« Norbere buruaren bila | Thriller historikoa? »
Aulki bat elurretan / Uxue Alberdi / Elkar, 2007
Elurra urtzean Aritz Galarraga / Gara, 2007-05-19
Josu Montero kritikariak zioen, Sergi Pàmies-en azken liburuaren harira, bi familia handi daudela gaur eguneko ipuingintzan: kontakizun errealista, Txekhov eta jarraitzaile iparamerikar ezagunen eskolakoa, eta kontakizun metaforiko edo sinbolikoa, Kafka eta Borgesen jarraitzaileena. Monterok aipatzen zuen, sailkapenaren sinplismoaz kontziente, lehenek “erakutsi” egiten dutela kontatu baino eta alderantziz bigarrenek; lehen multzokoak “irekiak” izan ohi direla, bigarrenak “itxiak” eta azken efektua bilatzen dutenak. Uxue Alberdiren lehen narrazio liburua, Aulki bat elurretan, irakurrita, beste bi kontakizun mota nabarmenduko nituzke: plastikotasuna bilatzen dutenak eta narratiboagoak direnak. Bi izendapen horiek, sailkapen modu hori ez luke akaso literaturaren teoriko batek sinatuko, baina kritika deitzen dioten narrazio hau ulertzeko balioko digute, seguru.
Lehen taldearen adibide bat izan daiteke “Xake mate” ipuina. Hauxe bertako pasarte bat: “Txiki-txikitatik pena pixka bat eman zioten beleek Sveni. Hain iruditzen zitzaizkion beltzak, hain gaizki eginak Suediarako. Errukiagatik bota zion elur bola hura ere, asmatu ez zuen arren. Belea ttantta zuriz busti nahi izan zuen, eta minutu batzuetarako bazen ere, elurra urtu arteko tarte izoztu hartarako bazen ere, belea zipriztin zuriko mika bihurtu”. Ipuin horiek, akzioa huts-hutsa baino, kontakizunaren alde plastikoa nabarmentzen dute, alde formala, irudi eta deskribapen oparoek lagundurik.
Ipuin narratiboagoak direnen artean, bestalde, “Sandra” aukeratu dugu. Aurreko taldekoengandik bereiz, istorioak hartzen du protagonismoa, formari hainbeste erreparatu gabe. Hemen narrazioaren pasarte argigarri bat: “Urteen poderioz andreak amore eman zion sexu osteko isiltasunari. Beno, horri eta beste mila xehetasun txikiri, harremanak, azken batean, amore emate txikiak baitira, maitasun emate handiak baino gehiago. Baina bazkaloste hartako lo-kuluxkan senarra ez zen beti bezala isilik gelditu: hitz bat esan zuen, hitz bakar bat. Munduan dauden beste hitz guztiak baztertu, eta Sandra esan zuen senarrak”.
Egileak berak aitortu du elkarrizketaren batean, liburuko ipuinok bi urteko tartean idatziak direla, eta denbora epe horretan, gaztea izaki, idazle gisa eboluzionatu egin duela. Baliteke Alberdik aipatzen duen “eboluzio” hori izatea liburuan bi ipuin talde egotearen arrazoia, baina ez nuke asmatuko esaten bietarik zein izan zaidan interesgarriago. Usaimen eskaseko sudur honi bigarren taldekoak egin zaizkio kitzikagarrien, irakurketaren plazer soila gainditzen duen jardueratzat baitu literatura, baina gainontzeko ipuinak ere ez dira hankamotzak, ez horixe.
Suedia agertu zaigu lerrootan, “Xake mate” ipuinaz ari ginela. Ez alferrik, Europa iparraldeko herrialde horretan kokatuak baitira bilduma honetako kontakizunak. Hotz imajinatzen dugu Suedia, elurturik. Baina eta imajinatzen dugun elur hori urtzean, zer? Zer, dena estaltzen duen elurra joan eta barrenak agerian geratzen direnean? Bada, gutxi asko, hemengoaren antzera, aitzakia iruditu baitzaigu Suedia, aitzakia paisaia urrun izoztuak, gertuagoko, ezagunago ditugun barne paisaia horietaz hitz egiteko. Aulki bat elurretan liburua irekitzen duen ipuinean, esaterako: “Elur lainoak zebiltzak. Beno, zeudek, zabiltzak baino gehiago, ze badakik elur lainoak ez direla besteak bezain bakarti eta saltarinak. Elur lainoak elkarrekin nahasten dituk eta zeru bat osatzen ditek beraiek bakarrik. Grisa edo zuria, nola begiratzen duan”.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi