« Gernika | Gernika 1937-1987 »
Salbazioko Armada / Abdela Taia (Patxi Zubizarreta) / Alberdania, 2007
Xalotasun ez inozentea Mikel Ayerbe / Berria, 2007-05-27
Titular deigarriekin ezagutarazten diren liburuak gehiago saltzen omen dira. Eta titular oso deigarriak izan ditu Abdela Taiaren L’armée du Salut liburu itzuli berriak. Batetik, Patxi Zubizarretak euskaratu duen Salbazioko Armada eta Gerardo Markuletak gaztelaniara itzuli duen El ejército de salvación batera kaleratu direlako. Bestetik, Aurelia Arkotxaren eta Alberdaniakoen laguntzarekin, Abdela Taia bera egon zelako Donostian egin zen liburuaren aurkezpenean (jarraian, Bartzelonan eta Madrilen ere liburua aurkeztekoak ziren). Gogoratu, egunkari honetan atera zen idazleari eginiko elkarrizketa ere, “Nire heroi propioa naiz” titularra zeramala. Eta azkenik, Salbazioko Armada liburu autobiografikoan idazleak itzulingururik gabe heltzen diolako azkenaldian hain modan dagoen eta hain deigarria den homosexualitatearen gaiari. Titular hau oraindik gehiago puztu daiteke, jakinez gero, Abdela Taia izan dela homosexuala dela aitortu duen lehen idazle marokoarra. Ekintza heroikoa inondik ere, Marokon kartzela zigorra ezartzeko aukera baitago joera sexual hau agerian adierazten duten pertsonei.
Baina, zilegi da titular esanguratsuek soilik sostengatzea liburu baten balio literarioa? Liburua albiste bihurtzeko eta gehiago ezagutarazteko baliagarria dela esan dugu, baina literarioki ere balioa duela babesteko liburuaren irakurketak titular hauek gainditu behar dituela deritzot. Eta kasu honetan, hala gertatzen dela esango nuke. Liburua albiste bihurtu duten titularrik ezagutu ezean ere, liburu interesgarria baita idazle marokoarraren Salbazioko Armada.
Autobiografia nobelatu edo fikzionatuaren teknika erabili du Abdela Taiak liburu hau idazteko. Protagonista Abdela bera da, eta bere idatzien eskutik ezagutuko ditugu, autobiografia guztietan gertatzen den bezala, berak ezagutaraztea nahi izan dituen bere bizitzako zatiak. Sale (Maroko) hiriko haurtzaroan abiatzen da kontakizuna, eta gaztaroan Genevara (Suitza) iristearekin amaitzen. Taiak barrutik kanpora idazten du, familiatik, etxetik eta ekialdetik atzerrira, bakardadera eta mendebaldera egiten duen ibilbidean. Homosexualitatearen gaia ere hortxe dugu hasieratik bukaeraraino, Abdelak bere anaia nagusiarekiko sentitzen duen desira eta maitasunetik Genevako Jean maitalearen desenkontruraino. Eta hori guztia apunte edo oroitzapen soil batzuen errepasoaren bitartez, eguneroko gisa aurkeztuta.
Berezia da Abdelak gordinkeria eta bazterkeria tratatzeko duen modu samurra. Jaioterrian zein Europan, marokoar homosexual gazteak aurrera egiteko dituen zailtasunak xalo kontatzen ditu, baina ez inozenteki. Gainera, atzerrian eta bere herrian arrotz izatearen drama ez du ustiatzen. Zaurietan ez du ozpin gaindosirik botatzen. Eta bestalde, ez dio injustiziak salatzeari uzten. Egungo gizartearen hipokresia agerian utzi nahi du idazleak, mendebaldean nahiz ekialdean.
Ezin baitira albo batera utzi Abdela Taia idazlearen baldintzak eta egoera. Hain deigarriak izan diren titularren atzean dagoenaren balioa ere neurtu egin behar da. Ezin dugu ahaztu liburu hau ez duela boterean dagoen Europako gizon zuri heterosexual batek idatzi. Idazle batek nondik eta nola idazten duen, horrek garrantzi handia du. Hori bai, distantziarekin neurtu beharko lirateke bi parametroak, obrarena eta obra inguratzen duen beste guztiarena, baina bi parametroek baldintzatzen dute liburu baten balioa. Alabaina, parametro bati ala besteari garrantzia gehiegi emanez gero, beste parametroak balioa galduko du. Eta Abdela Taiaren Salbazioko Armada liburuaren kasuan, liburua inguratzen duten titular guztiek irakurketaren osagarri izan behar lukete, esan bezala, liburua bere horretan aski interesgarria delako.
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria
Poesia kaiera
Elizabeth Bishop
Irati Majuelo
Godoten esperoan
Samuel Beckett
Aritz Galarraga
Bazter utzietan
Karlos Linazasoro
Hasier Rekondo
Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo
Paloma Rodriguez-Miñambres
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Mikel Asurmendi
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Maialen Sobrino Lopez
Zerua hemen
Oihana Arana
Asier Urkiza
Café Mokka
Jabier Muguruza
Nagore Fernandez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Iraitz Urkulo
Erbeste
Juan Garzia
Mikel Asurmendi
Erbeste
Juan Garzia
Ibon Egaña
Utopiaren belaunaldia
Pepetela
Paloma Rodriguez-Miñambres
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Maddi Galdos Areta