kritiken hemeroteka

8.625 kritika

« | »

Egunak / Iñaki de Juana Chaos / Txalaparta, 2000

Kartzelako kontuak Jokin Urain / Gara, 2001-03-31

Zer idatzi asko, kontu asko, ematen du kartzelak eta gurean badira literatura egiteko horretaz baliatu diren idazleak, nola ez. Literaturak ba ei ditu lizentziak, idazleak ongien deritzon moduan erabiltzekoak. Horregatik izango da gehienetan edo askotan inoren kontuekin edo inoren kontuen bizkar egitea literatura.

Kartzelen eta presoen egoeren berri ongien dakitenak dira —gara— agian horretaz gutxien idazten dutenak, hemengo bizimoduari eta izatearen kontaketari literatura itxura emanez bederen. Beti ez da erraza izaten leku hauetaz jardutea, geure ezinari eta minari zirika aritzea ere baita neurri batean, eta idazteak ez ditu beti konpontzen etxe hauetako gorabeherak. Agian denborarekin galdu egiten da kartzelako gertaerek harritzeko ahalmena: guztia ohizkoa eta “normala” iruditzen zaizu astakeria eta gehiegikeriak egunero ikusten dituzulako eta beharbada horixe da berririk ez dagoela pentsarazten dizuna, kontatzeko gogoa kentzen dizuna. Zertan arito betiko letaniak kontatzen? Horrelako zerbait esaten zuela uste dut Alvaro Reizabalek kartzelan egon zen denboran idatzi zuen liburuan, eta ez dira asko euren lekukotza eta etxe hauen ezagutza idatziz ezartzen duten presoak. Baina batzuetan ezinbestekoa bihurtzen da idazte hori norberaren mamuak uxatzeko modua delako, garrasi egin nahi duzulako nola edo hala, edo negar, edo barre, eta bakan batzuk dira kartzelako bizimodua azaltzen asmatu dutenak, etxe hauen erraiak erakusten saiatu direnak: Gaztelumendi, Sarrionandia… zerrenda luzea egiten ez nuke asmatuko.

Iñakiren “Egunak” liburua da irakurri dudan azkenetako bat; bere eskutitzak izan balira bezala hartu nuen liburua, “ea zer demontre dioen” eginez neurekiko, eta, “egun” baten ondoren bestea hasi eta orrialdez orrialde jarraitu dut amaitu arte. Leihotik ikusten zuen erbiaren kontua, Herreran pikoloek zapartatu zuten usoarena, patinan oilasko hezurrekin xiringak egiten dituen presoa edo presoa jipoitzen duten kartzelariena, trabestia bortxatu nahian atzeman zuten kartzelaria, inguruaren azterketa… Egonezina kutsatu du pasarte batzuetan, animoa hurrengoan, urte hauetan oharkabean igaro zaizkidan gorabehera batzuez jabetzen lagundu dit zenbait gogoetekin… Sinesgaitz antzean irakurriko du beharbada kartzeletan zer gertatzen den ez dakienak, baina etxe hauetan egonaldiren bat egin duen edonor harrapatuko du Iñakiren egunen kontaduriak. Ez da, noski, kontzientzia lasai nahi duen irakurlearen gustuko liburua, baina hemengo berri azaltzeko izan litekeen libururik egokiena bai, bada.

Batzuek euren irudimenean heroi bihurtu dute agian Iñaki eta ondo asko dakigu beste batzuek deabrutu egin dutela, bere nortasuna eta izaera suntsitzeko asmoz; bere eskutitzak eta esanak modurik narratsenean erabiliz besteak beste. Baina berarekin bizi izan garenok ezagutu dugun modukoa agertzen zaigu liburu honetan, bere “egun” on eta txarrekin, bere ahulezia eta zalantzekin, eta bere handitasunekin. Bere jolasgura, ironia, haserreak eta pozak, itxaropenak eta etsialdiak erakusten dizkigu “egun” hauetan. Presoon benetako izaerak eta bizierak zerikusi gutxi izaten baitu sarritan han edo hemen agertzen duten irudiarekin.

Ez dakit literatura ote den kartzelako kontuekin egin behar dena, baina kartzelako kontuak idatzi egin behar direla iruditzen zait, eta dotore kontatuz idazten badira, are hobeto. Bai baitago joera zenbait kontu fribolizatzeko, presoaren kontura barre egiteko, kartzeletako hormen ostean ezkutatzen dena ikusteari uko egiteko.

Ziur naiz Iñakik badituela kontatzeko moduko beste “mila” egun eta idatziz kontatzera animatuko nuke, kontatzen badakielako eta kontatzea delako munstrotzar hauekiko isiltasuna hausteko moda bakanetako bat.

Eskutitzaren ordez, bihoazkio honekin nire goraintziak eta besarkadarik handiena.

Azken kritikak

Silueta
Harkaitz Cano

Iraitz Urkulo

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Mikel Asurmendi

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Zubi bat Drinaren gainean
Ivo Andritx

Aritz Galarraga

Panfleto bat atzenduraren kontra
Pello Salaburu

Mikel Asurmendi

Denboraren zubia
Iñaki Iturain

Aritz Pardina Herrero

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak