kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Sisifo maite minez / Laura Mintegi / Txalaparta, 2001

Gaiak aukeraturiko idazlea Imanol Artola / Gara, 2001-04-07

Ez da nolanahikoa hizpide dugun eleberriaren eta idazle honen arteko istorioa. Ohiki, idazleek aukeratzen dute zer idatzi. Oraingo honetan, ordea, eta Mintegik hain ongi ezagutzen duen eta aztertu duen Jacques Lacan psikoanalista handiaren ildotik, lasai esan daiteke subjektua hizkuntzaren menekoa dela. Kasu honetan, gaiak aukeratu du egilea eta honek eleberri hau idatzi beste erremediorik ez du izan. “Gaiak aukeratu ninduen” eta “benetako obsesio izatera heldu zen. Jakin nahi nuen zer gertatzen zaigun maiteminak jotzen gaituenean” bezalako hitzek argi islatzen dute esan berri duguna.

Maiteminari buruzko nobela da hau eta lehen lerrotik nekeza zaio irakurleari orrialdeotatik ihes egitea. Izan ere, liburuaren kontrazalean paraturiko hitzek dioten modura, denok maitemindu gara noizbait eta badakigu maitasunak erotu egiten gaituela. “Ederki daki hori guztia Anek, Mikel ezagutu zuenetik buelta eman baitio bizitzari. Familia utzi, alde egin eta urte batzuen ostean berriz itzuli da etxera. Eta itzuleran kokatu gaitu Laura Mintegik, Aneren ingurukoekin heriotzaren, misterioaren, psikoanalisiaren eta maitasun suharraren bideetan ibilaraziz”.

Eta Aneri gertatutakoa aitzakia hartuta, maiteminaren bideetan ibilarazten dio Mintegik irakurleari, Liburuaren aurkezpenean Joserra Garziak esan omen zuen bezala, gainera, “gure sentimenduak —non hasi eta non bukatzen diren ez dakigunak, liburuko aipu batek dioen moduan— ikertzeko ahalegin bat da eta tesi batean hainbat edo gehiago ikasteko bidea ematen du”. Horrek harrituko du behin eta berriro irakurlea. Izan ere, orrialdeotan barrena bidea egin ahala, ezinezkoa izanen zaio atzera ez begiratzea eta bere bizitzari buruz gogoetarik ez egitea. Ez da nobela honetako protagonistarekin identifikatzen ez den irakurlerik. Ezinezkoa baita bihotzik ez duen irakurlea. Eta, beraz, irakurle guztiek begiratzen dugu halabeharrez atzera. Nobela honek guztioi ematen digu gogoetarako bidea eta, beraz, denok ateratzen ditugu ondorioak. Guztiok ikasten dugu zerbait gehiago isilaraziak ditugun sentimenduei buruz. Dozenaka liburu irakurrita baino gehiago ikasten dugu gure bizitzaz ‘nobela hau irakurrita. Eta, askotan gogorra izan arren, literatura den heinean, nobela bat bezala irakurtzeko aukera ere badugu. Izan ere, nobela da. Nahi duenarentzat, nobela eder bat soilik izan daiteke. Beste askorentzat, ordea, nobela ederra izateaz gain, inoiz ahaztuko ez duten liburu horietakoa izanen da halabeharrez. Gure bihotzetara begiratzeko ispilua baita liburu hau.

Badakigu, ordea, ispiluek ez dutela errukirik. Diren bezala erakusten dituzte gauzak, aurpegiak eta bihotzak. Eta horregatik ikasten da tesi batean hainbat edo gehiago nobela honetan. Liburua idazten hasi zen Laura eta liburua amaitu zuen Laura ez direla Laura bera esan du egileak. Ez da harritzekoa. Idatzaldi bakoitzean itzelezko ahalegin afektiboa egin behar izan duela jakitea ere ez da harritzekoa. Liburu hau irakurtzen hasten den irakurlea eta liburu hau amaitzen duen irakurlea ere ez dira irakurle bera. Eta, beraz, ez da nekeza idazleak pairatu behar izan duena irudikatzea.

Liburu handia da hau. Irakurraldi azkar baterako eta irakurraldi sakon eta luze baterako aukera ematen digu: Hasi eta bukatu egin dezakegu liburua, Mintegiren idazkerak eta hariari eusten dion suspentseak horretarako bide ematen baitigute. Baina, halaber, asteak eman ditzakegu orrialde hauetan aurkitzen dugunari buruz gogoeta egiten eta pentsatu duguna barneratzen.

Laura Mintegi: Kalitatezkoa, sakona eta irakurterraza

Ez da batere erraza kalitatea, sakontasuna eta irakurterraztasuna uztartzea. Asko dira gurean horietakoren bat gainezka duten liburuak. Badira hainbat horietako bi elementu ere badituztenak orrialdeetan barrena. Hirurak batera uztarturik dituen lanak aurkitzea, ordea, nahikoa zaila da. Laura Mintegi, ordea, ildo horretan ari da bidea egiten azken argitalpen, hitzaldi eta artikuluekin. Eta, orain, “Sisifo maite minez” hau da lekuko. Alta, iritsi den lekura iristeko, bide luzea egin behar izan du idazle eta irakasle honek.

Mintegi Lizarran jaio zen 1955ean, baina haurra zelarik utzi zuen sorterria. Euskara, berriz, Bilbon ikasi zuen 17 urte zituela. Unibertsitatean, Historia lizentziatura eta Psikologia doktoretza burutu zituen. Tartean, hainbat aldizkaritan hartu izan du parte eta, sortu eta zuzendu ere izan du bat edo beste. Ezagun batik bat idazgintzan eta irakaskuntzan baldin bada ere, beste zenbait alorretan ere egin du lan. Hala nola, Lankidetzarako Euskal Fondoan, Amaiurko Quetzal Agirian, Herrien Eskubideetarako Ligan, Euskal Idazleen Elkartean, Euskal Pen Klubean eta Euskararen Unibertsoa egitasmo, elkarte eta taldeetan. Azken urteotan, gainera, ehundik gota hitzaldi, mahai-inguru eta kongresutan hartu izan du parte. Betiere zuzen, zorrotz, sakon eta ulerterraz agertu izan da. Euskal idazle duinenetakoa da eta, halaber, nekez aurki daiteke Mintegi bezain apalik.

Azken batean, euskal irakurleak pribilegiatuak gara Laura Mintegi bezalako idazle bat gurean izateagatik. Baste hizkuntzetan oraindik ez dute bere lana ezagutzen, ez behintzat gure maila berean. Eta kultura unibertsalari guretik egin diezaiokegun ekarpen aberatsa da “Sisifo in love” edota “Sisifo enamorado” bihurtzea “Sisifo maita minez” hau. Ez gara damutuko eta urrats asko eginen ditugu aurrera.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak