izan balizkio? Are gehiago, nola zuritzen dizkio denboraren poderioz pertsona heldu batek bere buruari egindakoa eta batez ere ez egindakoa? Ipuinotan pertsonaiek sarritan begiratzen dute atzera, beren burua iraganetik gaurkotzen saiatzen dira, gezur berri batean erortzeko.
Edonola ere, istorioak eta haiei estuki loturik datozen sentsazioak dira une oro nagusi, pertsonaien beraien gainetik. Giza harremanak mintzagai dituenean lortzen du Zalduak gezur gorenetako bat: itxaropena, desilusioa, amorrua, bikote bizitza, amets xumeak, arrangura, ingurukoekiko harreman eta gezur gurutzatuen eragina gugan… Gezur txiki baten muinean gauza ugari ezkuta daitezke: idazleen arteko lehia, harremanen gainbehera, geure gezur propioak sinesteko saio etengabean sortzen zaizkigun kontraesanak eta mixeriak… Gezurren baitan murgiltzen dira sarri pertsonaiak gerora hutsik daudela topatzeko, hasieran bezala gelditu edo koherentzia apurtxo bat lortzeko saioa berregiteko. Gorabeherez josiriko pertsonaien bizitzetan gezurrek oreka bitxi bat ematen diote esperientzien segidari, oreka bitxi eta erreala.
Gezurren katalogo berezi honetan literatura, irakurlea eta idazlea bera ezbaian jartzeko tartea ere aurkitzen du autoreak, bere burua gezurren zerrendan kokatuz. Irakurleok, pertsona soilak garen neurrian, erraz kausitzen ahal dugu liburu honetako pertsonaien hainbat sentipenekin identifikatzeko aukera. Agian gure oroitzapenak dira autorearen istorioei zentzua ematen diotenak. Agian ez. Agian dena da gezurra.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro