kritiken hemeroteka

8.736 kritika

« | »

Gauzen presentzia / Pablo Sastre / Elkar, 2007

Txikitik handira Aritz Galarraga / Gara, 2007-08-25

Inoiz irakurri izan dut inon (bai eta neronek nonbait idatzi ere) Pablo Sastreren literatur lanek izan ote duten behar bezalako oihartzunik orain artean. Kritikak ongi hartu ohi duela bai, baina ba ote duen behar bezalako lekurik eskribau errespetatuenen ondoan (azken hau, etxeko uzta). Ez dut uste kontuok idazlea gehiegi arduratuko dutenik, baina esango banu azken urteotan euskal letretako bide oparo eta interesgarrienetako bat osatzen ari dela, ez nintzateke neurriz kanpo hitz egin duenaren sentsazioarekin geratuko: Leuropa (2002), Eguzkipekoak (2003), Elurretan hotsak (2004) edota Enpleguaren arbola (2006) lanek iritzi hori konfirmatzen didate, baita eskuartean daukadan Gauzen presentzia interesgarri honek ere.

Orain artean fikzioaren mugetan ibili den arren (fikzioaren mugekin jolasean ere bai), saiakera batekin datorkigu Pablo Sastre oraingoan. Gauzen presentzia entsegu-lan mardulean, inguratzen gaituzten gailu txiki, eguneroko, sarri oharkabekoei erreparatuz (izan daiteke atea, poltsa, ogia), harreman estu eta ezinbestekoa dugun gauzetatik abiatuta (izan daiteke etxea, ura, mamua), gaur egungo gizarte (hik, Pablo, nola esango huke? Jendarte, akaso?) eta garapen moduaren inguruko hausnarketa konplexurik gabea egin du. Txikitik handirako jauzia beraz, gure arreta bereganatzea nekez lortzen duten ohiko gaietatik, bizitzea egokitu zaigun garaiaren eta sozietatearen gaineko azterketa egiteraino. Modu oso pertsonalean, hori bai, irakurleak berehala igarriko dionez.

Jar dezagun adibide bat: hozkailuaz ari zaigu idazlea. Horra ailegatu baino lehen baina, jatekoak kontserbatzeko metodo ezberdinen gainbegiratu historiko laburra egin du, elur-zuloak, izotz-etxeak, izotz-kutxak, elur-armarioak. “1879.arekin asmatu zen frigorifiko mekanikoa; 20. mendearen bueltan (lehenik baporez, gero elektrizitatez) frigorifiko-izozkailua”. Eta hala, denborarekin, “baitaezpadako” izatera iritsi da hozkailua. Etxe bakoitzean bat (etxeaz ere luzaz jardun genezake, Sastreren harira). Jarraian dator objektuak sortutako gogoeta sorta: “Gauza berriak, printzipioz, ez-beharrak ziren, asmatu ziren arte. Sortu aitzin halako produktua, zelan haren beharrik sumatu? Hedatzen joaten den heinean igartzen hasten da beharra. Guztiarekin, ez baldin bada beharra, zerk du, bada, sorrarazten halako produktua?”. Baita, zergatik ez, hausnarketak lagunduriko ikuspegi kritikoa: “Gauza bat asmatzen denean, asmatu behar zaio bera zertan erabili: behar-izan bat asmatu behar zaio. Berezko beharra, adibidez edatekoa, industria sistemak botilako ura edateko behar bihurtzen du. Lo egiteko beharra, azken modeloko koltxoian lo egiteko behar”.

Modu horretan, gaur egungo aurrerabide eran sinesten ez duen liburua da Gauzen presentzia, gaur egungo teknologia basati eta konplexuaren kulturarekin kritiko den saiakera-lana. Hala ere, ez da inongo mementotan dogmatismo kirasdunetan erori, xume beti, apaltasun harrigarrizko batez jantzia, baina zorrotz eta amore eman gabe iritzietan. Bide batez halaber, liburuak eskaintzen digu nondik gatozen hausnartzeko aukera, inguratzen gaituen honek guztiak esplikazio eta “eboluzio” jakin bat izan baitu, ez baita izan zerutik eroritako grazia jainkozkoa. Etxea aipatu dugu lehen, eta argigarria da bizitoki dugun espazioak azken garaiotan izandako aldaketak eta espazio murrizte progresiboa ezagutzea. Horrek balio beharko bailiguke era berean jakiteko nora joan nahi dugun. Liburu gomendagarria oso Pablo Sastreren azkena.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak